KRITIKA. Antzerkia

Manolita Chen-en zirkuaz

2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
'Manolita Chen: un cuento chino'

Dramaturgia eta Zuzendaritza: Jose Troncoso. Aktoreak: Pepa Zaragoza, Maria Jaimez, Nacho Vera, Chema Noci, Isa Belui, Luigi Belui. Eszenografia eta jantziak: Vanessa Actif. Musika: Mariano Marin. Koreografia: Luis Santamaria. Argiak: Ion Anibal. Lekua: Arriaga Antzerkia. Eguna: urtarrilak 8.

Pepa Zaragoza aktore aragoiarrak azken aurreko ikuskizunean XVII. mendeko La Baltasara aktorea haragitu zuen antzerkiaren historian emakumeen lana ikusarazteko helburuz. Oraingo honetan, xede bera duela, frankismo garaiko Manolita Chen artista eta enpresariaren rola era txalogarrian antzeztu digu troupe egoki batek lagunduta. Erreibindikazio gisa uler daitekeen lan honetan bi dira planteatzen zaizkigun hausnarketarako gaiak: memoriaren ahuldadea, batetik; eta entretenimenduhutsen balioa, bestetik. Antza, egun inork gutxik gogoratzen du Zirku Txinatarrak feriaz feria eskaintzen zituen varieté, errebista eta zirkuaren nahasketa apal hura, eta horren aitzakian protagonistak aletzen dizkigu bere bizitza profesionaleko pasarteak.

15 urterekin Price zirkuan lanean hasi, eta bertan ezagutuko zuen Tse Ping Chen labana jaurtitzailearekin ezkondu ondoren, negozio propioa jartzeko ametsa bete zuen Manolitak. Horrela jaio zen diktadurapean hain sonatua izan zen Zirku Txinatarra izeneko antzoki eramangarria. Bertan, akrobazia, kuple, dantza eta umoristen saioen artean, Manolitak berak errebistako vedettearena egiten zuen, arrakasta handiz, gainera.

Era atsegin batean antzezturik, ederki entretenitu gaituzte garaiko emanaldietan gertatzen zena berrantzezten. Gozoa da ikuskizuna, fina, eta ez du ez barregarritasuna bultzatzen, ezta momentu garrantzak azpimarratzen ere. Gordinkeriarik ez. Entretenimendu hutsa izatearen aldarrikapena aditzen diogu protagonistari, eta egia da, leunki distraitzen gaituzte Els Comediants eta La Cubana taldeen oihartzunak baitaratzen dituen antzezlanarekin. Hala egiten zuenherriz herri, orduko Zirku Txinatarrak, eta horrela egiten du haren omenaldian Jose Troncosok sorturiko lan honek, harik eta Trantsizioko intelektualen iritziak entzuten ditugun arte. Mespretxuak eta aurreiritziak taularatzen dituzten momentuan, tentsioa areagotu egiten da, eta baita interesa piztu ere; eta ia familia osoarentzakoa ematen zuen obrak beste dimentsio batera jotzen du. Frankismoa, zentsuraren bitartez, Zirku Txinatarra ito nahian ibili zela erakutsi digute modu umoretsu batean momentu hori iritsi arte, bainaikuskizunak tonu goibelerago batera jotzen du 80ko hamarkadan Umbral eta enparauen deskribapenak aditzen ditugunean. Horrela, jakinarazi digute Pobreen kabareta definitu zuten hark mespretxua eta ahaztura jaso duela, urteek aurrera egin ahala, gustu burgesaren imajinarioan

Dena den, azkenean, klase langileen entretenimendua zen hari buruzko balorazioaren auziak ez du aurrera egin, eta familia osorako ikuskizun gisa geratu da Pepa Zaragozaren ahalegina. Entretenigarria, hori bai. Eta ikusleok, ondo entreteniturik, bapo pasatu dugu. Eta ez da gutxi, antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.