Ia 400 artelan gehiago Bilbon

Arte Ederren museoak beste 399 obra bereganatu ditu dohaintzei eta erosketei esker. Haien artean, Euskal Herriko artisten obrak daude, baita Gustave Doreren margolan bat ere. 85 jada ikus daitezke

Gustave Doreren Eskaleak margolana da museoak iaz erosi zituen artelanetatik zaharrena. Ilustrazioengatik da ezaguna bereziki artista frantziarra. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Pandemiak gehien zigortutako sektoreetako baten parte da Bilboko Arte Ederren museoa, baina, halere, albiste positiborik izan du azken hilabeteetan. Izan ere, Javier Novo Kontserbazioaren eta Ikerketaren koordinatzaileak adierazi duenez, ondareari dagokionez urte «aparta» izan zen 2020a museoarentzat. Guztira, 399 lan gehitu ziren bildumara: haietatik 294 dohaintzak izan ziren, eta gainontzeko 105ak erosi egin zituzten, horietako asko Museoaren Lagunen ekarpenei esker, Novok eskertu duenez. Lanek jorratzen dituzten generoei eta diziplinei dagokienez, «aniztasuna» dagoela azpimarratu du koordinatzaileak, eta pieza horien euskarri askotarikoak aletu ditu: «Pinturak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, arte soinuduna, grabatuak, paper gainean egindako obrak...». Eskuratutakoetatik 85 bisitatu daitezke jada.

Museoak bereganatutako ehunka sorkariren artean, ordea, bat nabarmendu dute bereziki: Gustave Doreren Eskaleak obra. Ilustratzaile gisa da ezaguna artista frantsesa, hark egindako 10.000 bat irudietako askok biribiltzen baitituzte XIX. mendean argitaratu ziren literatur klasikoen edizio andana, besteak beste. Alabaina, margolari, eskultore eta are musikari ere jardun zuen Dorek, Jose Luis Merino Gorospe Antzinako Artearen kontserbatzaileak azaldu duenez. «Pintore gisa ez zen hain ezaguna izan, baina 150 margolan inguru egin zituen».

Artista frantsesari «kronikari sozial nabarmena» iritzi dio Merino Gorospek, eta horren adibide da museoak lortutako koadroa: Espainiara eginiko bidaia bati esker sortu zuen, eta Andaluziako familia txiro bat irudikatzen du. «Aretoan presentzia izugarria du. Kolore neurtuak ditu, eta bere grabatuen teknikarekin kontrastatzen du». Gainera, bikoitza da koadroak museoari egiten dion ekarpena, kontserbatzaileak azpimarratu duenez: «Obra hau gehitzea oso garrantzitsua izan da, XIX. mendeko pintura errealistaren adibideak urriak baitziren museoan».

Doreren margolana, eskuratu dutenetatik «garrantzitsuenetakoa» izateaz gain, zaharrena ere badela nabarmendu du Merino Gorospek. Izan ere, obra berrietatik asko arte garaikidea eskuratzeko programatik heldu zaizkie, eta, hortaz, Miriam Alzuri Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzaileak azpimarratu du «aurten bildumaren alde garaikidea asko indartu» dutela. Horien artean, ez dira gutxi Euskal Herriko artistek ondutako lanak. Juan Carlos Egillor, Vicente Ameztoi, Ana Laura Alaez, Itziar Okariz, Ibon Aranbarri eta Josu Bilbao dira Arte Ederren museoko bilduma elikatu dutenetako batzuk.

Belaunaldikideak

1992an, Arte Ederren fakultatean ikasketak bukatu eta gutxira, Itziar Okariz artistak ilea moztu, soildutako larruan munduaren mapa margotu, eta argazkiak ateratzeko eskatu zion Sergio Prego artistari. Irudi horiekin Variation sur la mème t'aime bilduma osatu zuen, eta lagin bat eskuratu du museoak. Obra goiztiarra izanagatik ere, Okarizek ordurako «gorputza erabili zuen adierazpen artistikorako eta kritika sozialerako tresna gisa», Alzurik nabarmendu duenez. «Genero identitatea eta feminitatea nola eraikitzen diren jorratzen du. Ile luzearekin lotutako feminitatearen ideiarekin hausten du, eta bere gorputzeko elementurik maskulinoenak indartzen ditu».

Artistaren gorputzak ardazten ditu lan fotografikoak ez ezik, baita filmatutako obrak ere. Museoak bereganatutako beste bi obretan agerikoa da hori: Eraikinak igo lanean, Abandoko (Bilbo) tren geltokiko eraikina igotzen grabatu zuen bere burua, lau ikuspuntu ezberdinetatik aldi berean. «Hirian ibiltzen garen moduari buruzko hausnarketa da», azaldu du Alzurik. Estatuak lanean, berriz, solasean ageri da Jorge Oteizak egindako Itziar Carreñoren bustoarekin.

Belaunaldi bereko Ana Laura Alaezek ere bideora jo zuen Butterflies lana ontzeko: abesten ari da, baina ia ez zaio entzuten. «Ez zion garrantzirik eman piezari [Azkuna zentroko] atzera begirakoa prestatzen hasi zen arte», azaldu du Alzurik —maiatzetik aurrera egongo da ikusgai hori—. Dioenez, prozesu horretan jabetu zen bideoa bere gainontzeko obren «legamia» zela. Hortaz, Alaezen Burua-Espirala-Zuloa-Ukabila-Esperma-Korapiloa obra haren aldamenean jarriko dute, «kontrapuntu» gisa —irailetik aurrera, atzera begirakoa bukatzen denean—. Bigarren obra hori motorzale estiloko hainbat jaka urratuz osatuta dago, zeintzuetatik eskultura «iradokitzaileak» irteten diren. «Heldutasuneko oinarrizko obra da. Erabatekoa da, biolentoa».

Ispilua mihise

Eskultorikoa da, halaber, museoak bildumara gehitu duen Josu Bilbaoren obretako bat: sará-sará. Zortzi asto metaliko parek eta gainean dituzten hagek osatzen dute. «Herdoilduta daude; hondaketa eta denboraren igarotzea adierazten dute», Alzurik azaldu duenez. Ameztoiren izenik gabeko obra, berriz, margolana da, baina olio pintura ispilu baten gainean dago aplikatua. Artistaren profilaren erretratua da, bere lehen etapakoa. Lan «originala» da, Merino Gorosperen ustez. «Ikuslea koadroan sartu dadin eragiten du ispiluak. Meta-errealitatea jorratzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.