'Welcome to Chechnya' filma saritu du Giza Eskubideen 18. Zinemaldiak

David Franceren lan luzeak Amnesty International erakundearen saria eta ikusleen saria lortu ditu Donostiako jaialdian. Gazte Epaimahaiak Julien Goudichauden 'Confinés dehors' laburra saritu du

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Sari bikoitza jaso du Welcome to Chechnya lanak Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian: Film Luzerik Onenaren Amnesty International saria ez ezik, ikusleen saria ere eraman du David Francek zuzendutako filmak. Epaimahaiak, berdintasunaren aldeko borrokarekin bat egin, eta LGTBI kolektiboaren bazterketaren aurka egin nahi izan du, Iñigo Aranburu aktore eta epaimahaikidearen hitzetan. Eta, hala, «Txetxeniako Errepublikak orientazio sexualagatik erabilitako bortizkeria latza erakusteagatik» eman diote saria AEBetako ekoizpenari. Gazte Epaimahaiak, berriz, Julen Goudichaud zuzendari frantziarraren Confinés dehors film laburra saritzea erabaki du, konfinamendu garaian etxerik gabekoek bizi izandako egoera «modu errealista eta gordinean» erakusteagatik, Maria Sarasola epaimahaikidearen esanetan. Atzo goizean jakinarazi zituzten sariok bi epaimahaietako ordezkariek eta Josemi Beltran jaialdiko zuzendariak, eta arratsean banatu, festibalari amaiera emateko Viktoria Eugenia antzokian eginiko ekitaldian. Montxo Armendariz zuzendariak eta Puy Oria ekoizleak ere ekitaldi berean jaso zuten ohorezko saria.

Txetxenian LGTBI kolektiboak jasaten duen jazarpena du hizpide Franceren lanak. Pertsona horiek bizi duten babes falta jartzen du agerian, baita herrialdetik alde egin beharrean izaten direla ere, senideekin batera batzuetan, «estatuko aparatu parapolizialen helburu» bihurtu ostean. Horrekin batera, haiek laguntzeko giza eskubideen aldeko ekintzaileek egiten duten lana ere azaltzen du filmak. Eta, hori guztia erakustearren, lana «muturreko arriskua» hartuta grabatu dutela ere nabarmendu du epaimahaiak. «Alabaina, horrek ez dio kentzen kalitate teknikorik, eta ikuslea harrapatzeko moduko erritmoa dauka», gehitu du Aranburuk. Horregatik guztiagatik eman diote zinemagileari aurtengo garaikurra: Koldobika Jauregi artistaren Argi Ohola eskultura, hain zuzen.

Halaber, emanaldi bakoitzaren ostean jaialdiko ikusleek pelikulei puntuazio bat emateko aukera dutela gogorarazi du Beltranek, eta hala egin dutela aurten ere. Hamarretik 9,43 puntu lortuta, Film Onenaren Ikusleen Saria ere eraman du Franceren lanak.

Bestelako gai bat du ardatz Julien Goudichauden film laburrak, aurtengo Gazte Epaimahaia osatu duten 50 kideek saritu dutenak—8,77 puntu eman dizkiote—. Confinés dehors-en «kalitate zinematografikoa eta giza eskubideen inguruan sentsibilizatzeko duen gaitasuna» nabarmendu ditu Sarasolak, epaimahaiaren izenean. «Film labur honekCOVID-19ak eragindako konfinamendua erakusten digu, kolektibo zehatz bezain askotariko baten ikuspegitik. Modu errealista eta gordinean azaltzen du bakartzeko lau horma ez dituztenek bizi izan zutena gure etxeetan konfinatu behar izan genuenean, Parisko dimentsio ezezagun eta ilunetan jarriz arreta». Epaimahaiaren hitzetan, lehenagotik gizartean zeuden gabeziak agerian utzi ditu pandemiak, eta aurrez ere «pertsona asko kalean bizitzera behartuta» zeudela eta daudela ezin dela ahaztu ohartarazi du, bai«Parisen eta munduko hainbat txokotan, bai hemen, Donostian, eta inguruko herrietan ere bai». Errealitate hori bistaratzeagatik saritu dute lana.

Balorazio «oso ona»

Joan den ostiralean hasi zen jaialdia, eta atzo arratseko ekitaldiarekin bukatu. Egungo egoera kontuan izanda, balorazio «oso ona» egin dute antolatzaileek, Beltranen hitzetan. Edukiera eta mugimendu mugen gainetik, «donostiarrek erantzun izugarria» eman diote jaialdiari, haren ustez. 3.500 ikusle izan dira helduentzako emanaldietan, eta 5.800 ikasle inguru, berriz, eskoletan egindako proiekzioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.