Albistea entzun

Argazki album musikatua

Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak 'Flamenco etxea 2' diskoa kaleratu du, Jose Luis Monton musikariarekin elkarlanean. Hamar kantuz osaturiko lan elebiduna da
Gorka Hermosa akordeoi jotzailea eta Jose Luis Monton flamenko gitarrista.
Gorka Hermosa akordeoi jotzailea eta Jose Luis Monton flamenko gitarrista. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Yasmine Khris -

2022ko ekainak 22

Buelta eman dio munduari Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak (Urretxu, Gipuzkoa, 1976). Metaforarik gabe. Ia kontinente guztietatik igaro eta gero, inspirazio iturri berriekin sartu da berriz estudiora. Eta aurkeztu berri du emaitza, Bilboko Arriaga kontserbatorioko auditoriumean: Flamenco etxea 2, aurrez hasitako proiektu bati segika Jose Luis Monton (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1962) gitarristarekin ondu duena.

Errusian, Txinan, AEBetan eta Iranen bizitakoa bildu du akordeoilariak hamaikagarren lan pertsonalean. «Teherango Auditorium Nazionalean bi egunez jarraian jendez gainezka egindako kontzertu bikoitza egitea esperientzia izugarria izan da», kontatu du. Maleta egin eta itzuli. «Zer aldatu den Flamenco etxea lehenbiziko lanetik? Hamaika urte gehiago ditugula!», aitortu du Hermosak. Baina funtsean kontzeptu bera dela dio: flamenkoaren eta euskal kulturaren arteko «bat egite originala». Solasaldi harmoniatsu batean, hamar kantuz osatu dute lana, kolaborazio anitzekin. Izan ere, hainbat artistak parte hartu dute diskoan: Sandra Carrasco egungo flamenkoaren ahotsik garrantzitsuenetakoak, Juan Carlos Aracil flautistak eta Roko kantari diziplinartekoak, bertzeak bertze.

Mu Mbana abeslari gineabissautarrekin grabatu dute Iparragirreren Ara nun diran abestiaren bertsio bat, esperientzia «paregabekotzat» duena. «Bere etxera gonbidatu gintuen, eta erritmoak jorratzen hasi ginen. Oso polita izan zen».

Euskal musikariekin ere izan dute aukera bat egite hori agerian uzteko. «Lagunartean grabatutako disko bat da, berez. Eta zerk definitzen du euskal kultura musikalki? Bertsolaritzak, trikitiak, txistuak eta txalapartak, ildo nagusietan». Horrela eraman dute praktikara: Jon Maia bertsolaria, Garikoitz Mendizabal txistularia, Zumarragako Trikitixa bikotea eta Oreka TX txalaparta taldearekin egin baitute lan, eta emaitza eskuzabala proposatu.

Maiarekin grabatu dute Nere izarra, bertze begi-keinu bat eginez Iparragirreri. «Urretxuarra naiz; kutsu hori atera nahi nuen. Bestalde, gurasoak Extremaduratik [Espainia] etorri ziren, Maiarenak bezala. Asko partekatzen dugu; lankidetzak bazuen zentzua».

Elkarlana hainbat elementutan deklinatzen da, hala nola melodian, artisten generoan, eta hizkuntzan. Gaztelaniaz eta euskaraz ekoiztu dute diskoa, «naturaltasun osoz».

Aniztasuna, partituratik

«Musikak eman didan gauzarik politenetako bat da asko bidaiatu izana. Eta aberastasun hori adierazteko beharra dut nire produkzioetan», azaldu du Hermosak. Irmoki sinisten du musika dela horizonte berriak irekitzeko bidea, Montonekin gertatu zaion moduan. «Orain oso lagunak gara, baina kasualitatez atera zen dena; elkar ezagutu genuenean, 2007an, nik flamenkoaz ez nekien ezer». Emeki-emeki, disko bat atera ondoren, kontzertu anitz eman dituzte. «Hark ez daki partiturak irakurtzen, belarriz egiten du, eta hasieran oso zaila izen zen elkar ulertzea. Sistema alternatiboak asmatu behar genituen, audioen bidez edo notak apuntatuz. Prozesu geldoagoa baina askoz autentikoagoa aurkitu genuen».

Hermosa, aldiz, oso ongi moldatzen da solfeoarekin, eta urteak daramatza irakasle, konpositore eta musikari lanetan. Akordeoirako Konposiziorik Onenaren saria lautan jaso du.

Kantabrian (Espainia) sortu berri den Miengo Cultura makrojaialdiaren irekiera kontzertua eman ostean, Elorrion ere izan dira jotzen asteon (Bizkaian). Hermosak dioenez, argi dute espazio jakin batzuetan aurkituko dutela lekua bat egitea hedatzeko, baina ez bide jeneralistetan. «Argi dugu ez garela pop talde bat; hau da, jendearen begietara ez gara mainstream delakoa». Saldu ere «milaka disko» ez dituztela salduko aipatu du, are gutxiago «musika instrumentalarekin». Edonola ere, goxo ekiten dio bere estiloari. «Nik barnean dudana askatzeko beharra dut, nire mundua adieraztekoa. Musika arraroa egiten dugunok argi daukagu publikoari ez zaiola beti gustatuko». Ez du balorazio txarra ala ona egiten, baina bizipen bilduma elikatzen segitu nahi duela dio, zerumuga berrien bila. «Abantailarik handiena da ez garela inoiz modaz pasatuko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ignacio Zuloaga pintorearen 'Arrateko itsua' lana ©Juan Herrero / EFE

Zuloagaren lehen lantzat jotakoa faltsua dela salatu dute

Iñigo Astiz

Zumaiako artistaren museoa kudeatzen duen Z Espacio Cultural elkarteak egin du salaketa, haien hitzetan, ezin baita ziurtatu 2020an aurkeztutako 'Arrateko itsua' lana Zuloagarena denik

2019ko EHZko kontzertu bat, Irisarriko plazan. Aurten berriz ere dohainik izanen dira plazako ekitaldiak. ©BOB EDME

EHZ, berriz plazara

Joanes Etxebarria

Bihar hasiko da festibala Irisarrin, eta lau gunetan hedatuko da programazioa. Musika talde anitzek azken lana aurkeztuko dute

Berge, Behotegi, Kurutxarri, Aroztegi eta Feulie, atzo, Baionan. ©BOB EDME

Ipar Euskal Herriko zinemagintza ikertuko dute EHUko ikerlariek

Ainize Madariaga

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta nagusiki euskaraz sortutako zinema aztertuko dute EHUko NOR ikerketa taldeko kideek

Donostiako Elizbarrutiaren D'museoan, hamasei pieza ikus daitezke guztira. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Donostiako D'museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute

Iñgo Astiz

Artistak Argentinan sortutako hamasei lan biltzen ditu Donostiako Elizbarrutiko D'museoko erakusketak, baina, Oteiza museoak dioenez, ez dira hark egindakoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...