Altxorraren giltzen bila

Irati Jimenezek 'Ogia eta zirkua' saiakera idatzi du, Harkaitz Canoren 'Neguko zirkua' liburuko ipuinez. Unamuno saria jaso zuen. Erein etxeak argitaratu du

Harkaitz Cano eta Irati Jimenez idazleak eta Uxue Razkin editorea, atzo, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko atarian. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Irati Jimenezen aburuz, Harkaitz Canoren libururik «osatuena, boteretsuena eta ederrena» da Negukozirkua (2005). Ipuinen analisi eta kritika literario bat eginez, interpretazio sinboliko bat proposatzen du Jimenezek Ogia eta zirkua saiakeran. Miguel Unamuno saria irabazi zuen iaz, eta orain Erein argitaletxeak plazaratu du.

Hiru zati nagusi ditu saiakerak: Neguko zirkua ulertzeko gako nagusiak ematen ditu aurrena, hamabi orrialdetan; Neguko zirkua-ren azterketa egiten du ondoren, ipuinez ipuin eta sinboloz sinbolo, 118 orrialdetan; eta, bukatzeko, Jimenezek elkarrizketa luze bat egin dio Canori.

«Neguko zirkua-ren barruan beste liburu bat aurkitu du Iratik», esan du Erein argitaletxeko Uxue Razkinek. «Argi antzematen da idazle bat dagoela saiakera honen atzean. Funtsean, ordea, irakurle bat dago, bere irudipenak kontatzen ari zaiguna, ezkutaturik aurkitu duena, berak ulertu duena. Irakurle bat adierazten ari zaigu zenbat gustatzen zaion Harkaitzen literatura, eta zenbat maite duen literatura, oro har». Jimenezen analisia konplexua, ausarta, inteligentea eta ederra iruditzen zaio Razkin editoreari. «Liburua irakurri ahala, galdera hau etortzen zitzaidan burura: nola heldu zara honaino? Bidaia txundigarri bat da. Gai izan da narrazio multzo baten inguruko hausnarketa bat istorio bihurtzeko. Saiakera bera da kontakizuna, intriga eta abentura dauzkana».

Ideien asoziazioa

Editorearen galderari erantzutearren, saiakera idaztera nola heldu zen kontatu du Irati Jimenezek: «Gauez izan zen. Ez ametsetan, baina ia». Canoren ipuin antologia bat apailatzerakoan, gero Mecanografiak (2018) izenburua izan zuen hura, Neguko zirkua ere irakurri zuen berriro; handik denbora batera, bat-batean, «ezerezetik sortzen diren ideia horietako bat» izan zuen ohean zegoela. «Objektu bat etorri zitzaidan gogora: eskularru bat. Harkaitzen liburuko lehen ipuinean eskularru batzuk agertzen dira. Eta ondoren etorri zitzaidan azken ipuinean badagoela pertsona bat eskuburdinez lotuta dagoena. Eskularrua eta eskuburdina». Segidan akordatu zen ipuin batzuetan badirela janzki batzuk era berdintsuan: alkandorak hutsik, jaka bat hutsik, bota batzuk hutsik. «Oharrak telefonoan apuntatzen hasi nintzen. Ideien asoziazioak ez zuen etenik. Hiru orduz idazten aritu nintzen».

Neguko zirkua irakurtzean, ipuin liburu baten kasuan pixka bat arraroa den gauza bat gertatzen da, Jimenezen ustez: «Bukatuko duzu ipuin bat, eta jakin arren segidakoak beste leku batera eramango zaituela, ipuin bakoitza autonomoa dela, hala ere, nobeletan hurrengo kapituluarekiko izaten den irrika izango duzu; hurrengo ipuina irakurri nahi izango duzu, jakiteko zer pasatzen den. Absurdoa da, ipuina bukatu egin baita. Baina sentipen horrek liburuaren amaieraraino irauten du».

Hori zergatik gertatzen ote den, hipotesi bat lantzeari ekin zion. «Ipuin bakoitzaren kontakizunetik aparte, badago gertatzen ari den beste zerbait. Eta irudikatuz gero dena gertatzen ari zaiola protagonista berberari, nahiz eta protagonista ikusezin bat izan, orduan protagonista horrek bidaia bat egiten du, abentura baten barruan sartzen da, eta transformatu egiten da». Ez zuen berehala idatzi hipotesi hori, harik eta izurrite garaiko itxialdian astia izan zuen arte ipuinez ipuin berriz irakurtzeko eta egunero haietako bati buruz idazteko.

Zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta gehiago zabaltzen zitzaion liburua. «Nahiko argi ikusten nuen sinbolo batzuen artean zer egon zitekeen. Baina beste batzuek asko harritu ninduten. Adibidez, aspektu geografikoa: gora edo behera, ezkerrera edo eskuinera, pertsonaiak nola mugitzen diren, horrek zer garrantzi duen Harkaitzen literaturan; zoragarria da».

Altxor baten sarrailan giltza bat irristatu, biratu eta irekitzea bezalakoxea iruditzen zaio Jimenezi: «Derrepente zabaltzen da halako gela sekretu bat, eta gela horren barruan badago beste bat, eta gero beste bat». Sentipen horrekin idatzia izan da liburua.

Ogia eta zirkua saiakeran idatzitakoei buruz Canok zer iritzi izango zuen kezkarik gabe idazten jardun du. «Idazleak konpromiso bat baino gehiago hartu behar luke bere buruarekin, baina uste dut batez ere konpromisoa hartu behar duela irakurleen inteligentziarekin, haien libertatearekin eta burujabetasun eskubidearekin».

Irakurle azkarrak

Aurkezpen ekitaldian hitz labur batzuk egin ditu Harkaitz Canok ere: «Gu baino azkarragoak diren balizko irakurleentzat idazten dugu». Ogia eta zirkua saiakera irakurtzea pozgarria egin zaio, oraingo honetan irakurle inteligentea ez delako balizkoa izan, Irati Jimenez baizik. «Sormen lan bati gerta dakiokeen gauzarik onena, beharbada, horretatik beste sormen lan bat sortzea da. Iratirena disekziorik gabeko analisi bat da; atxiloturik gabeko polizia ikerketa dibertigarri bat da; arrantzatu ondoren libre utzitako amuarrain baten istorioa da».

Liburu jostalari bat da Canorentzat. «Liburu guztien atzean badago idatzi gabeko liburu bat, edo bi, edo zenbait; eta Neguko zirkua-ren zortea izan da Iratik azaleratu egin duela ezkutuan zegoen liburu horietako bat. Eta, gainera, liburu bat azaldu beharrean, zabaldu egin du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.