«Benetako musikaren» alde

Hibai Etxebarriak ziurgabetasunari buruzko disko bat kaleratu du. Harizko Zubiak' du izenburu, eta formatu fisikoan salduko dute soilik U2 eta Berri Txarrak taldeen bertsioak ere biltzen ditu lanak

Hibai Etxebarria abeslari, musikari eta pedagogoa, estudioan abesti bat grabatzen ari dela. HIBAI ETXEBARRIA.
iraia vieira gil
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Harizko zubiak da Hibai Etxebarria musikari eta pedagogoak (Gernika, Bizkaia, 1980) kaleratutako album berriaren izenburua, gaur egungo «ingurune ziurgabea» baita diskoak lantzen dituen gaietako bat. «Arkitektonikoki ahulenak dira harizko zubiak: asko mugitzen dira, eta ez dira batere egonkorrak». Egungo gizartearen itxura hartzen dute, nolabait. «Gizartea harizko zubi bat gurutzatzen ari da, eta horrek beldurra ematen du». Hala, guda, ekologia, energia eta ekonomiaren egoera azaltzen dira disko berriko abestietan.

Artistaren aldarri nagusia, baina, ez da hitzen bidez egiten duena. «Benetako musikaren erreibindikazioa egiten dut nire disko guztietan». Azaldu duenez, egungo musikari askok ez dituzte «benetako» instrumentuak erabiltzen lanak ekoizteko orduan. Esaterako, orkestrak imitatzeko programak daude. «Auto-Tunearen erabilera ez da soilik ahotsetara mugatzen». Etxebarriak ez du erabiltzen. Nahiago du modu «klasikoan» lan egin. «Abestiak grabatzeko, hartualdi osoak egiten ditut, talde handitan jotzen dut, kopiatu eta itsatsi gabe...». Arrazoia? «Gaur egungo musikak gizatasuna galdu du; makinek interpretatu eta zuzentzen dute musika. Pertsonek egindako musika sortzea da nire helburua. Gure inperfekzioan baitago perfekzioa».

Miresmen kontua

Disko berrian, zehazki, Xabier Zeberio eta Ivan Carmona Alos Quartet taldeko kideekin, Ukrainako hari boskote batekin eta Eñaut Zubizarreta biolontxelo jolearekin kolaboratu du. «Euskal Herriko eta Ukrainako harizko instrumentuen artean zubi bat egitea izan da helburua». Hori izan da diskorako titulu hori hautatzeko beste arrazoietako bat. «Metafora polita iruditzen zitzaidan».

Horrez gain, nazioarteko eta Euskal Herriko hiru talde eta musikariren bertsioak egin ditu Etxebarriak. U2ren With or Without You, Bruce Springsteenen Streets of Philadelphia eta Berri Txarrak-en Katedral bat moldatu ditu, zehazki. «Artista horiek asko maite ditudalako».

Springsteenen Streets of Philadelphia-ri dagokionez, bertsioa egin baino gehiago, kantaren «kontzeptua» hartu du. «Donostiako kaleetan izenburua jarri diot nire moldaketari». Etxebarriak urteak eman ditu Donostian, ikasle hasieran, eta musika irakasle gero. «Abestia hiri horri eginiko omenaldi bat izan da, Donostia asko maite dudalako».

Katedral bat abestiari dagokionez, bestelakoak izan dira Etxebarriak egin dituen aldaketak. «Titulua hartu, eta katedral fisiko batean entzuteko bertsioa egin nahi nuen», azaldu du. «Akustika eta estilo aldetik oso barrokoa da moldaketa». Beste abesti batzuekin ere horretarako probak egin zituen, baina, azkenean, maketak ez zituen amaitu.

Etxebarriaren abesti oso gutxi daude Interneten, disko bakoitzetik bizpahiru. Gainerakoak formatu fisikoan baino ez daude. «Musikarion sormen prozesua gogorra da, eta denbora asko eskatzen digu». Prozesu horretatik, gero, fruitua sortzea lortzen dute. «Fruitu hori streaming plataformei ematen diezu, eta plataforma horien jabeak eskuin muturrekoak dira», salatu du artistak. «Koherentzia kontua da. Nik musikaren kontsumoan zero kilometrokoa aldarrikatzen dut, euskal kulturgintzan batez ere».

Aitortu du kazetariek askotan galdetzen diotela horri buruz, eta galderari buelta ematera gonbidatu ditu. «Agian, gainerako artistei galdetu beharko genieke plataforma horiek zergatik erabiltzen dituzten; bereziki, Euskal Herrian eta ezkerreko testuinguruan mugitzen direnei». Etxebarriak uste du kontraesankorra dela oholtza gainean feminismoa, ekologia eta errefuxiatuak defendatzea eta mozkinak jabe horiei ematea. «Eta hor dago gakoa».

Arrazoi pedagogikoa ere badu erabaki horrek. «Ikasleei irudi hori bidaltzen saiatzen naiz, ikus dezaten musika industriak nola funtzionatzen duen». Hala, laguntza ekonomikorik eskatu gabe eta industriako zigiluekin lanik egin gabe jarraituko du, horrek sormen askatasuna ere bermatzen diolako. «Nahi dudana egiteko independentzia daukat».

Etxebarriaren «ogibidea» irakaskuntza bada ere, argi du musika ekoizten jarraituko duela. Egun, Eibarko (Gipuzkoa) bi abesbatza zuzentzen ditu: Eibarko Koro Gaztea eta Sostoa abesbatza. «Badaukat gogoa haiekin disko bat ateratzeko. Bai nire abestiekin, bai beste batzuen abestiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.