Ahoan uhalik gabe, ahultasunari

Olatz Salvadorrek bigarren diskoa aurkeztu du: 'Aho uhal'. Hamabi kantuk osatzen dute, eta Rozalen, La Mare, Ivan Ferreiro eta beste zenbait musikarirekin kolaboratu du

Olatz Salvador musikaria, Aho uhal diskoarekin, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
Ane Eslava.
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Barrura begirako prozesu batean murgildurik zegoela, hitz bat buruan biraka ibili zitzaion Olatz Salvador musikariari (Donostia, 1990): gaztelaniazko rienda. «Gizakiaren ikuspegitik, kontrola hartzearen konnotazioa du hitz horrek, gidaritza hartzearena». Euskarazko baliokidearen bila jo zuenean, ezustea hartu zuen, ordea, aho uhal baita. «Kontrola izatea ez, baizik eta kontrolatua izatea da konnotazioa». Ideiak harrapatu egin zuen Salvador, eta halaxe deitu du bere bigarren bakarkako diskoa: Aho uhal. Hamabi kantuk osatzen dute; Airaka zigiluarekin argitaratu du, eta atzo aurkeztu zuen, Donostian.

Gai zabalak jorratu ditu kantuetan: gogoeta pertsonalak, barne gatazketatik sortutako ideiak. Askatasunari eta askatasunik ezari kantatu die; beldurrei, ausardiari, ausardia faltari. Izenburuan bezala, kontrasteekin jolasean. Abesti bakoitzak badu bere mezua, eta elkarren arteko lotura ere badute.

Mimoz landutako disko bat da. «Bi urteko prozesua izan da; hasieran, bakarrik aritu nintzen, eta, gutxika, jende gehiagorekin», azaldu du Salvadorrek. Lehenik Pablo Novoa ekoizlea batu zen proiektura, eta, ondoren, Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua) eta Mattin Saldias (gitarra). Lantaldea handitzearekin batera, kantuak aberastuz joan ziren. «Bakoitzak era batean ikusten dituelako, eta guztiek egin dituzte ekarpenak, azken hitza nik eduki dudan arren».

Diskoan oinarrituta idatzitako testu batean, Karmele Jaiok adierazi du Salvadorrek zaurgarritasunaren indarra eta edertasuna islatu dituela kantuetan: «Zuzenean lotzen gaitu gure ahuldade eta hutsuneekin, eta bat-batean gogorarazten digu horiek ere badirela gure bizitzaren parte, bagarela ez garena ere, falta zaiguna, desiratzen duguna». Gogoetarekin bat dator musikaria: «Abestiek hori dute ezaugarri komuna: islatzen dute indartsu plantak egitea nekagarria dela, eta humano eta zintzoagoa izango dela agertzea benetan garen bezala, gure ahulguneak onartuta, indartzeko era bat izan daitekeelako horiek onartu, gure baitan integratu eta horietatik onena ateratzea».

Musikariz inguratuta

Lanean, zenbait musikarirekin kolaboratu du. Maria Rozalenek harekin batera abestu ditu, euskaraz, Alaia Martinek idatzitako Ahots hari kantuko letrak, eta Salvadorrentzat hori da kanturik berezienetako bat. Gelditu hor kantuan, Idoia Asurmendirekin batera aritu da, eta kasu horretan ere, hitzak bertsolari batek sortu ditu: Ane Labakak. Mareak abestian, bestetik, La Marek kolaboratu du; eta, azkenik, diskoaren bonus track-ean, Ivan Ferreirok. Azken hori da Salvadorrena ez den kantu bakarra: musikari galiziarraren Promesas que no valen nada abestiaren bertsio bat da.

Harekin parte hartu duten musikariena ez ezik, beste artista baten ahotsa ere entzuten da kantuetako batean: Gata Cattanarena. Salvadorrek 2017an zendutako rap kantari eta poetaren olerki bat euskaratu eta musikatu du, Eskuekin (Con las manos, jatorrizkoan). Kantuan, haren ahotsa eta Cattanarena tartekatzen dira, eta, hala, harekin nolabait kolaboratu duela sentitzen du.

Hiru urte igaro dira Salvadorrek bakarkako estreinako diskoa argitaratu zuenetik: Zintzilik, Airakarekin hori ere. Orain, beste kide batzuekin lan egiten du, eta hori izan da «saltorik handiena» harentzat. «Ekoizle batekin lan egitea bada aurrerapauso bat, eta kolaboratzaileena ere bada beste apustu bat». Apustua eta eskainitako denbora, beraz, handiagoak izan dira disko honetan, baina musikariarentzat horrek ez du esan nahi bestea baino hobea denik: «Bakoitza bizitzako momentu baten isla da. Ni saiatu naiz ahalik eta fidelena izaten, eta oso jende profesionalarekin lan egiteko aukera izan dut».

Egoerak sortzen duen ezjakintasunak zuhur izatera behartzen du, eta, oraingoz, ezin du poztasun handirik adierazi lana jendaurrean aurkeztu ahal izateagatik, baina hainbat kontzertu programatuak ditu. Bihar izango da lehenengoa, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean (Gipuzkoa). Datorren astean, Gasteizen eta Ondarroan (Bizkaia) aurkeztuko du; eta otsailean, Bergaran (Gipuzkoa), Donostian, Zarautzen (Gipuzkoa), Barakaldon (Bizkaia), Amurrion (Araba), Elorrion (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.