Durangoz haragoko azoka

Kontzertu batzuen bidez, zortzi udalerritara zabalduko da Durangoko 55. Azoka. 32 talde ariko dira zuzenean. Azoka egunen ondotik, saltokietan emango diote jarraipena 'online' dendari

Bingen Zupiria eta Nerea Mujika, atzo, Donostiako Dabadaba aretoan egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ezohikoa izango da Durangoko 55. Azoka. Pandemiak eragindako egoera dela eta, arduradunek iragarria zuten abenduaren 4tik 8ra Landako Guneak ez zuela beste urte batzuetako irudi jendetsurik utziko, aurten ez baita salmahairik izango. Baina azokari eustea erabaki zuten: besteak beste, denda digitala martxan jarrita eta hainbat ekitaldi streaming bidez ere eskainita. Beste urrats bat egin du orain Gerediaga Elkarteak, eta murrizketak direla-eta Durangora joan ezingo duten kulturazaleengana azoka gerturatzeko asmoz, Zu non, han DA! izeneko egitasmoa jarri du martxan. Abenduaren 5etik 8ra, 32 taldek kontzertuak eskainiko dituzte Hego Euskal Herriko zortzi herritan. Gainera, azokako online dendari liburu dendetan emango diote jarraipena abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra. Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak atzo eman zuen egitasmoaren bi ardatzen xehetasunen berri, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledun eta Kultura sailburuarekin batera Donostiako Dabadaba aretoan egindako agerraldian.

«COVID-19a hurbiltzen ikusi genuenetik, bagenekien ziur aski ezin izango genuela ohiko azoka bat egin. Baina, era berean, argi genuen azoka antolatzea inoiz baino beharrezkoagoa zela, osasun krisiak gogor jo dituelako gure gizarteko arlo guztiak, baina bereziki latza izaten ari delako kulturgintzarentzat eta euskalgintzarentzat», adierazi zuen Mujikak. Aitortu zuen antolatzaileentzat «benetako erronka» izaten ari dela aurtengoa prestatzea; azokaren egunetan egoera zein izango zen jakin ezinda, aukera ezberdinak aztertzen jardun zuten. Mundu digitalak ematen dituen aukerak baliatu nahi izan dituzte, baina presentzialtasunari uko egin gabe; Durangoko Azoka ez baita soilik saltoki bat, «hori baino askoz gehiago» baita, Mujikak gogora ekarri duenez. Hala, lehen aldiz, denda digitala martxan jartzea erabaki zuten, eta Durangon bertan izango den kultur egitaraua ere osasun neurrietara egokitzea: Landakok hartuko ditu liburu aurkezpenak, mahai inguruak, ikus-entzunezkoak eta arte eszenikoetako proposamenak; Plateruenak, berriz, disko aurkezpenei lotutako kontzertuak. Etxetik ere ikusi ahal izango dira ekitaldiak, streaming bidez. Horiek, baina, edukiera mugatua izango dute, eta, gainera, Durangoko eta mugakide diren udalerrietako herritarrek baino ezingo dute joan. «Hori dela eta, aurten euskal herrietatik Durangora etortzerik izango ez denez, DA! joango da euskal herrietara».

Zu non, han DA! egitasmoak bi ardatz izango ditu: Plaza eta Denda. Lehenari dagokionez, azokak kontzertu batzuk antolatuko ditu zortzi udalerritako hamar aretotan: Araban, Amurrioko Burubion eta Gasteizko Jimmy Jazzen; Bizkaian, Ondarroako Beikozinin, Bilboko Euskalduna jauregian eta Bermeoko Kafe Antzokian; Gipuzkoan, Donostiako Dabadaban eta Dokan, eta Azpeitiko Soreasun eta San Agustinen; eta Nafarroan, Atarrabiako Totemen. Azaldu dutenez, Ipar Euskal Herrian, ez da posible izan zuzenekoak antolatzea, indarrean diren neurriak direla eta. 32 musika taldek osatuko dute egitaraua: ibilbide luzea dutenek eta hasi berriek. Horien artean izango dira, besteak beste, Gatibu, Zea Mays, Dupla, Nogen, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak eta Joseba Irazoki. «Helburua da azoka ahalik eta kulturazale gehienengana heltzea, musikariei plaza berriak eskaintzea, eta aretoei eta bertako langileei ere laguntza txiki bat ematea», adierazi du Mujikak. Kontzertuetarako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 11:00etatik aurrera, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Azoka, liburu dendetara

Denda izango da azoka kulturazaleei hurbiltzeko egitasmoaren bigarren hanka. «Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina azokaren eragina Gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu, eta liburu dendetan emango diogu jarraipena online dendari», azaldu zuen Mujikak. Abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra, azokaren katalogoko produktuak salgai izango dira Euskal Herri osoko liburu dendetan. Egitasmoan parte hartu nahi duen liburu denda orok izango du aukera, eta izena emateko epea zabalik dago.

Hori guztia Gerediaga Elkarteak bakarka egitea ezinezkoa litzatekeela ere esan zuen Mujikak, eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak eman zizkion «proiektu honetarako beharrezko diru laguntza eskaintzeagatik». Bingen Zupiriak gogora ekarri zuen orain bi hilabete bildu zirela elkarteko arduradunekin, eta, egungo egoera aurreikusita, ohiko azokari eustea ezinezkoa izango zela ikusi zutela. Baina beste era batera bazen ere, aurrera jarraitzea erabaki zuten, eta «erakusleiho digital handi bat sortzea» ere bai. «Durango erakusleiho handi bat da: dendatik asko du; plazatik asko du, eta harremanak sortzen diren gunetik asko du». Baina, horrez gain, euskal kultur industrien ekonomian «eragin izugarria duen toki bat» ere badela nabarmendu zuen. Bultzada horri eutsi nahian erabaki zen programazioa beste herri batzuetara zabaltzea. «Horrek aukera emango die sortzaile askori beren azken lanak jendaurrean aurkezteko».

Edonola ere, azokak «erronka handi bat» duela esan zuen Zupiriak, «euskarazko kultur industriak iraupenerako diru sarrera garrantzitsu bat galtzen duelako». Horrek herritar orori ere erronka bat ezartzen diola gehitu zuen: «Ezartzen digun erronka da modu kolektibo batean gure liburugintzak eta gure musikagintzak duten premiari erantzutea. Eta hori egiteko modurik eraginkorrena eta hoberena, oraintxe bertan, zera da, Durangoko Azokaren bueltan sortu diren eta aurkeztuko diren liburu eta musika gaiak erostea, ordaintzea, eta industria horren atzean dauden sortzaileei laguntzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.