Jazzaren lehen geltokia

Gaur hasiko da 43. Getxo Jazz jaialdia, eta 20 emanaldi jasoko ditu igandera bitarte. Besteak beste, Madeleine Peyroux eta Paquito D'Rivera izango dira

85 musikari bilduko dira 43. Getxo Jazz jaialdian bihartik igandera bitarte. Irudian, Madeleine Peyroux. JUANJO MARTIN / EFE.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Bost egunez jazzaren epizentroa izango da Getxo (Bizkaia). Gaur hasiko da Getxo Jazz jaialdiaren 43. aldia, eta hamazazpi musika talde eta 85 musikari bilduko dira udalerrian igandera bitarte. Orotara, 20 emanaldi izango dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jazz denboraldia irekiko du Getxok, Gasteizko eta Donostiako jaialdiek hartuko baitute lekukoa gero, hilaren 15ean eta 24an, hurrenez hurren. Iñaki Saitua jaialdiko zuzendariaren esanetan, hiru ardatz nagusi ditu Getxokoak. «Kalitatea, aniztasuna eta musikari gazteen lana bultzatzeko apustua dira gure oinarri nagusiak. Horretarako, hamazazpi talde, 85 musikari eta 29 emanaldi bilduko ditugu aurtengoan». Euskal Herriko eta nazioarteko musikariak izango dira gaurtik aurrera oholtzan.

Agertoki nagusia aldatuko du aurten jaialdiak, eta horixe du berrikuntza nagusi: azken urteetan Bihotz Alai plazan bildutakoak Muxikebarri arte, kultura eta kongresuetarako zentro berrira lekualdatuko dituzte. Ordainpeko emanaldiak egingo dituzte, baina doako kontzertuak ere izango dira, egunero, Geltoki Plazan.

Andrea Motis (Bartzelona, 1995) abeslari, saxofoi jotzaile eta tronpetista katalanak irekiko du jaialdia. Zazpi urte zituela hartu zuen Motisek tronpeta, eta urte luzez Sant Andreu Jazz Banden aritu ondoren, 2017an kaleratu zuen bere bakarkako lehen lana. Estilo propioa garatu du Motisek gaztetatik. «Jazzaren izen handietako bat da, urte asko daramatza eszenan», azpimarratu du Saituak. Julian Lage gitarristak hartuko dio lekukoa (Santa Rosa, Kalifornia, AEB, 1987): 31 urte izanagatik, ibilbide oparoa osatua du jada, eta jazzaren izen handiekin aritu izan da elkarlanean, hala nola Gary Burton, Jim Hall eta Bela Fleckekin. Taldeburu gisa lau disko plazaratu ditu. Hirukote berri batekin dabil azkenaldian. «Jazzaren haur miraritzat hartzen da Lage».

Kenny Barron (Filadelfia, AEB, 1943) pianista izango da ostiralean. Jazzean, piano jotzaile erreferente nagusietakoa da 1990eko hamarkadaz geroztik, eta artista handiekin aritutakoa ere bada: Dizzy Gillespieren eta Stan Getzen taldeetan aritu izan da. Asteburuan bestelako dimentsioa hartuko du jaialdiak, orduan igoko baitira agertokira izenik ezagunenak.

Larunbatean Madeleine Peyroux (Georgia, AEB, 1973) abeslaria izango da oholtzan. Jazz munduan nazioartean dagoen abeslaririk arrakastatsuenetarikoa da Peyroux. Sona handiko lanak argitaratu ditu; 2018koa da azkena: Anthem. Bob Dylan, Bruce Springsteen, Brian MacLeod eta Patrick Warren musikarien kolaborazioak bildu ditu bertan.

Paquito D'Rivera (Habana, 1948) klarinete eta saxo jotzailea da aurtengo jaialdiaren izar nagusietakoa, eta azken egunean izango da Getxon. Irakere taldearen sortzaile izan zen; 30 disko grabatu ditu, eta hamabi Grammy sari irabazi. Zazpikotean ariko da jaialdian, Caribean Tour biraren barruan, jazz latinoko doinuak eskaintzeko. «Kontzertu berezia egingo du».

Gazte sortzaileei bultzada

Musikari gazteen lana sustatzea da, Saituaren esanetan, jazz jaialdiaren helburu nagusietako bat. «1986tik lehiaketa antolatzen dugu, eta oso garrantzitsua da guretzat. Saiatu gara, urtez urte, sail hori indartzen eta musikari gazteei aukera gehiago ematen». Datuak ere eman ditu jaialdiko zuzendariak. Azaldu duenez, Europako Batasuneko hamalau herrialdetako 66 talde aurkeztu dira aurten lehiara, eta horietatik lau aukeratu dituzte antolatzaileek: Claudio Jr. De Rosa Quartet, Szymon Klekwicki Sextet, Jose Angel Lorente Quintet eta Marc Martin Trio. 4.300 euroko saria jasoko du irabazleak, eta igandeko emanaldian D'Riveraren aurretik jotzeko aukera ere izango du. Bigarren saridunak 1.800 euro irabaziko ditu, eta bakarlaririk onenak, aldiz, 900 euro.

Urtero antolatzen duten Hirugarren Milurtekoa izeneko atalean ere musikari gazteak bilduko dituzte. Geltoki plazan izango dira emanaldiak, eta bost talde ariko dira: Kontxi Lorente Trio, Jon Urrutia Trio, Girls in Band, Aishinka eta Juanma Urriza Quintet. Aipatutakoez gain, jazzaren bueltako jam sesioak eta eskola irekiak ere izango dira jaialdiak irauten duen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.