Donostiako 69. Zinemaldia

Dea Kulumbegaxvili izango da Zinemaldiaren Sail Ofizialeko epaimahaiburua

Zinemaldiak 7,5 milioi euroko aurrekontua dauka. Irailaren 12an, salgai ipiniko dira lehen hiru egunetako sarrerak. Aretoetako eserlekuen %50 bete ahalko dira

Dea Kulumbegaxvili Donostian izan da aurten, maiatzean eta ekainean, Tabakaleran egonaldi artistiko bat egiten. JUAN HERERO / EFE.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Dea Kulumbegaxvili zinemagile georgiarra protagonista nagusia bilakatu zen iazko Donostiako Zinemaldiko lehiaketa ofizialean. Hark zuzendutako estreinako lanak, Dasatskisi / Beginning filmak, irabazi zituen Urrezko Maskorra, zuzendari onenari dagokion Zilarrezko Maskorra eta gidoi onenaren saria. Urtebete geroago, Kulumbegaxvili Zinemaldira itzuliko da berriz, baina Sail Ofizialeko epaimahaiburu gisa. Harekin batera, Audrey Diwan zinemagile libanoarrak, Ted Hope ekoizle estatubatuarrak, Maite Alberdi zuzendari txiletarrak eta Susi Sanchez aktore espainiarrak osatuko dute epaimahai ofiziala.

Donostiako 69. Zinemaldia irailaren 17tik 25era bitartean egingo da. Jose Luis Rebordinos zuzendariak Tabakalerako zinema aretoan egindako aurkezpenean jakinarazi duenez, 7,5 milioi euroko aurrekontua dauka, gutxi-asko. Babesle ugariren artean garrantzitsuenak dira RTVE Espainiako irrati-telebista, Movistar telekomunikazio konpainia, Audi automobil etxea, Kutxabank eta Amenabar eraikuntza enpresa; eta erakunde publikoen aldetik, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua.

Rebordinosek eta Zinemaldiko komunikazio arduradun Ruth Perez de Anucitak arreta bereziz ohar egin dute izurritearen aurkako protokoloak zorrotz bete beharko direla aurten ere: «Veneziako eta Donostiako zinemaldiak iaz eredugarriak izan ginen antolamenduaz eta segurtasunaz den bezainbatean. Aurten berdintsu jokatuko dugu: ez da festarik izango, ez da alfonbra gorririk hedatuko, denek maskarak erabiliko ditugu, eta areto nagusietako eserlekuen %50 bete ahalko ditugu; %60 besteetan».

Akreditazioak eta sarrera txartelak oro Zinemaldiaren webgunean lortu beharko dira. Irailaren 12an abiatuko da txartelen salmenta, 09:00etan tanko, eta hilaren 17, 18 eta 19rako sarrerak bakarrik erosi ahal izango dira. Irailaren 13an salduko dituzte hilaren 20, 21 eta 22ko txartelak; eta irailaren 14an, hilaren 23, 24 eta 25ekoak.

Izarrak eta gonbidatuak

Ohiturari jarraikiz, sorpresak izan daitezen ez dituzte ezagutarazi Donostiara etorriko diren zinemako izar eta gonbidatu guztiak, baina asko eta askoren izenak emanda dituzte; esate baterako: Donostia saria jasoko duten Johnny Depp eta Marion Cotillard aktoreak, Jessica Chastain (The Eyes of Tammy Faye, Sail Ofiziala), Charlotte Gainsbourg (Jane by Charlotte, Perlak), Javier Bardem (El buenpatrón, Sail Ofiziala), Emmanuelle Devos (Vous ne désirez que moi, Sail Ofiziala), Noemie Merlant (Mi iubita, mon amour, Zabaltegi-Tabakalera), Dolores Fonzi eta Maria Valverde (Distancia de rescate, Sail Ofiziala), Vincent Lindon (Undercover, Sail Ofiziala; eta Titane, Perlak), Penelope Cruz (Competencia oficial, Perlak), Louis Garrel (La croisade, Perlak), Clarke Peters eta Stanley Tucci (La fortuna, Sail Ofiziala).

Era berean, zuzendari zenbait ere joango da filmak aurkeztera, hala nola Laurent Cantet (Arthur Rambo), Fernando Leon de Aranoa (El buen patrón), Lucile Hadzihalilovic (Earwig), Iciar Bollain (Maixabel) eta Claire Simon (Vous ne désirez que moi) Sail Ofizialeko zinemagileak. Perlak sailean hautatutako filmei dagokienez, hauek bertaratuko dira: Julia Ducournau (Titane, Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea; Todd Haynes (The Velvet Underground); Louis Garrel eta Joseph Engel, La croisade filmarekin; Xavier Giannoli zuzendaria eta Benjamin Voisin aktorea (Les illusions perdues); Les Intranquilles filmeko errealizadorea, Joachim Lafosse (Zilarrezko Maskorra 2015ean); Celine Sciamma (Petite Maman), eta Ryusuke Hamaguchi zuzendari japoniarra (Guzen to Sozo).

Beste sailetako epaileak

Sail ofizialeko epaimahaikideak ez ezik, beste sailetakoak ere jakinarazi dira.

Zinemira euskal filmen saileko epaimahaiburua Aitor Arregi zuzendaria eta gidoigilea izango da. Harekin batera, Arantzazu Calleja musikagilea eta Edurne Portela idazlea arduratuko dira Irizar saria erabakitzeaz.

Zuzendari Berriak saileko epaimahaia Mary Burke ekoizle eta British Film Institute erakundeko ekoizpen arduradunak, Irene Escolar aktore espainiarrak eta Suzanne Lindon zuzendari frantziarrak osatuko dute.

Horizontes saria emateaz Maria Zamora ekoizle espainiarra, Lila Aviles zuzendari mexikarra eta Luciano Monteagudo kritikari argentinarra arduratuko dira.

Zabaltegi-Tabakalera sariko epaimahaiburua Sergio Oksman zinemagile brasildarra izango da. Miriam Heard gidoigile galestarrak eta Elena Lopez Riera zuzendari katalanak lagunduko diote.

Nest saria Isabel Peña gidoigile espainiarrak, Jorge Cantos zuzendari espainiarrak, David Pinheiro zuzendari portugaldarrak eta Elsa Rosengren zuzendari alemaniarrak emango dute.

Azkenik, Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria Eva Morsch Okzitaniako Arcalt-Cinelatino Rencontres jaialdiko kideak, Paloma Bienzobas zinema programatzaile eta kritikariak eta Marisa Fernandez Armenteros ekoizleak erabakiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.