Albistea entzun

Donostiako 57. Jazzaldia

Entzuleek ez dituzte ahaztu

Eskoziako Simple Minds taldearen kontzertuarekin hasi da Donostiako 57. Jazzaldia, zalez betetako Zurriolako hondartzan. Taldeak bere 40 urtetik gorako ibilbideko abesti ezagunak jo ditu

Simple Minds taldea, atzo, Zurriolako hondartzan, Donostiako 57. Jazzaldia abiatu zuen kontzertuan.
Simple Minds taldea, atzo, Zurriolako hondartzan, Donostiako 57. Jazzaldia abiatu zuen kontzertuan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko uztailak 21 - Donostia

Maitasun ekintza bat. Horixe da kantuak sortzea, Simple Minds taldearen Act of Love abestiak adierazten duenez, taldearen jatorriaz ari baita, hasierako garaietako pasioaz eta musikan aritzeko grinaz. Maitasun ekintza hori are agerikoagoa da Donostiako Zurriolako hondartza jendez beteta ikusiz gero, dagoeneko klasiko diren kantekin gozatzen; baita taldeari eta bereziki Jim Kerr abeslariari begiratuz gero ere, bere esker oneko jarrerarekin eta giroa berotzeko indarrarekin. Kantu horrekin abiatu zuen kontzertua atzo Simple Mindsek —lehen unetik ozen jo zuten txalo zaleek—, eta kontzertu horrek, era berean, Donostiako 57. Jazzaldia. Gaurtik aurrera, beste 82 kontzertu eta beste horrenbeste maitasun keinu hartuko ditu.

Jazzaldia itzulera ospatzen ari da, pandemiak azken bi urteetan jarritako oztopoak gaindituta, hondartzako agertoki bereizgarria berreskuratu duelako aurten. Eta, itzuleran, Simple Minds sinbolo bilakatu da honezkero. Izan ere, taldea aurreko bi urteetan jaialdian jotzekoa zen, baina emanaldia atzeratu behar izan zuten bietan. Igandera arte, gauero bi taldek joko dute Zurriolan, baina Simple Minds bakarrik aritu da, festa abiatzeko laguntzarik behar ez zuelakoan.

Ordu eta erdiko kontzertua jo dute, eta bizi-bizirik direla erakutsi —horren froga da urrian kaleratuko duten Directions of the Heart disko berria ere—. Denbora guztian eutsi diote entzuleen arretari, hondartzan leku ona hartuta zain zeudenek zein atergabe heltzen joandakoek ez baitiote dantza egiteari utzi, hit klasikoekin zein Act of Love-ren gisako kanta berriekin.

Sparks taldeak Leos Caraxen Annette filmerako egindako So May We Start kantuarekin igo dira agertokira. Agertoki ikusgarri batera: pantaila luze bat, proiekzioak, argi jokoak... Eta, guztietan nagusi, Kerr kantaria, bera arduratu baita entzuleak animatzeaz, eguzkitako betaurrekoak apenas kendu gabe, lurrean etzanez, eta keinu bitxi bat errepikatuz aldiro, mikrofonoa hartu, eta cowboy batek sokarekin egingo luken bezala, hura eskumuturrean kiribilduz. «Eskuminak Eskoziatik!».

1980ko hamarkadako kanta ezagunekin piztu dute giroa, Love Song eta Waterfront dantzagarriak joaz kontzertuaren hasieran, baita Book of Brilliant Things, zeina entzule askoren besoak elkarrekin mugiarazi dituen airean, Mandela Day, Vision Thing eta Someone Somewhere (In Summertime) abestiei ekin aurretik. 1982ko New Gold Dream (81-82-83-84) diskokoko baxu indartsuak eta popa, Sparkle in the Rain-eko new wavea (1984) eta Sons and Fascination / Sister Feelings Call lan bikoitzeko post-punka (1981), besteak beste.

Halako batean, iritsi da Don't You (Forget About Me) kanta enblematikoa, taldearen ezagunena, entzuleek gehien ospatu dutena. 1985ean sortu zuten, John Hughesen The Breakfast Club filmerako, eta, estudioko disko bakar batean ere jaso ez duten arren —bai bildumetan—, arrakasta handia eragin zien mundu osoan eta bereziki Britainia Handian.

Ibilbide eklektikoa

Taldeak Life in a Day diskoa atera zuenetik 40 urte bete ziren 2019an, eta nazioarteko bira luze bat egin asmo zuten urteurrena ospatzeko, pandemiak zapuztu zien arte. Jazzaldiko emanaldian erakutsi duten gisan, bide oparo eta eklektikoa egin dute ordutik, estadioak betetzeko gai den pop musikaren barruko askotariko estiloekin esperimentatuta.

Kerr abeslaria eta Charlie Burchill gitarrista dira ibilbide luze horretan gidariak; hamazazpi disko egin dituzte, bildumak, zuzenekoak eta bestelakoak kontatu gabe. Donostiara ez dira bakarrik etorri, ordea. Haiekin batera aritu dira Cherisse Osei bateria jotzailea, Bryan Ferryrekin eta Mikarekin jo izan duena; Berenice Scott teklatu jotzailea; Gourdy Goudie, gitarra akustikoan zein elektrikoan; eta Ged Grimes, Deacon Blue taldeko baxu jotzaile ohia, besteak beste. Kerrekin batera, Sarah Brownek abestu du. Pink Floyden eta Stevie Wonderren diskoetan parte hartu izan du, baita Roxy Musicen eta Duran Duranen zuzenekoetan ere, besteak beste.

Kerr eta Burchill gazteek punk talde bat sortu zuten 1977an, Glasgown: Johnny & the Self Abusers. Single sorta bat besterik ez zuten atera, baina hura izan zen 60 milioi disko baino gehiago saldu, denetariko sariak jaso eta mundu osoko aretoak beteko zituen talde baten ernamuina, izena aldatu eta gero. David Bowieren The Jean Genie kantatik hartu zuten Simple Minds.

Gaur, Astatke eta Harding

Mulatu Astatke musikari etiopiarra eta Curtis Harding soul abeslari estatubatuarra ariko dira Zurriolako agertokian gaur gauean. Gainera, jazzaldiak saritu egingo du Astatke. Bibrafono, teklatu eta perkusio jotzailea da, eta ethio-jazz estiloaren aitatzat hartzen da, jazza, musika latinoa eta etiopiar tradizioa uztartuz garatu zuena. 1970eko hamarkadan sorterrian arrakasta lortu ondoren, 1990eko azkenetan hasi zen nazioartean ezagunago egiten, Éthiopiques disko sailaren bidez, nagusiki. Jim Jarmuschek haren zazpi pieza erabili zituen Broken Flowers filmean (2005). Lehen aldiz ariko da Donostiako Jazzaldian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.
Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz, JAI Jardun Artistikoen Institutuko 2023ko tutoreak; artxiboko argazkia. ©Gorka Rubio / Foku

Hamasei sortzailek parte hartuko dute Jardun Artistikoen Institutuaren udako eskolan

Iraia Vieira Gil

Laugarren aldiz egingo dute aurten, eta arte ikasleek nazioarteko profesionalekin egoteko aukera izango dute. Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz izango dituzte tutore.

Xabier Gantzarain, Itziar Ugarte eta Harkaitz Cano, gaur, Azpeitian eginiko aurkezpenean. ©Gorka Rubio / Foku

Formatua berrituta egingo dute Hitzaren Eskolaren laugarren aldia, Azpeitian

Mikel Lizarralde

Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Joseba Sarrionandia eta Itziar Ugarte ariko dira irakasle, eta bakoitzak beste irakasle bat gonbidatuko du. Hiru hilabete iraungo du aurten eskolak, irailaren 2tik azaroaren 18ra.

Zenbait erakundetako ordezkariak, atzo, Bilboko Arriaga antzokian, <em>Kristalezko begi bat</em> liburuaren irakurraldi jarraituaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Autobiografia bat, ahots gora

Olatz Enzunza Mallona

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' liburuaren irakurraldi publikoa egingo dute Bilbon

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Andoni Imaz

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...