Hamasei urteko kartzelaldiarenak

1980-1996 artean, Karlos Gorrindo hainbat espetxetan preso izan zuten, ETAko militante izateagatik. Ordukoak bildu ditu 'Funanbulistaren beldurra' lan autobiografikoan
Karlos Gorrindo <em>Funanbulistaren beldurra</em> lan berria aurkeztu aurretik, atzo.
Karlos Gorrindo Funanbulistaren beldurra lan berria aurkeztu aurretik, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko ekainak 4

Testigantza ez dela memoria ariketa bat bakarrik, igarotako denboren gaineko «informazioa eta iritzia» baino gehiago dela, besteak beste, «lehen eskuko informazio» baten konfiantza, «ni bertan egon nintzen» esan ahal izatearen ziurtapena. Horretan datza lekukotzaren balioa, horretan Karlos Gorrindok (Gernika, Bizkaia, 1958) Funanbulistaren beldurra lan berrian egin duen ariketa, Joseba Sarrionandia idazleak hitzaurrean nabarmendu duenez. Aurreko liburuekin ez bezala, bere iraganera itzulita ondu baitu lan berria Gorrindok: 1980. urtean kartzelan sartu eta 1996an askatu zuten arte bizi izandakoak bildu ditu bertan.

Ereinek argitaratu du, eta «literatur lanabesak erabiltzen dituen lekukotasun liburu bat» dela adierazi du Inazio Mujika editoreak. Mujikaren hitzetan, Gorrindoren bizi ibilbidean «parentesi bat» ekarri zuen aroa jasotzen du lanak, eta iruditzen zaio ohikoa ez den «egiantzekotasun eta gordintasunez» emana datorrela, gainera: «Liburu autobiografikoak idazten badira, gordin idatzi behar dira; min hori sentitu behar da».

Gorrindok lehen pertsonan osatu du kontakizuna, eta oroimenetik egin du tira hari narratibo nagusia eraikitzeko. Atal bakoitzean kontagai izan duen sasoira itzuli da ordukoak idazteko, eta hori da, hain justu, liburuaren «meriturik handiena» Mujikarentzat: «Iraganera hurbiltzen da orduko pentsamenduarekin, ez orain pentsatzen duenarekin. Bilakaera baten istorioa ere bada, eta gu gara horren lekuko. Ez du esaten 'hemen erratuta nengoen'; pixkanaka kontatzen du bidea».

Idazleak 11 ataletan egituratu du bide hori, espetxe aldaketa bakoitzarekin atal berri bat irekiz: Madril, Soria, Madril, Puerto de Santa Maria, Herrera de la Mancha, Alcala Meco, Herrera de la Mancha, Valentzia, Langraiz, Palentzia eta Gernika-Lumo. Beste ezaugarri bat ere jarri du atal bakoitzaren hasieran: kantu bana. «Kartzelan bizi izandako esperientzia emozionalekin dute zerikusia. Adibidez, Sorian geundela, Pink Floyden Shine on You Crazy Diamond entzuten genuen gauero-gauero, irratian». Zerrendako parte dira, halaber, Supertramp, Scorpions, Leonard Cohen, Mikel Laboa, Mark Knopfler eta beste.

Gorrindok aitortu du liburua idazteko prozesua ez dela «batere erraza» izan. Urteak eman ditu kartzelan bizi izandakoak kontatzeko ideiarekin buruan, baina argitara emateko denbora behar izan duela dio. «Iragan konbultso hori memorian pausatzen utzi nuen, eta horren zain egon naiz liburua idazten hasteko». Urte haietako «egoera animiko-emozionaletara» itzultzea eskatu dio prozesuak, eta, aipatu duenez, lan honekin sentitu du «idazle izaten» hasi dela —hiru eleberri eta haur eta gazte literaturako zenbait lan ditu aurrez emanak—.

«Ez dut kontra egin nahi»

«18 urterekin hasi ginen ETAn, ikusten genuelako filosofia hark eramango gintuela goi-asmo horretara: Euskal Herri independente, subirano eta euskaldun batera». 1970eko urteak ziren, eta, asmo horretan berresten dela aipatu duen arren, ordutik aurrera izandako «bilakaera pertsonal, humano eta politikoan» jarri du arreta Gorrindok: «ETAn geunden, ETAko presoak ginen. 500-600 pertsonako kolektibo batean, gutasun baten zati sentitzen zara, eta nitasuna bazterrean uzten duzu, zoritxarrez edo zorionez».

Azaldu duenez, ETAren jarduna «beste zerbait bilakatzen» ari zela ikusteak «gogogabetu» eta erakundearen ildo nagusitik urrundu zuen. «Ni oso asanblearioa izan naiz beti, baina kartzelan jendea hasi zen iritziak asanbladetatik kanpo ematen, ze, ETAren idiosinkrasiarekin batera ez zihoazen usteak baldin baziren, desprestigiatzen zintuzten. Asanbladetan jende gehienak ez zuen hitz egiten, baina beste batzuk egiten genuen. Gure artean eztabaida bultzatu nahi izateagatik kanporatu egin gintuzten presoen kolektibotik». Baina hori guztia bere errealitatea izan dela berretsi du egileak: «Egia absoluturik ez dago; egia denak dira txikiak eta norberarenak. Nik nire bizipenak kontatu ditut, nire gogaideekin eta adiskideekin partekatuak».

«Erakunde barruan ez dira egon behar mitoak eta heroiak, bestela erakundea bera bihurtzen da helburu. Eta hori gertatu zen ETArekin». Erakundearen azken urteetako historiak eta bere esperientzia izan denak ekarri dizkion uste gehiago ere agertu ditu Gorrindok, eta irudipena du «gizarte osasuntsuago batera» heltzeko modua izan daitekeela horiek partekatzea. «Ez dut inoren kontra egin nahi, alderantziz. Kartzelatik atera ninduten traidoretzat hartuta, eta bai, uste dut testigantza honek balio dezakeela aurreiritziak baztertu eta ezberdinen artean hitz egiten ikasteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ARGAZKIA: MARISOL RAMIREZ /FOKU - ARGAZKI MONTAJEA: BERRIA

Nora doa euskal kultura?

Amaia Igartua Aristondo

Transmisioa, sustapena, kulturgileen arteko batasuna edota instituzio subiranoak izatea. Horiek dira euskal kulturak etorkizunean dituen erronka kolektiboetako batzuk, BERRIAk galdekatutako zazpi sortzaileen ustez. Batzuetan, sektorearen norabideak bat egiten du bide orokorrarekin; kasu guztietan, lanetan eragiten du.

<em>Hobbita</em> 1937an argitaratu zuen J.R.R. Tolkienek. Goian, lehen edizio haren azalerako sortu zuen irudia. ©EFE / MORGAN MUSEOA

Editorea hobbit zuloan behera

Joannes Jauregi

Urtea bete da Christopher Tolkien zendu zela, John Ronald Reuel Tolkien idazlearen seme eta hil ondoko argitaldaria. Aitaren itzalpean eman zuen bizi osoa, itzal hori lantzen, osatzen eta argitara ematen. Funtsezkoa da haren jarduna ulertzea aitaren balio literarioaz jabetzeko.

Salem 66 taldea da bilduman ageri direnetako bat. ©'STRUM & THRUM' BILDUMA

Tin-tin egiten, hardcore garaietan

Julen Azpitarte

'Strum & Thrum' bilduma argitaratu dute: AEBetako 1980ko hamarkadako hardcore eztandaren itzalpean loratu zen tokiko pop eszenako doinuak bildu dituzte LP bikoitzean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna