Albistea entzun

Bidaia itsastar bat iruditan

Mikel Otxotekok 'Hemen dragoiak daude' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Saint-Pierre eta Mikelune artxipelagoaren historia azaltzeko, ikus-entzunezko hainbat lan bildu ditu
Mikel Otxoteko artistaren <em>Hemen dragoiak daude</em> erakusketa; 2024ko urtarrilaren 7ra arte izango da ikusgai, Donostiako San Telmo museoan.
Mikel Otxoteko artistaren Hemen dragoiak daude erakusketa; 2024ko urtarrilaren 7ra arte izango da ikusgai, Donostiako San Telmo museoan. MAIALEN ANDRES/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2023ko irailak 20 - Donostia

Hainbat nazionalitatetako marinelen elkargune izan zen Ternuaren (Kanada) ondoan dagoen Saint-Pierre eta Mikelune artxipelagoa. XIII. eta XVII. mendeen artean, euskaldun askok migratu zuten hara. Aspaldi du hango berri Mikel Otxoteko artista eta ikerlariak, eta orain bost urte piztu zitzaion irlak bertatik bertara ezagutzeko eta horren gaineko proiektu artistiko bat egiteko gogoa. Baita egin ere. 2020an bidaiatu zuen lehenengoz hara, uharteen errealitatea ezagutzeko xedez. Itzuli zen beste behin ere, eta hainbat bideo filmatu zituen bigarren aldi hartan, Jone Atenea Lameiro zinemagilearekin batera. Hemen dragoiak daude izendatu duen erakusketan bildu ditu grabaziook, eta Donostiako San Telmo museoko Laborategia izango da horien guztien erakusleiho, gaurtik 2024ko urtarrilaren 7ra bitartean.

Etxetik datorkio Otxotekori Saint-Pierre eta Mikeluneko egoera aztertzeko interesa. Izan ere, 1970eko hamarkadan hara bidaiatu zuen haren amak, Margarita Olazabalek, «mundua ezagutzeko asmoz». Lau urte eman zituen Atlantikoa zeharkatu eta inguruko bakailao ontzietan arrantzan aritzen ziren marinelen erizain gisa lanean. Aldean zuen Super-8 kamera, eta hainbat bideo filmatu zituen harekin. Artxipelagoko orduko egoera jaso zuen grabazio horietan, baina gehiegizko arrantzaren ondorioz, harrapaketak gutxitu egin ziren bat-batean, eta Ternuako arrantza eremuak ixtea eragin zuen horrek. Horregatik itzuli zen Olazabal sorterrira, Donostiara, 1975ean, bideo horiek gordeta.

Otxotekok askotan ikusi zituen bideo horiek, baina «beste begi batzuekin» aztertu zituen 2018an. «Jabetu nintzen ikusten nuenak ordura arte izan zuen familia balioa gainditzen zuela», azaldu du. Orduan otu zitzaion proiektu artistiko bat egiteko ideia, ikuspegi ekologikotik eta antropologikotik Saint-Pierre eta Mikeluneko egoeraren berri emango zuena. Horren emaitza da Hemen dragoiak daude erakusketa.

Hala eman du izenburuaren gaineko azalpena: «Antzinako itsas kartografian erabiltzen zen esamolde hori. Irla ezezagun zutenei hango arriskuen berri ematen zieten bertakoek esamolde horrekin».

Ikus-entzunezko materiala, eskulturak, instalazioak, mapak eta dokumentazio historikoak bildu ditu. Hamasei dira, denera, erakusketan ikusgai dauden ikus-entzunezko piezak. Artistak berak filmatuak dira gehienak —hamalau guztira—. «Editatuta daude», jakinarazi du. «Eszena batzuk moztu ditut, eta laburragoak izan zitezen moldatu». Beste biak, berriz, haren amak eta Xabier Sanchez Erauskin apaiz eta kazetariak Super-8 kamerarekin grabatutakoak dira. «Bi grabazio horiek ez ditut editatu nahi izan; ikusleak bere hartan ikus zitzan nahi nuen».

Dioenez, emaitzak ez du zerikusirik hasieran zuen ideiarekin, baina helburua argi zuen hastapenetatik, halere: «Jendeak Saint-Pierre eta Mikelune artxipelagoaren historia hobeto ezagutzea nahi nuen». Horretarako, gainera, azalpen ugari erantsi dizkio erakusketari.

«Gogorra bezain polita»

Pozik dago Otxoteko, bost urte lanean aritu ondotik ikusgai dagoelako lana. «Gogorra bezain polita izan da erakusketa hau egiteko prozesua. Esango nuke artistikoki trebatzeko balio izan didala. Pozik nago, eta esker ona adierazi nahi diet bidean lagun izan ditudanei», adierazi du, hunkituta.

Artea Abian programaren barruan garatu du erakusketa. Kutxa fundazioak eta San Telmo museoak elkarlanean antolatzen dute, eta «ibilbide profesionalaren lehen urteetan» dauden artisten lana bultzatzen du. Laugarren aldia du aurtengoa, eta Nagore Amenabarroren, Oier Iruretagoienaren eta Kimia Kamvariren lanak bildu ditu, hurrenez hurren, orain arte.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, atzo iluntzean, 71. Zinemaldiko hasierako galan, Audience musika taldea atzean duela. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Animaziozko aldi baten hasiera

Miren Mujika Telleria

Animaziozko zineman ardaztu dute Donostiako 71. Zinemaldiaren hasierako gala. Hayao Miyazakik jaso du Donostia saria, eta zinegileak bideo bidez bidali ditu hura eman izanaren esker on hitzak
<em>Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron</em> filmaren irudi bat; lan horrek inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia, lehiaz kanpo. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Miyazakiren irudizko munduekin hasi dira Sail Ofizialeko emanaldiak

Ainhoa Sarasola

'The Boy and the Heron' animaziozko filmak inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia. Lehiatik kanpo eman dute zinemagile japoniarraren azken lana. Donostia saria hari eman dio jaialdiak
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Eguneroko gaiak lantzen dituen pelikula familiar bat da»

Jone Bastida Alzuru

Euskal Herri post-apokaliptiko batean kokatu du Vallmajorrek bere lehen film luzea: 'Misión a Marte'. Kamera analogikoarekin filmatu du, eta zuri-beltzean. Besteak beste, heriotzaz aritu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...