Herriko bozak ez dira mutu

Iduzkilore antzerki taldeak Piarres Lartzabalen 'Herriko botzak edo nor alkate' antzerkia emanen du bihar, Uztaritzen. Orotara 11 lagun ariko dira oholtzan, elkarrekin emanen duten laugarren antzerkian

Iduzkilore taldea Piarres Lartzabalen Herriko botzak edo nor alkate antzerkia entseatzen, joan den igandean. JOANA IBARGARAI.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Nere erakaspena da, gutiz gehienetan oraiko egunari doakona, Euskaldungoaren akulatzale, jende handien harrotzale... 'Nolako bizi, halako idatzi' da errana... Nik uste, nere biziko borrokak, nere herriaren alderako kar minbera, nere odolezko etorkizuna, dira nere buru-lanen iturri eta su-gailu». Horrela zioen Piarres Lartzabalek 1956an, Herriko botzak edo nor alkate antzerkia idazterakoan, aitzin solasean. Garaian egunari zegokiona idazten bazuen, agian ez zezakeen pentsa gaur ere egungotzat har zitekeela idatzi berri zuen antzerki hura, hain zuzen ere bihar arratsaldean eskainiko baitu Iduzkilore antzerki taldeak Lartzabalen antzerki obra horren emanaldia, Uztaritzen (Lapurdi), 17:30ean.

«Pertsonaiak pixka bat karikaturazkoak izaten ahal dira, baina beste gauza batzuk kontatzeko gogoa piztu zait; probatu dut testu horrekin martxan zenez, beste harreman batzuk azaleratzen ahal zirenez, eta harrigarria da zenbat askatasun uzten duen testuak horretarako», azaldu du Maika Etxekopar eszena zuzendariak. Hortaz, hamar antzezle eta musikari bat ariko dira oholtza gainean: Maider Beheran, Peio Berhokoirigoin, Bernadette Iratzoki Luro, Iban Ithurbide, Mizel Jorajuria, Lierni Elortza, Pierre Larre, Maialen Foutoux, Xalbat Agerrezahar, Kattin Mendiburu eta Ainhoa Elizondo. Lartzabalen garaian jadanik zeuden «politika istorioen» salatzen ariko dira.

Laugarren aldia dute elkarrekin antzerki bat emanen dutela, 2010ean Iduzkilore antzerkia eman baitzuten, Manex Fuchs eszena zuzendariarekin; 2014an, Hazparneko anderea, Ander Lipusekin; eta 2017an, Telesforo ez da Bogart, Iñazio Tolosak lagundurik. «Lehen aldian aipatu zidatelarik, erran zidaten emazte bat nahi zutela eszena zuzendari gisa, ordu arte gizonak baizik ez zituztelako ukan», erran du Etxekoparrek.

Proiektuari lotu, eta elkarrekin hautatu dute Lartzabalen obra horren taularatzea, beste batekin dudan egonak baitziren ordu arte.«Pixkanaka ohartu naiz zenbat klasiko den Iparralde honetan». Lartzabalek idatzia gaurkotzeko, gauza batzuk «aktualizatu» dituztela azaldu du Etxekoparrek, «egungo erreferentziak» sartuz, eta pertsonaia bat «sexuz aldatu» dutela azaldu du. Testuan Xixon da «maskota», eta, horrekiko trufa anitz sendi bada ere, testuak libertate «anitz» utzi die, gehitu duenez. «Ez denak trufaka, ez denak Xixonen kontra izateko», Xixonek bazterkeriarekin duen harremana «berrikusi» dutela erran du: «Entseatu gara manera ezberdinez garatzen gauza; trufa anitzekin eman nahi baduzu, posible da, baina beste zerbait tiratu nahi baduzu ere posible da. Testuak askatasun hori uzten dizu».

Beti komedia bera

1956an idatzia da antzerkia, eta beste testuinguru baten lekuko gelditzen da; alta, Etxekoparrek uste du «mami bera» gelditzen dela. «Lehengo laborantzan finkatua da: eihera bat bada, asto bat... Baina testua apaintzen duten detaileak dira. Lartzabalek kontatzen zuena egiazki hau da: botere gosea, politika munduan nola lehian sartzen diren pertsonak, irrigarri bilakatzeraino. Hori beti berdina da. Dekadentzia hori bururaino eramaten entseatu gara, eta martxoan berriz baditugu herriko bozak... Beraz, zentzua badu orain horren egiteak, jendea hasten baita kanpaina egiten eta horrelako pertsonaiak garatzen baitira. Beraz, edo jendea gaitzituko da, edo on eginen du horretaz irri egiteak». Bada, hauteskunde garaian herri batean gertatzen diren zatiketak erakusten ditu antzerkiak, zurien eta gorrien arteko pataskak, eguneroko harremanen higatzeak, traizio egiteak, tentsio eta jukutriak, faltsukeriak, baina baita maitasuna eta elkartasuna ere. Zuritik edo gorritik edaten duen herri bat, zeinetan arnoak eta politikak mozkortzen baititu herritarrak.

Etxekoparrek azaldu duenez,lehen aldia da lehenagotik idatzirik eta finkaturik zen testu batetik abiatu dela eszena zuzendaritzaren lana egiteko. «Mamia bagenuen, eta horretarik tiratu behar genituen hariak». Adierazi du «aski errazki» egin duela lan hori. «Komedia handi bat da, botere goseaz ari den fartsa bat; funtzionatzen du».

Zeregin hori «gustura» egiten duela azaldu du, eta «interesgarritzat» jo du. «Enetako, jostatzeko eremu bat da». Badu bost urte Etxekopar taula zuzentzen ari dela, eta, «dudak» eta «gorabeherak» gainditurik, horrela bizi nahi zuela erabaki du. «Xantza ikaragarria» izan duela uste du. Le Petit Theatre de Pain konpainiarekin hiru urte pasaturik, Lipusekin segitu zuen, Etxekoak antzerkian, eta beste proiektu batzuetan sartua da geroztik. Miren Tirapurekin hasi zen eszena zuzendaritzan; Hamlet antzerkian ari zelarik ezagutu zuen, eta kanpoko ikuspegi horren ukaitea «biziki maite» duela erran du. Anartean, 2020ko urrirako Bonbon Beltz taldearekin proiektu «potolo» baten prestatzen ari da Etxekopar, panpinekin emanen dutena. Zahar etxeak eta zahartzearen gaia jorratuko ditu lan berri honek. Bestalde, kantuan eta antzerkian segitzen du, besteak beste, Elsa eta Oihan Oliarjekin, «zuberotar mundutik eta basa ahaide proiektu horretatik»abiatzen den sorkuntza berri baten inguruan ari baitira lanean.

Oilarren politika

Testuan, gizonen arteko lehiak eta gizonen mundu horrek sortu giroaren inguruan hausnartu izan nahi du Etxekoparrek. «Testuan sentitzen den hori, bai ostatuan bai ihizian, testosterona gauza hori erakutsi nahi genuen, eta hari hori tiratu dugu muturreraino».

Pertsonaia bat «sexuz aldatzea» hari beretik doa, beraz, eta, gaia «anitz» landu ondoan, «oilarkeria» horren erakusteko ideia garatu dute, pertsonaien jokoa araberan moldatuz. «Gure afixan zakil handi bat dugu, horretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.