Kantuaren pentsalaria hil da

Franco Battiato musikari italiarra zendu da, 76 urterekin. Musika esperimentalaren esparruko irakaspenak pop formatura eraman zituen, eta arrakasta handia lortu

KIKO HUESCA / EFE.
mikel lizarralde
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Erretiroa hartuta eta isiltasuna lagun zuela joan da Franco Battiato, Italiako musikak azken mende erdian eman dituen artista pertsonal, bakan eta sailkaezinenetako bat. 2017ko irailaren 17an eman zuen azken kontzertua, Catanian, eta Milon (Sizilia) zuen etxera erretiratu zen segidan. Ordurako osasun arazoak nabaritzen hasia zen, eta bertan behera utzi behar izan zituen iragarriak zituen beste lau emanaldiak. Lau urte geroago hil da, 76 urterekin, eta eklektizismoak eta ikuspegi ireki batek blaitutako ibilbide oparo bat atzean utzita.

1945ean jaio zen, Riposton (Sizilia, Italia), eta beti bilatu zuen bere bidea musikan, uko egin gabe bere inguruan egiten zenari, baina mugimendu eta eszena itxi eta antolatuetan sartzeari bizkarra emanda. Bere kantu ezagunenetako batek dioen bezala, grabitate zentro iraunkorraren bilaketan beti, nahiz eta horrek rock progresibotik popera eraman, musika klasikotik Afrika iparraldeko doinuetara, elektronikatik soinu bandetara. Battiato uharte bat izan zen Italiako eta Europako musikan, soinu eta joera ugarik bustita ere bere nortasunari tinko eutsi zion artista oso bat. Eta bere izaera artistikoa ez zen mugatu musikara. Izan ere, beste ezeren gainetik, filosofoa izan zen —mistizismotik gertu egon zen beti—, eta pentsamenduak gizartean eragiteko duen gaitasuna aldarrikatu zuen bere kantuetan.

Siziliako karriketan egin zuen lehenengoz topo musikarekin: «Ohartu ere egin gabe hasi nintzen musika entzuten, herriko kale eta patioetako kantu napoliarrekin. 13 urte nituela, aitak gitarra bat erosi zidan, eta hori izan zen guztiaren hasiera». 20 urterekin Milanera lekualdatu zen Battiato, eta 60ko hamarkadaren azken urteetan —kontratu diskografiko bat lortuta—, protesta kantuaren eta doinu erromantikoen artean zeuden hainbat kantu argitaratu zituen; besteak beste, E làmore goxoa.

[youtube]https://youtu.be/aBWZeJF0FHU[/youtube]

70eko hamarkadarekin batera, ordea, 180 graduko aldaketa iritsi zen Battiatoren musikara. Juri Camisasca musikari esperimentala ezagutu eta berehala, Osage Tribe rock progresiboari lotutako kolektiboa sortu zuen, eta beste hainbat proiektu esperimentaletan ere parte hartu zuen. Baina, batik bat, lan horiek bidea ireki zioten bere lehenengo disko luzeak argitaratzeko: La convenzione (1971), Fetus (1971) eta Pollution (1972). Musika esperimentalaren eta progresiboaren eragina nabaria zen lan horietan, eta are agerikoagoa izan zen Sulle corde di Aries-en (1973).

[youtube]https://youtu.be/JtFqFq--5Y8[/youtube]

Arrakastaren urteak

Musika esperimentalarekiko lotura hautsi gabe, 70eko hamarkadaren amaieran kontratua sinatu zuen EMI diskoetxearekin, eta pop formatuko kantuak idazten eta grabatzen hasi zen Battiato. Ordurako ospe handia zuen musikariak esparru batzuetan, baina L'era del cinghiale bianco (1979), Patriots (1980) eta, batez ere, La voce del padrone (1981) lan arrakastatsuarekin, izar bilakatu zen, aurrena Italian eta gero Europako beste hainbat herrialdetan. La voce del padrone-n, besteak beste, Bandiera bianca eta Centro di gravità permanente zeuden; azken hori bere kantu enblematikoena bilakatu zen. Italian La voce del padrone-ren milioi bat ale saltzera iritsi zen, eta, diskoaren oihartzuna artean agerikoa zela, L'arca di Noè (1982) publikatu zuen Battiatok; hor zegoen Voglio vederti danzare, denborarekin beharbada bere kanturik ezagunena bilakatu dena.

[youtube]https://youtu.be/3nxXrHZ2HL4[/youtube]

1980ko hamarkadaren erdialdekoak arrakastaren urteak izan ziren Battiatorentzat. Italiatik kanpo ere oihartzun handia izan zuen, eta, hori baliatuta, bere kantuen gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak grabatu zituen. Halaber, 1984an Eurovision jaialdian parte hartu zuen, Alice kantari gaztearekin batera (I Treni Di Tozeur). Nolanahi ere, izar bihurtu bazen ere, inoiz ez zion ospeari garrantzi handirik eman: «Arrakasta ez zitzaidan batere axola», esan zuen gerora.

[youtube]https://youtu.be/hCj_2jKs_qE[/youtube]

90eko urteetan segitu zuen diskoak argitaratzen —Caffè de la Paix (1993), L'imboscata (1996)—, eta musika klasikoko hainbat lan ere ekoitzi zituen. Baina musikaz harago ere eraman zuen sormen nahia, eta, Suphan Barzani goitizenarekin margotzen hasteaz gain, 2003an zinema zuzendari lanetan ere estreinatu zen, Perduto amor filmarekin.

Azken urteetan ez zion utzi idazteari. 2012an argitaratu zuen Apriti Sesamo lan laudatua, eta 2019an, Torneremo ancora, Royal Philharmonic orkestrarekin grabatu zuena. Kantu berri bakarra zuen: Torneremo ancora bera. Bere azken kantua izan zen horretako esaldi batek laburbil lezake Battiatoren azken pentsamenduetako bat: «Bizitza ez da amaitzen; amets bat bezalakoa da. Aske izan arte, berriro itzuliko gara».

[youtube]https://youtu.be/fEICC4MIeAY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.