Albistea entzun

Maitasunaren hiru aurpegi

Isilpean gordetzen diren familiarteko istorioez eta maitasunaz hitz egiten du Maixa Zugastik Ereinekin argitaratu berri duen 'Atarian' liburuan
Maixa Zugasti idazlea, Ereinekin argitaratu duen <em>Atarian</em> liburua esku artean duela.
Maixa Zugasti idazlea, Ereinekin argitaratu duen Atarian liburua esku artean duela. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko ekainak 4 - Donostia

Hernaniko baserri batean kokatu du Atarian eleberria Maixa Zugasti idazleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973). Hiru protagonisten ahotsen bidez aletu ditu bertan familia bateko kontuak; sarritan isilpean gordetzen direnak: oinordekotza arazoak, boterea, interes ekonomikoa... baina, batez ere, maitasunaren gaia nabarmentzen da guztien gainetik, hura bizitzeko hiru modu eta etapa desberdinetan. Ereinek argitaratu du lana.

«Istorio ilun bat kontatzen dute hiru protagonistek». Hala abiatu da Uxue Razkin editorea. Su geldoan eginiko intrigazko kontakizun bat dela azaldu du. Juan, Leandro eta Paula dira protagonista nagusiak, eta bizitzako aro desberdinetan kontatzen dute trama: zahartzaroan aurreneko biek, eta nerabezaroan hirugarrenak. Horretarako, atari berean eta aurrez aurre jarri ditu idazleak pertsonaiak. Bi helduak maitasunaren abaroa aurkitu nahian ari dira, eta, oin bat haurtzaroan eta bestea helduaroan duena, berriz, lehen maitasunaren ametsetan dabil. Zahartzaroko maitasunaz hitz egin nahi zuen idazleak, «baina idealizatu gabe».

Hernaniko baserriaren azken jabea da Leandro, eta oinordekotza kontuengatik, gogoz kontra, zahar etxean sartu du bere alaba Maitek, burua nahasi zaiolako aitzakian. Orduantxe sortzen da, hain zuzen, irakurlea harrapatuko duen trama. «Adierazi nahi nuen zahar egoitza batean borondatez edo gogoz kontra sartzean sentitzen den larrimin hori», azaldu du idazleak. Leandrok izango du babesa egoitza barruan: Juan. «Asmo iluneko gizona».

Zorigaiztoko istorio bat

Camille Claudel eskultorearen istorioa ekarri du Zugastik gogora ezinegon hori deskribatzeko. Izan ere, krisi emozionalen eraginez, psikiatrikoan sartu zuten artista, eta han igaro zituen bere bizitzako azken hiru hamarkadak. Idazleak zorigaiztoko istorio horrekin alderatu du, nolabait, eleberria: «Bere borondatearen aurka egon zen horrelako leku batean itxita, eta hori agertu nahi izan dut Leandroren egoera azaltzeko garaian».

Egileak ezagun duen paisaia batean gertatzen da istorioa. Izan ere, familiaren baserriko atarian bizi izandako esperientziak izan ditu inspirazio iturri. «Atarian biltzen ginen familiakook. Aulkiak jartzen genituen, eta bertan aritzen nintzen helduen kontuak entzuten». Etxearen eta baserriaren artean dagoen lur eremuari deitzen dio atari egileak. «Txikia nintzen artean, panpinarekin jolasten nintzen. Pentsa, josten ere ikasi nuen bertan». Argazki hori irudikatu eta eraman du eleberriaren orrien artera.

Azaldu du, halaber, irakurtzea, ikastea eta idaztea maite izan duela beti, eta, horregatik, etxean egotea gustatzen zitzaiola. «Hala ere, amak beti bidaltzen ninduen atarira jolastera». Esanahi garrantzitsua izan du, beraz, baserriko atariak idazlearentzat, eta horregatik girotu du bertan istorioa.

Bizi izandakoak arrastoa utzi diola azaldu du. Gainera, istorioak berak, badu egilearen aurreko lanekin lotzen duen hari bat: hain zuzen, gazkile baten presentzia. Iñaki Piñuel adituaren hitzak ekarri ditu hizpidera; gizakiak bere bizitzan 60 gaizkile ezagutuko dituela diotenak. «Nik horrelako bizpairu gizon eta beste hainbeste emakume ezagutu ditut, gaur egun urrun izan nahi ditudanak». Arrastoa utzi dute horiek Zugastiren lanetan, eta Atarian ere bada horren ispilu.

Liburua 21 kapitulutan banatuta dago. Sei egunetan gertatzen da trama, eta pertsonaiak eurak dira kapitulu bakoitzeko narratzaile. Are, narratzailearen izena darama kapitulu bakoitzak. «Egitura argia du eleberriak», azaldu du Razkinek. Egitura ez ezik, idazlearen estiloa ere nabarmendu nahi izan du: «Ederra du estiloa. Ez da traba, inondik inora. Kontrakoa: laguntzen du istorioan aurrera egiten». Eta poesiatik askorik urruntzen ez den estilo bat darabilela adierazi du.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurtengo Durangoko Azokak argitu dezakeen argazkia

Itziar Ugarte Irizar

Digitalizazioaren aroak galdera ikur handiak ezarri ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta begi-bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.
Mona Hatoum artistaren <em>Still Life</em> instalazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU
Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte

Itziar Ugarte Irizar

'Haragizko mamuak' du izenburu Mitxelenaren lehen narrazio liburuak, eta 'Behin batean Loiolan' antzerkiaren alorreko Ciden lanak. Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak irabazi dituzte biek, eta Elkarrek eman ditu lanok argitara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...