Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Favelan iraun nahian

'Pacificado' filmak giza harremanei erreparatzen die, pobrezia eta indarkeria giro betean. Paxton Wintersek bertako komunitatearekin elkarlanean osatu du lana

Paxton Winters zuzendaria (laugarrena eskuinetik), Pacificado filmeko aktore eta ekoizleekin —tartean Darren Aranofski—, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoak ospatzeko su festari urrunetik, favelatik begiratzen dio Tati 13 urteko neskatoak (Cassia Nascimento). Bera bizi den Rio de Janeiroko favela berekoa da Jaca (Bukassa Kabengele), hamalau urtez preso egon ostean auzora itzuliko dena. Orduan ezagutuko dute elkar aita-alabek, eta, gainerako auzokideek bezala, bizirik irauteko borroka baten erdian garatu beharko dute harremana. Indarkeria giroa eta pobrezia nagusi diren giro horretan, giza harremanei erreparatu die Paxton Winters zuzendari eta gidoigileak Pacificado filmean. Sail Ofizialeko lehian aurkeztu zuen lana, atzo.

Egun nahasiak dira favelan, eta ez Olinpiar Jokoen ondorioz Poliziak plan baketzaile berezia martxan duelako. Tatiren amak (Debora Nascimento) droga mendekotasuna du. Jaca, berriz, auzoko nagusia zen aspaldi, baina bizimodua aldatu nahi du espetxetik atera berritan. Eta ez zaio erraza egingo. Izan ere, beste edozein lekutan bezala, nork bere arazoak ditu, baina favelako dinamikek, gainera, ezinbestean zipriztintzen dituztelako denen bizitzak. «Faveletan, boterea trafikatzaileek dute», azaldu zuen Wintersek. «Jaca ere sistema horren barruan dago, eta oso zaila zaio ateratzea. Horri buruz hitz egin nahi nuen: zer-nolako erronkak eta sakrifizioak dakartzan sistema horretatik urruntzeak eta aldi berean ohorea mantentzeak». Zuzendaria Lantaldeko kideak alboan zituela mintzatu zen —besteak beste, ekoizle jardun duen Darren Aronofsky zinemagilea—.

Tiro hotsen gainetik

Wintersi ez zaio arrotza filmak kontatzen duena, duela zortzi urte hasi baitzen Morro dos Prazeres favelako komunitatearekin duen harremana. Bertan bizi da, nahiz eta hasieran ez zen hori bere asmoa. Maga Wellington komunitateko kide eta filmean gidoilari eta laguntzaile aritu denak gonbidatu zuen arte. «Ideiak beldurra ematen zidan, eta horri aurre egitea erabaki nuen. Hilabete batzuk geratzea pentsatu nuen. Baina lehen sei hilabeteetan komunitatea asko ireki zen, eta ez nuen alde egin nahi izan. Eta zortzi urte igaro dira jada».

Duela hiru urte hasi zen filma osatzen, komunitatearekin lankidetzan. Haren lana, batez ere, bizilagunei entzutea izan da, galderak egitea eta behatzea, haren hitzetan: «Ni bitartekoa besterik ez naiz; filma haiena da». Hala sentitzen dute bizilagunek, Magalhaesen esanetan ere, eta haiek gabe filmatzea ezinezkoa izango litzatekeela gaineratu zuen. Jakinarazi zutenez, berrehun auzokide inguru kontratatu zituzten —Cassia Nascimento protagonista tartean—, eta hainbatek sektorean lanean jarraitzen dute gaur egun.

Aukerak falta baitira faveletan, Bukassa Kabengele aktoreak irmo salatu zuenez. Filmaren berezitasuna da, haren ustez, protagonista egiten duela baztertutako komunitate bat. «Brasilen, herritarren %54 dira beltzak, eta gazteen artean hilkortasun tasak beldurgarriak dira. Oso herrialde arrazista batean bizi dira, eta kriminalitateari lotuta baino ez dira agertzen. Hala, film ausarta iruditzen zait, favela batean sartu eta, tiroetan baino gehiago, giza eta gizarte harremanetan jarri duelako arreta». Azaldu zuenez, tiroketak maiz entzun zituzten filmaketan ari zirela. «Ni han bizi izan nintzen hilabeteetan egunero entzuten ziren tiro hotsak, gizon eta emakume beltzen aurkako indarkeria. Gaitasun handiko jendea da; haientzako aukerak falta dira Brasilen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.