Bizi egin behar den poesia

Kirmen Uribek hamazazpi urtean idatzitako olerkiak jaso ditu '17 segundo' poemategian. Forma eta gai askotariko poemek osatzen dute liburua, eta «argitasunetik abstrakziorako» bidaia proposatu

New Yorken egin du azkeneko urte eta erdia Kirmen Uribek. NEREA ARRIETA.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Hamazazpi segundo. Denbora tarte hori besterik ez du igarotzen museo bateko bisitariak koadro bati begira. Hamazazpi segundo.Joan E. Goodman MOMA New Yorkeko Arte Modernoko Museoko gidak datua eman zion Kirmen Uriberi (Ondarroa, Bizkaia, 1970), eta baita bere literatur jardunari, eta, zehazki, poesiari buruz hausnartzeko beta ere. «Pentsatzen jarrita, poesiaren erritmoa guztiz bestelakoa da. Poesia da denbora gelditzea, poesia da begirada, poesia da desagertuko denari arreta jartzea», idatzi du idazleak 17 segundo poema liburuaren hitzaurrean. Eta jarraian erantsi: «Liburu honek hamazazpi urtez idatzitako poemak biltzen ditu, 2002tik 2019ra. Hamazazpi segundo bezain hamazazpi urte luze». Bitartean heldu eskutik (2001) bere lehen poemategia bezala, Susak argitaratu du liburua.

New Yorken bizi da azken urte eta erdian Uribe, hara joan baitzen, iaz, sortzaileentzako beka batekin. Horrenbestez, ez zen atzo Donostian egindako liburuaren aurkezpenean izan. Ez behintzat fisikoki, bideokonferentziaz eman baitzituen lan berriaren gaineko argibideak. Hala ere, Durangoko Azokan izango da, eta, Gabonen aurretik, bi errezital musikatu egingo ditu: abenduaren 18an, Bilboko Kafe Antzokian; eta 19an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Horietan, besteak beste, Ixiar Oreja, Txomin Uribe, Mikel Urdangarin, Asier Altuna (Bilbon) eta Jon Garaño (Donostia) izango ditu oholtza lagun.

Hemezortzi urte dira Uribek bere lehen liburua argitaratu zuela, eta ordudanik hiru nobela idatzi eta kaleratu ditu: Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008), Mussche (Susa, 2012) eta Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016). Denbora honetan guztian, ordea, ez dio poesia, bere «genero kuttuna», idazteari utzi. «Haurtzaroan eta gaztaroan oso lotsatia nintzen, eta bizitzeko modu bat aurkitu nuen poesian. Irakurriz eta liburuetan neure buruaren ispilua ikusiz, babesa hartu nuen poesian». Urte hauetan idatzitako nobeletan ere poesia egon badagoela uste du Uribek, baina, 17 segundo-n lehen liburu hura idatzi zuenetik gaur egunera arte landu duen poemagintzaren lagin zabal bat bildu du.

Izan ere, urte askoan idatzitako poemak jaso dituen arren, ez da horrenbeste bilduma bat, baizik eta «poemario bat», egileak berak azaldu duenez. «Gehien» arduratu duena «liburuaren osotasuna» izan baita. «Poemario bat da, bere hitz joko ugariekin. Poemak bata besteari lotuak daude, eta badaude gaiak eta pertsonaiak errepikatu egiten direnak, narrazio batean bezala». Hain zuzen ere, olerkien atzean «hari ikusezin bat» dago, Uribek esan duenez.

Belaunaldiaren erretratua

Uribe saiatu da bere belaunaldiaren erretratua egiten poema liburuan. «Ahotsa, askotan, nirea da. Begirada ere bai. Baina nahiko nuke begirada hori partekatua izatea. Horregatik, poemotan beste batzuen ahotsak ere agertzen dira». Gurasoak «helduak» eta seme-alabak «txikiak» dituen belaunaldiaz ari da, «mendeen arteko belaunaldiaz».

«Kontserba fabrikan egin zuen lan amamak./Eta amak eta izebek./Langileak ziren, ez etxekoandreak./Edo hori ere bai./Gustuko nuen lanetik etortzen zirenean/zekarten usain hura». Haurtzaroak pisu handia du liburuan, eta senideen —ama, izebak, amama— presentzia ere agerikoa da liburuaren lehendabiziko atalean. «Emakume langileak eta emakume iraultzaileak ziren. Gure aurreko belaunaldia ez zen gurea baino atzerakoiagoa. Hortxe zeuden progresismoa, feminismoa, mundua aldatu nahia, euskararenganako maitasuna... eta ni naiz horren semea».

Haurtzaroa Ondarroarekin lotzen du, baina liburuan beste hainbat toki ere azaltzen dira: Bilbo, Gasteiz, Berlin, Japonia, New York... Eta leku bakoitzak bere estetika eta forma propioa hartzen du liburuan. Gainera, zazpi ataletan dago banatua poemategia—Emakumeak fabrikatik bueltan, Espetxeko haikuak, Urte zuriak, Bidai tankak, Ostiralak New Yorken, Poesia eta hutsunea eta Daudenak eta ez daudenak—, eta atal bakoitza, mamiz nahiz formaz, aurrekoarengandik ezberdintzen da, nahiz eta lotzen dituzten hariak hor izan, ezkutuan. Uribek uste du liburuak proposatzen duela bidaia bat: «Poemak doaz argitasunetik abstrakziora; ezagutzatik jakintzara». Eta hori olerkiak idatzi diren garaiarekin ere lotzen da, haren iritziz: «Garai bateko poemak oso argiak eta soilak dira. Kontatzen dute ikusten nuena. Baina New Yorkera etortzeak abangoardiara eta abstrakziora eraman nau».

Kontzientziaren eta inkontzientziaren arteko borrokaren emaitza baita poesia, Uriberen ustez: «Poesia ez dugu modu arrazional batean idazten». Hain zuzen ere, liburuko poema batzuk une jakin batean eta bat-batean idatzita dauden bezala, beste batzuek denbora behar izan dute azaleratzeko. «Poetak ez dakinondik sortuko den poema. Poema bat idazten urteak egon zaitezke. Zeure buruan poema bat bueltaka egon daiteke urteetan. Eta gero ateratzen da. Beste batzuk, berriz, minutu batean daude idatziak». New Yorken eginiko egonaldiak eta «abstrakzioari» begiratu izanak, alde horretatik, askatasuna eman dio idazteko orduan ere: «Neugan barrurago joan izan naiz».

Poema bat idazteak bezala, irakurtzeak ere «denbora» eskatzen duela deritzo Uribek. Horregatik, 17 segundo izenburua ere. «Behar da behin, birritan, hirutan irakurri. Baina ez ulertzeko. Poema bat ez baita ulertu behar. Mark Strandek dio poesia egiantzekotasunetik libre dagoela. Poema ez da ulertu behar; poema bizi egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.