Bihotzetik sorturiko doinuak

Hesian taldean hamabost urte eman ondoren, Fran Urias gitarrista eta abeslariak Zelanda proiektua sortu du, eta izen bereko lehen diskoa kaleratu

Fran Urias euskal abeslari eta gitarrista, duela urtebete sortutako Zelanda pop-rock taldeko kidea. ANDER CANALES.
iraia vieira gil
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Duela bi urte banandu zen Hesian taldea, Fran Urias gitarrista eta abeslariak azaldu duenez «bide hori agortuta zegoelako». Musikariak, baina, beharrezkoa zuen kantak sortzen jarraitzea, eta, ondorioz, beste proiektu bat sortzea erabaki zuen. Nahi horretatik sortu zen, duela urtebete, Zelanda taldea, eta amaitu berri den urtean izen bereko lehen diskoa kaleratu dute. «Ordura arte egindakoarekin apurtu nahi nuen. Orain beste pertsona bat naiz, eta egiten dudana ere desberdina da».

Jarraibiderik ez zuen hasieran, ezta taldea norekin osatuko zuen ideiarik ere. «Ez nekien zer egin nahi nuen, ez nekien norekin, eta ez nekien nola, baina zeozer egin nahi nuen», azaldu du. «Herriko tabernetan jotzea ere otu zitzaidan, baina, azkenean, beste norabide bat hartu nuen». Taldea sortzeko, Ane Bastida baxu jolearekin eta Iñaki Bastida haren neba eta bateria jolearekin elkartu zen lehenengo; Lander Anton teklatu jolea eta Iker Toral gitarrista batu zitzaizkien ondoren.

Pop-rocka da lantzen duten estilo nagusia, punk ukituak gehituz zenbaitetan. «Ez dugu ezer berririk asmatu; dakiguna egiten dugu. Entzun eta jaso dugun hori». Aurretik egindako musikarekin konparatuz, ordea, Uriasekuste duZelandak egiten duena ez dela hain dantzagarria. «Jai giroan hainbeste entzuten ez den musika mota bat da. Lasaiago zaudenean, etxean edo autoan entzuteko disko bat da». Lan berrian, gainera, Eñaut Gaztañagak ekoitzi ditu abestiak, eta horrek ukitu modernoa eman die abestiei. «Sintetizadoreak eta teklatuak ere erabili ditugu».

Abesti nostalgikoak

Emozioek osatu duten disko bat da Zelandarena. Uriasek berak idatzi eta sortu ditu kanta guztiak, «bihotzetik». «Beti sinetsi izan dut buruari ez zaiola utzi behar hitzetan leku gehiegirik hartzen». Kontzientziak, askotan, idatzi nahi duena baino gehiago, idatzi behar duena esaten dio. «Jendeak zer nahi duen, eta zerk saltzen duen edo zerk ez duen saltzen esaten dizu buruak». Berak ere aitortu du batzuetan zaila egiten zaiola kontzientzia isilaraztea. «Saihestezina da. Ahalik eta gehien bihotzetik idatzi behar dugu, ordea».

Bide horri jarraituz kantak sortzen dituenean, bere «aurpegi iluna» erakusten du Uriasek. Zelanda diskoaren kasuan ere hala izan da hein handi batean, eta, ondorioz, nostalgiaren sentsazioa da entzuleari sortzen diona. «Ehuneko handi batean estilo tristea da nirea», onartu du abeslariak. «Momenturik apal eta ahulenetan eskatzen dit gorputzak idaztea, ondo nagoenean beste behar batzuk ditut eta». Familia eta lagunekin egotea, esaterako. «Beti ez naiz horren iluna, baina, momentu txarrenetan, idaztea terapia bat da niretzat».

Sentiberatasunarekin batera, abestietako errepikak handiak izatea nahi du Uriasek. «Musika ulertzeko nire modua da», adierazi du. «Errepika kantaren momentu gorena izatea gustatzen zait». Orduan hartzen du oinarriak indar handiena eta orduan irekitzen da melodia aurretik ez bezala. Baliabide erraza edota tipikoa izan daitekeela aitortu du abeslariak, baina, finean, berak bereizten duen zerbait ere badela. «Ez dut ezer berririk asmatu, ez naiz originala, baina nire konposatzeko era da».

Melodien sormen prozesuari dagokionez, pandemia garaiko itxialdian sortu zituzten diskoko abesti guztiak, entsegurik egin gabe. «Pandemia etorri zen, eta entseguak debekatu zituzten. Ni neu gaixotu egin nintzen, eta hilabete pila eman nituen bajan». Orduan, buruan zituen ideiei forma emateko aprobetxatu zuen denbora. «Estudioetan erabiltzen dituzten edizio programak hartu eta abestiak sortzen nituen». Baxuaren soinua gehitzen zien, adibidez, eta ahotsa eta gitarra grabatzen zituen. «In situ ikusten nuen abestiak ze itxura izan zezakeen, eta, egia esan, oso pozik nago emaitzarekin».

Kantak etxean landu ondoren eta behin itxialdiari amaiera emanda, entseguak egiten saiatu ziren kide guztiak, baina hain ekoitzita geratu ziren kantak, non Gaztañagari bidali zizkioten zuzenean. Berak moldatu egiten zituen, eta abestiak kaleratzeko prest geratu ziren. «Zuzenekoetan beste modu batean egiten dugu», zehaztu du Uriasek. «Produktiboak izaten saiatzen gara. Zer behar du benetan kantak? Horren arabera egiten ditugu moldaketak». Instrumentu nabarmenenak hartzen dituzte, eta teklatuekin nota jokoakegiten dituzte. «Jaso dugun feedbacka ona izan da».

Kolaborazioak

Bi kolaborazio izan dituzte diskoan. Batetik, Olatz Salvadorrena Non geratu dira kantan, eta, bestetik, Ainhoa Arroitajauregirena Nire errua abestian. «Haien ahotsek izugarri hobetu dituzte kantak». Ahots biak desberdinak dira oso, eta bakoitzak zerbait desberdina gehitu dio kolaborazioari. «Olatzek goxotasun itzela eman zion. Ainhoak beste estilo bat dauka, indar handiagoa ahotsean». Uriasen ustetan, biek ala biek buelta eman diete egindako abestiei.

Ez dute esan zehazki noiz, baina martxotik aurrera hasiko dira emanaldiekin. «Udara begira ikusiko dugu. Gu hortxe egongo gara», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.