Gogortasunak ez ditu izutzen

Lointek Gernikak gaur ekingo dio Eurokopako multzoko faseari, Virtus Bolognaren pabiloian. Italiako taldeak nabarmen egin du gora azken bi sasoietan, baina bizkaitarrak baikor dira

Lointek Gernikako jokalariak, herenegun, Bolognara bidaiatu aurretik. MONIKA DEL VALLE /FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiak gaur ekingo dio beste denboraldi batez Europako lehiari. Mario Lopezen taldea multzo buru gisa iritsi zen Eurokopako zozketara, eta aurkariak aurreko sasoietakoak baino samurragoak izatea espero zuen. Baina usteak erdi ustel. Gaurtik aurrera hiru kontrario oso gogorrekin lehiatu beharko du buruz buru, txapelketan aurrera egiteko: Virtus Bologna, Roche Vendee eta Flammes Carolo. Italiarren pabiloian izango dute estreinaldia bizkaitarrek (20:30).

Aurkarien zailtasunak, ordea, ez du izutzen Belen Arrojo jokalaria. «Egia da zozketan ez genuela zoria alde izan, eta txapelketako multzorik gogorrena egokitu zaigula. Baina ederra da halako aurkarien aurrean lehiatzea; erakargarria da. Azken denboraldietan, gainera, Eurokopan gehiago sufritu dugu ustez samurragoak ziren aurkarien kontra. Indartsuenen kontra, berriz, ondo lehiatu gara. Beraz, ea ondo jokatzeko gai garen». Gainera, nahiago du partidaz partida joan. «Ezin dugu epe luzera pentsatu. Ligaxkak sei partida ditu, eta gauza asko gerta daitezke: lesioak, bolada txarrak... Begira zer gertatu zaigun guri Meskoniterekin eta Bjorklundekin». Funtsezkoa iruditzen zaio etxeko partidak aurrera ateratzea. «Indartsu izan behar dugu Malosten, eta badaezpada kanpoan ere partidaren bat irabazi».

Hasiera batean Frantziako bi taldeak dira indartsuenak, eta aurrera egiteko hautagaiak. Baina Arrojok uste du Bologna kontuan hartzeko aurkaria dela. «Maila handiko jokalariak ditu, talentu handikoak. Etxean jokatzen dute, eta ez da erraza izango». Italiako taldea Bigarren Mailan zegoen duela hiru denboraldi arte. Baina azken bi urteetan gora egin du nabarmen. 20 urtez Italiako selekzioko hautatzaile izan den Lino Lardoren eskutik Europarako sailkatu da. Cecilia Zandalasini hegalekoa da taldeko izarra, WNBAn eta Euroligan esperientzia duen jokalaria. «Hura geratzea funtsezkoa izango da irabazteko».

Arrojok nabarmendu du, beraiek bezala, fisikoari baino gehiago arlo tekniko-taktikoari ematen diola garrantzia. «Ziurrenik multzoan gurekin antz handien duela taldea da». Hori kontuan hartuta, partida parekatua espero du. «Defentsa erabakigarria izango da, eta lan horretan oso adi egon beharko dugu. Izan ere, hor hoberen moldatzen dena erasoan patxada handiagoz arituko da,eta abantaila txiki bat izan dezake irabazteko». Bestalde, beharrezkoa ikusten du partzial handiak ez jasotzea. «Igandean Perfumeriasen kontra gertatu zitzaiguna ikasgai handia izan behar du guretzat. Halako aurkarien kontra ezin dugu minutu bakar batean ere arreta galdu. Bestela, zaila da buelta ematea, abantailari oso ondo eusten dakitelako».

Aurreko sasoikoa gogoan

Roche Vendee eta Carolo talde «fisikoagoak» direla nabarmendu du. «Hori dela eta, partida taktikoagoa planteatu behar dugu, eta lehiak ondo aztertzen asmatu. Ahalmen fisikoa baliatuz, haiek bat baten kontrako jokaldiak planteatuko dituzte, eta hori saihestu behar dugu batez ere. Aurreko denboraldian haien aurka jokatu genuen, eta irabazi egin genien. Beraz aukerak ditugu».

Hemendik aurrera astean hiru partida jokatuko dituzte. «Gogorra» dela onartu du Arrojok. «Gauza asko gerta daitezke. Baina prest gaude. Jokalarioi gustatzen zaiguna jokatzea da. Azken urteetan taldea horretara ohituz joan da. Garrantzitsua izango da partida batetik bestera ondo berrindartzea».

Arrojo funtsezko jokalari bihurtu da Lopezen taldean, eta «gustura» dago. «Baina ez ni bakarrik. Uste dut jokalari guztiak sentitzen garela funtsezko, eta hori da onena». Berak taldeari eman diezaiokeenaren inguruan ondorengoa adierazi du. «Jokalari langilea eta adoretsua naiz. Batez ere hori ematen diot taldeari, eta horretan segitu nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.