Globo batetik euskarari begira

Gertakari historikoak eta gaur egungo istorio bat harilkatuta osatu du Patxi Zubizarretak 'Julien Vinsonen hegaldia' nobela. Hizkuntzari buruz egiten du gogoeta, ikerlari italiar baten begietatik

Patxi Zubizarreta idazlea atzo, Donostian, lan berria aurkeztu berritan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Orain dela 144 urte, atzoko egunez, Saturno izeneko globo aerostatikoa Baionatik Iruñera abiatu zen, karlistek setiatuta zuten hirira. Lau bidaiari zeramatzan barruan, tartean Julien Vinson euskalaria. Ekaitz batek harrapatu, eta Iruñetik gertu lurrera jausi zen globoa, Zizur inguruko Gazolatz herrian, baina bidaiariak onik atera ziren istriputik. Zizurko 50 biztanleetatik bik baino ez zekiten euskaraz hitz egiten garai hartan, Vinsonek jakin ahal izan zuenez, eta euskara urte gutxiren buruan hilko zela iragarri zuen. Gertakari historiko hura aitzakiatzat hartuta eta gaur egungo istorio batekin uztartuta osatu du Patxi Zubizarretak Julien Vinsonen hegaldia eleberria. Alberdaniarekin plazaratu du liburu berria, eta, hegaldiaren urteurrena baliatuta, atzo aurkeztu zuen, Jorge Gimenez Bech argitaletxeko editorearen laguntzaz, Donostian.

Irakurleak Chiararen bitartez jasoko du, nagusiki, Vinsonen istorioaren eta eleberrian kontatzen diren gainerakoen berri. Gazte italiar bat da Chiara, eta 2015ean euskara ikasteari ekin zion Bolognako unibertsitatean. Handik hiru urtera, Hendaiara (Lapurdi) joango da lau asterako, bera bezala Euskal Herrira iritsitako euskalariei buruzko ikerketa bat egiteko asmoz. Ikergai dituen izenen artean dago Julien Vinson.

Garai hartarako pertsonaia berezia izan zela azaldu zuen idazleak. «Hasteko, ez da apaiza, ez da sinestuna. Heterodoxoa da; garai hartan, oso arraroa. Frantsesa da, Indian jaioa edo han ibilitakoa, hango hizkuntzak dakizkiena eta euskara ere ikasi duena». Oso idazle interesgarria izan arren, Zubizarretak uste du ez dela oso sarri agertu literaturaren historian. Eta bere bidaiaren gorabeherak oso ezezagunak direla.

Vinson bezala, euskara aztergai izan zuten atzerriko beste hainbat ikerlari ere agertzen dira, hala nola Wilhelm von Humboldt eta Bonaparte printzea. Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-i ere «omenaldi txiki bat» egin nahi izan dio Zubizarretak. Nafarroako mendialdera ikerketa bat egitera joatekoa zela, ez zegoela ondo eta «bere barrenarekin topo egitera» ere bazihoala azaldu zuen hizkuntzalariak. «Aitorpen hori, zientzialari baten ikuspegitik, oso ederra iruditu zitzaidan». Azaldu zuen Chiara narratzailea ere horrela dagoela, eta hizkuntzak ematen diola bizipoza. Esan zuen nobela abentura bat balitz bezala irakur daitekeela, baina baita «barne abentura» bat bezala ere. Halaber, haren bidez, euskaltegietako giroa ere ekarri nahi izan du liburura, eta «euskaldun berrien garrantzia» nabarmendu.

Chiarak aztergai dituen atzerriko euskalari horien guztien bidez, Zubizarretak hizkuntzari buruzko gogoetak plazaratu ditu, eta kontakizun «bizi-bizi» batean txertatu ditu. Gogoeta horiek egiteko, Chiarak «kanpoko begirada» ematen du, idazlearen hitzetan, globoak ere «goiko begirada, distantzia egokia» ematen duen bezala. «Horixe da Chiara: gaur egungo narratzailea, distantziatik ikusten gaituena, eta distantziatik guk uste baino ederrago ikusten gaituena». Izan ere, maiz konturatu ez arren, globotik «herri ederra» ikusten da, idazleak gaineratu zuenez. «Askotan, ahaztu egiten zaigu hori. Hizkuntza txiki bat daukagu, baina airezko monumentu bat dugu esku artean, eta askotan ez gara jabetzen egin ditugun aurrerapenez».

Herri ipuinak eta memoria

Liburuak lantzen dituen gaiei buruz mintzatzeko, idazleak hainbat objektu baliatu zituen aurkezpenean: lanpara txiki bat, magnetofono bat, Txanogorritxoren ipuinaren aspaldiko edizio bat... Memoriari eta hizkuntzari buruz hitz egiteko baliatu zituen objektuok, eta gogora ekarri zuen nola berak, euskara berreskuratzeko Sunbillako (Nafarroa) baserri batean egin zituen egonaldietan, kaseteetan grabatzen zituen Mariano Ibarrak kontatzen zituen ipuinak —bere lehen ipuinetako bat, Gutun harrigarri bat (1998), haren omenez idatzi zuen—. Herri kontakizunei lotuta, Maddi Ariztia ere gogora ekarri zuen, baita Jose Migel Barandiaran eta Joxe Arratibel ere, ipuinak bildu eta gordetzeko egin zuten lanagatik. Zubizarretak Arratibelen hainbat istorio ere grabatu zituen garai batean. «Lekuko horien entzule izateko zortea izan dut; azkenak garela esango nuke». Eleberriaren istorioan bost herri kontakizun jaso ditu, Hendaiako euskaltegian dabiltzan ikasleek klasera eramandakoak, hain zuzen.

Jorge Gimenez Bech editoreak Zubizarretaren bertute «ugarietatik» bat nabarmendu zuen: «Giro ezberdinak, pertsonaia ezberdinak eta aro ezberdinak uztartzeko duen dohain aparta». Idazlearen sormen lanaren hiru ezaugarri ere azpimarratu zituen: batetik, agertokiak diseinatzean irakurlea haietara eramateko jartzen duen arreta. «Bestetik, pertsonaien diseinuan, barne mugimenduen komunikazio apala eta, aldi berean, eraginkorra lortzen du, mirestekoa iruditzen zaidan baliabide ekonomia baten bitartez». Eta azkenik, Zubizarretak «emozioak transmititzeko modu ez batere afektatua eta aldi berean eraginkorra» duela goraipatu zuen. «Halako luma duen idazle batek zernahi plantea diezaioke bere buruari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.