Izan eta sortu, Errobi aldean

Bihar hasiko da Errobiko festibala, Itsasun, eta igandera arte iraunen du. Hogeita laugarren aldiko, hainbat artista gonbidatuko dituzte taula gainera, eta aurten emazteei egingo diete lekua bereziki

Martha Galarraga larunbat gauean iganen da taula gainera, Atharrin. BERRIA.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Emazteak sorkuntza artistikoan. Hori izanen dute ardatz Errobiko festibalean, bihartik goiti. Izan! Erran! Sortu! lelopean iraganen dira lau egunak, igandera arte, Itsasun (Lapurdi). Hainbat artistak girotuko dute herria, Siriatik, Andaluziatik, Aragoitik, Kubatik, Brasildik, baita Euskal Herritik etorrita. Musikariak, kantariak, dantzariak eta poetak elkartuko dira, beraz, artearen munduan emazteek duten lekua galdekatuz.

Pinar Selek idazleak bihar emanen duen hitzaldiarekin hasiko da jaialdia —17:00etan, Sanoki gelan—. Selek militante feminista eta antimilitarista da, Turkiatik Frantziara erbesteratua 2011z geroztik. Hainbat borroka eramanik Turkian —besteak beste,emazteen eta kurduen eskubideen alde aritu izan da, baita Armeniako genozidioa salatzen ere—, poliziak terrorismoaz akusatua eta lau aldiz absolbitua izanik ere, oraindik bizi guztirako kondena arriskatzen du sorterrian. Frantziatik segitzen du idazten, eta badu aspaldi Euskal Herrira etortzen dela, topaketa literario eta feministetara. Adierazi du festibalera «oso pozik» etorriko dela. «Berpizten naiz Euskal Herrira natorrelarik, artea, sorkuntza eta musika zinez bizirik baitira. Euskal Herrian, adierazpen artistikoa politikoa, soziala eta erreala da».

Selekek oroitarazi du horrelako jaialdietan elkarrizketa eta musika nahasten direla, eta horrek mirakuluak sor ditzakeela. «Euskal Herrira natorrelarik, poesiaren bidezko militante sentitzen naiz, eta konbentzitua naiz poesiari esker ditugula gauzak aldatuko. Hori ikasi dut hemen, egoera jakin batek ez duela beti zerbaitetara mugatzen; eta gauzen aldatzen segi daitekeela».

Hitzaldiaren ondotik, festibalaren estreinaldia eginen dute gela berean, eta Monique Broten tindu lanak erakusgai jarri. Gauean, berriz, «erresistentzia erritmoak» joko dituzte Acciatura izeneko bikoteak eta Naissam Jalal Quintet taldeak, Atharrin. Eta, besta bukatzeko, Tripoux taldeak girotuko du gaua, Batutoen aterpean.

Biharamunean, Itxaro Borda idazleak segida emanen dio Selekek bezperan hasitako saioari, Emazteak sorkuntza artistikoan gaiaren inguruan hausnartuz, Elizaldia gelan. Gainera, goiz horretan berean, liburutegi nomada irekiko dute, eta Erradikala izan liburuaren aurkezpena eginen, Julie Lobatoren eskutik. Eguerdian bazkaria izanen da Atharrin, eta «sorpresaz beteriko» Kafe Zabalik hitzorduaren ondotik, Jean Christian Irigoien akordeoi jotzaileak eta Celine Latasa kontalariak ibilaldi musikatu bat proposatuko dute. Eskaintza horren bidez, une «jostagarri» bat proposatu nahi dute biek, «festibaleko musikari, dantzari eta beste artistekin batera».

Arratsaldean, hainbat kontzertu izanen dira —lehenik Batutoen aterpean, gero Atharrin—, hainbat musika estiloren oihartzuna ekarriz: Joseba Irazoki, Fawzi Berger, Eñaut de Rezola eta Johnny Makam iganen dira taula gainera, baita Forro Na Caixa taldea ere. Burdina izeneko ikusgarria ere aurkeztuko dute, migrazioaren gaiari loturik; Bizkaiko meatzeen historia hartzen du abiapuntutzat, eta flamenkoa eta euskal musika uztartzen ditu.

Larunbatean, berriz, Sylvie Glissanten hitzaldia izanen da goizean, Elizaldian, beti emazteak eta sorkuntza artistikoa hizpide hartuta. Ondotik, bazkaria eta Kafe Zabalik hitzorduak proposatuko dituzte, baita kontzertuak ere, Batutoen aterpean. Arratsaldean musikan ariko dira Maxemce Camelin, Julie Lobato, Lolita Delmonteil-Ayral eta Bastien Fontanille. Eta, ondotik, Timbrat hirukotea ariko da Euskal Herriko, Okzitaniako ea Languedoceko aireak ekarriz. Gaualdia bukatzeko, Mursegok emanen du kontzertua Atharrin, baita Reder Nouhajek ere, Mongoliako musikak joz. Azkenik, Martha Galarraga kubatarra ariko da.

Festibala bukatzeko, igandean, ibilaldi poetikoa eginen dute Itsasuko Itsusiko amildegietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.