Pertsonaiaren atzeko Urtubia

Lucio Urtubia ekintzailearen bizitza biltzen duen eleberri grafiko bat kaleratu du Txalapartak. Mikel Santos 'Belatz' marrazkilariak osatu du 'Gerezi garaia' komiki liburua

Maider Galardi
Donostia
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Liburuak, dokumentalak, filmak, elkarrizketak... askotariko euskarritan bildu da azken urteotan Lucio Urtubia ekintzailearen bizitza (Cascante, Nafarroa, 1931). 87 urtetan egindako ekintzen eta izandako abenturen zerrenda ere amaigabea da: First National City Bank bankuari egindako amarrua, Che Guevararekin izandako solasaldia, 68ko Maiatzeko gertaerak... Aski ezaguna da Urtubia pertsonaia gisa, eta sonatuak urte horietan aurrera eramandako ekintzak. Mikel Santos Belatz komikilariak, ordea, pertsonaiatik pertsonara itzuli nahi izan du Urtubia: «Bere ekintzak baino gehiago, bere bizitza eta barne gogoetak bildu nahi izan ditut eleberri grafiko honetan». Atzo aurkeztu zuten Gerezi garaia, Txalapartak argitaratutako liburua, Donostiako Udal Liburutegian.

Bi urtez aritu da Belatz lan horretan. Parisen bizi da Urtubia, baina etengabeko harremana izan du berarekin. «Lucioren biograforik onena bilakatu da Belatz. Gorabehera guztiak ezagutzen ditu», nabarmendu du Mikel Soto Txalapartako editoreak. Hiru denbora lerrotan antolatu du kontaketa, eta hor bildu ditu Cascanteko istorioak, Parisko borrokak eta abenturak, eta gaur egungo gogoetak. «Ekintzailearen argi-ilunak ere jaso nahi izan ditut», azaldu du Belatzek. Hala, ekintzailearen erraietaraino sartu da, bere sentimenduak eta gogoetarik sakonenak argitan emateko. Horretarako, fikziozko pertsonaia bat sortu du: Amaia gaztea. Urtubiak berarekin Parisetik Cascantera egiten duen bidaiak ahalbidetzen du Cascantetik Parisera ekintzaileak egindako bidea azaltzea. «Ni neu izan ninteke Amaia», azpimarratu du Belatzek: «Istorioa josteko fikziozko pertsonaia da, baina solasaldi horiek ez daude errealitatetik urrun».

«Gauza asko esan da Lucioz, baina Belatzek lortu du hori deseraikitzea, eta foku berriei arreta ipintzea», gaineratu du Dani Fano komikilariak. Nabarmendu du, gainera, Belatzek pertsonaien sentimenduak adierazteko duen gaitasuna: «Irudikatzen dut Belatz Lucio marrazten negarrez ari dela. Sekulako maitasunarekin egindako eleberria da». Komikiaren egileak ere aitortu du begirune bereziz egin duela lan Urtubiarekin: «Konexio berezia izan dut ekintzailearekin. Zaila da oraindik bizirik dagoen norbaiten biografia idaztea, baina familiakoa banintz bezala sentiarazi naute bere ingurukoek». Aitortu du Urtubiak esan izan diola prozesuan zehar gertaeraren bat edo beste kentzeko, baina, oro har, errespetatu du Belatzen irizpidea: «Badira kontu batzuk oraindik esan ezin direnak, baina bazuen gogoa halako epilogo bat egiteko». Horren adibide, liburuan jaso dituzte orain arte ikusi gabeko pasaporteak faltsutzeko erabiltzen zituen plantxak. Horrez gain, 36ko gerran Nafarroako hainbat herritan gertatutako sarraskiak eta ekintzaileak frankismo garaian bizitako miseriak ere bildu dituzte liburuan: «Haurtzaroak eragin handia izan duLucioren bizitzan, eta horrek testuinguruan kokatzen du bere ibilbidea», azpimarratu du komikigileak.

«Lucio bera ere hunkituta gelditu da komikiarekin», nabarmendu du Belatzek. Izan ere, orain dela lau urte Mi utopia vivida autobiografia kaleratu zuen Txalapartarekin, eta Durangoko azokan aurkezten ari zela ikusi zituen argitaletxeko komiki batzuk: «Esan zigun halako formatuan egin nahiko lukeela zerbait», azaldu du Sotok. Handik gutxira lotu zuten Belatz lan hori egiteko, eta, ordutik, Urtubiaren «dokumentalista, biografia egilea eta komiki marrazkilaria» bihurtu da.

Komikien berpizkundea

Urtubiak ez ezik, Txalapartako kideek ere bazuten gogoa komiki formatuan eleberri bat kaleratzeko: «Euskal Herrian komikigintza apalduta zegoen, eta ikusten genuen horren aldeko apustua egin behar genuela», azpimarratu du Sotok. Fanok uste du azken urtetan loratzen ari dela berriz ere euskal komikigintza, baina ikusten ditu oraindik ere oztopoak: «Euskara haurrentzako hizkuntza dela diote, eta komikia haurrentzako euskarria. Halabeharrez baztertuta dago, beraz, euskarazko komikigintza».

Kezka hori izan dute liburuaren izenburua erabakitzeko garaian ere: «Lucioren altxor ezkutua haurrentzako izenburua iruditzen zitzaigun», azpimarratu du Sotok. Horregatik hobetsi dute Gerezi garaia izenburua ipintzea, Urtubia berari omen egiteko: «Bere abesti gustukoena da Le temps de cerices». Euskaraz gain, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz ere argitaratu dute eleberri grafikoa. Belatz: «Abagune aproposa da haren bizitzaren eta hark egindakoaren transmisioa egiteko, oraindik bizirik baitago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.