Durangoko 53. Azoka. Gogoetaren Plaza

Sortzailearen kazetari begia

Kazetaritzatik sorkuntzari begiratzeko moduaz eta, alderantziz, sorkuntzatik kazetaritzari behatzeko eraz aritu dira Sustrai Colina bertsolaria eta Garbiñe Ubeda idazlea

Sortzailea kazetari eta kazetaria sortzaile izeneko solasaldian aritu ziren Garbiñe Ubeda eta Sustrai Colina, atzo, Gogoetaren Plazan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Sorkuntzan dabiltzan kazetariak, hala kazetaritzan dabiltzan sortzaileak. Idazle eta diseinatzailea da Garbiñe Ubeda, eta bertsolaria Sustrai Colina. Biek jardun dute maiz kazetari gisara ere, eta hori bera hartu zuten hizketagaitzat, atzo, Durangoko Azokako Gogoetaren Plazan. Nekane Zinkunegi kazetaria aritu zitzaien galdezka, sortzaile diren aldetik eta kazetaritza barrutik ezagutzen dutenez, nola ikusten duten bien arteko gurutzaketa, nola behar lukeen izan harremanak. Hortik abiatu, eta gai zabalagoetara heldu ziren gero, hala nola euskal kulturaren sustapenera, euskaldunaren balizko konplexuetara eta lurraldetasunaren auzira.

«Euskaraz ari diren hedabideek jarraipen ona egiten diote euskal kulturari». Ubedak esan, eta bat etorri zen Colina. Abiapuntuan ados azaldu ziren, baina kezka bana agertu zuten segidan. Ubedak aurrena: «Kultur arlotik kanpo erakusten den kulturak kezkatzen nau; kultura orokorra oso menpekoa dugu. Euskaraz ari garenean ere, erregionalismoa erakusten dugu sarri; Euskaditik ari gara, eta ahazten zaigu euskararen nazioa. Niretzat hori da konpondu beharreko gaia». Colina ados horrekin ere; hau bere kezka: «Euskal kultura ardatz duten medioetan ere ez ote den ari nagusitzen ebentoaren kultura, zenbakien kultura...». Ingurua seinalatuz, azoka bera jo zuen horren adibide gorentzat. «Zenbat berrikuntza egon diren, zenbat disko-liburu salduko diren, hori dena azalduko digute igande eguerditik aurrera. Eta ez nago konbentzituta horrek mesede egiten dionik kultura ulertzeko modu sano bati».

Euskal kulturgintzatik eta kazetaritzatik kanpora gehiegi begiratzen ote den edo ez, kanpoa-barrua bereizketari ñabardura erantsi zion bertsolariak: «Egun, inor ez da bizi kanpoan bakarrik, ala barruan bakarrik. Guztiok, gutxienez, elebidunak gara. Erreferentziak nahasten dira; kontua da zuk zein duzun ardatzean, zein duzun muineko. Eta, bai, uste dut medioek horretan asko eragiten digutela».

Kazetariaren lekutik aritzean sortzaileari «inbidiaz eta miresmenez» begiratu izan diola adierazi zuen Ubedak: «Gauza jakina delako hemen ez dagoela sorkuntzatik bizitzerik. Sortu, ordu txikitan sortzen da, loari edo familiari orduak kenduz». Horregatik miresmena. Eta inbidia, sortu nahi bai, baina sarri ezin izan duelako, lanagatik. «Lehenengo, bizibidea atera behar duzu». Hortik aurrera, idazleak uste du kazetaritzaren lana sortzailearen jarduna «hauspotzea» dela. «Ikusgarritasuna ematea tokatzen zaigu, beste inork ematen ez diona».

Kazetari gisa, sortzaile bati begiratzeko moduan «errespetua» nabarmendu zuen Colinak: «Alegia, bere lana ezagutzea». Idazlea bada, haren liburuak irakurtzea; musikaria bada, haren musika entzutea. «Gauza oso nabarmena ematen du, baina ez da beti egiten». Hori batetik. Eta, bestetik, «Google kazetaritza» ez egitea. «Zer den hori? Googlen Sustrai Colina sartu, historian zehar egin ditudan adierazpenen remix bat egin, eta elkarrizketan horren inguruan aritzea. Ez». Lehen urratsak orri zuria izan behar du, Colinarentzat, horren aurrean pentsatzea: «Nik zer galdetuko nioke? Zer interesatzen zait pertsona honetaz? Agerikoa hau ere, baina ez da beti egiten».

Bada beste gako bat, Colinarentzat: sortzailea une egoki batean harrapatzea. Zaila dela dio, ordea; batez ere, aktualitatearen zurrunbilotik ihes egitea eskatzen duelako. «Munduko txapeldunik onena izanda ere, ez dut uste final baten biharamunean inor elkarrizketa on bat egiteko baldintzatan dagoenik. Jende guztiak elkarrizketa hori irakurri nahi du, baina, ziurrenik, elkarrizketa askoz interesgarriagoa izango litzateke lau hilabete geroago eginda». Gauza bera lan berri bat plazaratzen duen edozein sortzailerekin. «Ados hauspotzearekin, baina denok batera ari bagara hauspotzen, zer lortzen dugu? Hamabost egunean zeruan jartzea pertsona bat, gastatzea erabat, eta gero hurrengo urteko beste 50 asteetan ahaztu egiten da pertsona horrekin. Baina horrek eskatzen du merkatuaren legeetatik ateratzea, eta hor bizi gara».

Hor hori prekaritatean dela gehitu zuen Ubedak. Eta Colinak borobildu: «Bai sortzaileak eta bai kazetariak, gainera».

Atrofiaren neurria

Google kazetaritza izan ala ez, Colinak Gorka Urbizuri Argia-rako egindako elkarrizketa bat ekarri zuen Zinkunegik. Hala zioen tituluak: «Kultura gutxitua gara, baina gutxizalea ere bai batzuetan, eta gutxieslea askotan».

«Esaldi hori profezia bat da», atera zitzaion Colinari hura entzutean. Berri Txarrak-ek MTVko jaialdian jo izanaren ostean piztu zen eztabaida jarri zuen adibidetzat. «Badirudi ez dugula ikasten. Debatea ez da bihurtzen euskararen ikusezintasuna nola bihurtu ikusgarri, aukera ona ote den San Mamesen jotzea. Debatea da: Berri Txarrak, gureak dira ala ez dira gureak?». Barrez hartu zuten entzuleek. Elkarrizketa hartan Urbizuk esan zuen beste puntu batez gogoratu zen Colina: «'Gure mainstream-a jostailuzkoa da', zioen. Eta hala da; beti ahazten zaigu gure atrofiaren neurria zein den. Uste dut horren azpian ezkutatzen dena dela jendea jainkotzea, gero egurtu ahal izateko. Hori kirol nazional bihurtzen da». Eta berriz barreak entzuleen artean.

Beste adibide bat: Korrikaren azken kantua. Sare sozialetara heldu zen hala Ubeda. «Nitasunaren zerbait dago hor, oso esajeratua. Jendeak edozeren gainean bere burua protagonista bihurtu nahi du. 'Gustatzen zait-ez zait gustatzen'; hori ez da kritika bat, hori kasketa bat da. Eta, beharbada, gure identitate ukatuarekin du lotura. Azkenean, hori bilatzen da, Sustraik esan duena: gurea da ala ez da gurea?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.