Donostiako 70. Zinemaldia. Hasierako gala

Ospakizun baterako urtea

Donostiako Zinemaldiaren 70 urteek protagonismo berezia izan dute jaialdiaren hasierako galan. 1953. urteko lehen zinema festibalean parte hartu zuten lau dantzari izan dira ekitaldian

1953ko Donostiako Zinemaldian dantza egin zuten lau emakume igo ziren oholtzara, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ezinbestean izan behar zuen ezberdina. Azkeneko bi urteetako —pandemia bete-betekoak— inaugurazio ekitaldiak Jon Maia dantzariak zuzendu zituen, Harkaitz Cano aritu zen gidoi taldean, eta Luis Mari Moreno Urretabizkaia Pirata izan zen musika zuzendari. Ondorioz, ekitaldi ikusgarriak izan ziren, hitzari garrantzia handia eman ziotenak, baina, batez ere, dantzaz eta musikaz bete zituztenak. Aurtengoa, berriz, Santiago Tabernero kazetari, gidoilari eta zinema zuzendari espainiarrak gidatu du, eta, koronabirusak bi urtetan ezarritako murrizketa guztiak desagertuta, nabari zen atzo ospakizunerako gogoa. Bi urte gogor gainditu izanagatik batetik, jaialdia ospakizun urtean dagoelako bestetik.


Loreto Mauleon eta Paco Leon aktoreek gidatu zuten gala, eta hasieratik nabarmena izan zen umorez aritzeko gogoa, batik bat Leonen partetik. Izan ere, sarritan zinemaldiko ekitaldietan gertatzen den bezala, Leonek euskaraz aritzeko duen ezintasunarekin edo euskal herritarren izaerarekin egin zituzten txisteak behin baino gehiagotan.

70 urte bete ditu aurten Donostiako Zinemaldiak, eta urteurren hori oso presente egon zen hasiera-hasieratik ekitaldian. 1953. urtean egin zen aurrenekoz jaialdia, eta, hori dela eta, NO-DO frankismo garaiko albistegiaren urte hartako irudiekin hasi zen ekitaldia. Imajina horietan zegoen gaueko lehen sorpresa, artistei arku eta ezpatekin ongietorria egiten zien dantzari taldeko lau ordezkari, guztiak emakumeak, Kursaaleko publikoaren artean zeudelako. Mauleonek eta Leonek gonbidatuta, agertokira igo ziren, eta hainbat bitxikeri kontatu zituzten, baita lehen urte hartan ez zietela ezer ordaindu ere. «Filmak ikusteko aukera izan genuen. Tira, bat ez ziguten utzi, bularrak ukitzen zirelako!», adierazi zuen emakumeetako batek publikoaren algara eraginez, eta gaineratu zuen: «Suediarra zen».

Zinemaldiko hasiera eta amaiera ekitaldietako aurkezle izan dira urte askotan Edurne Ormazabal eta Cayetana Guillen Cuervo, eta atzo ere izan ziren Kursaleeko ekitaldian. Gaur egun, Ormazabal Donostiako Tabakalera zentroko zuzendari izanik, haren eskutik eman zuten Tabakaleran zinemaldiaren 70 urteak gogoratzen dituen erakusketari buruzko bideo bat. Guillen Cuervok, bere aldetik, Espainiako zinemak Donostiara aurten ekarri duen uzta goraipatu zuen, film horietako batzuen irudiak erakutsita.

Bestalde, Zinemaldiko hasierako ekitaldia aurreko urte osoan hildako zinema munduko jendea omentzeko baliatu izan dute antolatzaileek, baina, atzo, zinema industriako eragileak ez, baizik eta garai batean edo bestean Donostiako Zinemaldiaren antolakuntzan edo hautaketa batzordean parte hartu zutenak oroitu zituzten: Alfredo Knuchel, Mariano Larrandia, Tony Partearroyo eta Jose Angel Herrero-Velarde. Guztiak azken 365 urteetan zendutakoak. Eta eskerrak eman zizkioten, halaber, Jean Luc Godard zinemagile frantziarrari: aste honetan bertan hil da.

Aldaketa epaimahaian

Zinemaldia hasi baino bi egun lehenago, ezusteko desatsegina izan zuten jaialdiaren antolatzaileek, Glenn Close aurtengo epaimahai ofizialeko buruak jakinarazi baitzien ezingo zuela Donostiara etorri, «familia larrialdi» baten ondorioz. Azkenean Matias Mosteirin ekoizle argentinarrak ordezkatu du, eta epaimahaiko kideek lagunduta —Antoinette Boulat, Tea Lindeburg, Rosa Montero, Hlynur Palmason eta Jeremiah Mosese— igo zen oholtzara. Haiei egokituko zaie Sail Ofizialeko hamazazpi filmen artean banatzea sariak.

Egokitu zaien zeregina kontuan izanda, gaur egun «ezinezkoa» dirudiena egin beharko dutela azaldu zuen Mosteirinek: «Elkartu beharko dugu, lasai-lasai hitz egiteko eta sari batzuk adosteko». Eta gaineratu zuen: «Historiaren garai honetan, jarrerak zurrunak eta hutsak direnean, erreskatatu dezagun zinemak duen gaitasuna hainbesteko intrantsigentziari eta desadostasunari erantzuteko guneak sortzeko. Ospa ditzagun askatasuna eta kontraesana eta desberdintasunean ere hitz egiteko gaitasuna». Zinemaren ugaritasunari ere egin zion aipamen epaimahaiburuak. «Ospa ditzagun askatasuna eta kontraesana, eta desberdintasunean ere hitz egiteko gaitasuna. Zinema ahots mordo hori da, mundua ikusteko moduak, zuri-beltzean, koloretan, isilean edo burrunban».

Ospakizun bat izanik, atzoko gala zinemaldiari Zorionak zuri abestuz amaitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.