Donostiako 67. Zinemaldia

«Giza konplexutasuna da antzezteak duen gauzarik liluragarriena»

Penelope Cruz aktoreak jaso du aurtengo hirugarren Donostia saria, 30 urteko ibilbideari egindako aitortza. Herrialde askotan egin izan du lan, eta Kuban grabatu du filmik berriena: 'Wasp Network'
Penelope Cruz aktorea, atzo goizeko prentsaurrekoaren aurretik, Donostiako Zinemaldian.
Penelope Cruz aktorea, atzo goizeko prentsaurrekoaren aurretik, Donostiako Zinemaldian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2019ko irailak 28

Umetako «ametsa» bete zuen Penelope Cruz aktoreak (Alcobendas, Espainia, 1974), eta ez da gelditu ordutik: 14 bat urterekin erabaki zuen aktore izan nahi zuela, inguruan inolako erreferenterik izan gabe, eta nazioarteko izarra da egun. «Oraindik ere, proiektu bakoitza lehena eta azkena balitz bezala bizi dut, ondo zein gaizki atera». Jamón, jamón (1992) eta Belle Époque (1992) filmekin egin zen ezagun Espainian, lanean hasi orduko. AEB Ameriketako Estatu Batuetako industriara jauzi egin zuen ondoren, eta mundu osoan egin izan du lan. Donostiako Zinemaldiak haren ibilbideari aitortza berezia egin dio aurten: jaialdiaren irudia izan da, eta aurtengo Donostia sarietan hirugarrena jaso zuen atzo, Kursaalean egin zuten ekitaldi batean.

Cruzek atzo eguerdiko prentsaurrekoan azaldu zuen bakarrik jolastea gustatzen zitzaiola txikia zenean, antzeztea. Nerabea zela erabaki zuen bide hori zela berea, eta bere asmoen berri eman zien etxekoei. Urte hauetan guztietan familiak eman dion babesa eskertu zuen. Ez zuen erreferenterik inguruan, «ez zineman ez beste edozein arte diziplinatan» aritzen zenik: «Etxekoei aktorea izan nahi nuela esatea astronauta izan nahi nuela esatearen parekoa izan zen; B plan bat izateko eskatu zidaten».

«Lan gogorra dago sari honen atzean, eta zorionekoa naiz lan hori egiteko aukera izan dudalako». Balleta dantzatzen eman zituen hamazazpi urteak garrantzitsuak izan dira horretarako, bere ustez. Diziplina «ia militarra» eman zion horrek. Gogotsu aritu zen lanean Jamón, jamón-en, baina hondoa jo zuen azken egunean: «'Eta lehenengoa eta azkena bada, zer?', pentsatu nuen. Sentitu nuen hor egon nahi nuela; berriz izan nahi nuen esperientzia hori». 60 pelikula baino gehiagotan aritu da ordutik, eta horietan azkena eman zuten atzo Donostiako Zinemaldian, Donostia sariaren ekitaldiaren ostean: Olivier Assayasen Wasp Network.

Aktore izatea bere burua ezagutzeko modu bat izan da Cruzentzat. «Emozioekin egiten dugu lan, eta ezin zara iritsi egoera erabat kontrolpean izatera. Giza konplexutasun hori da antzezteak duen gauzarik liluragarriena». Gainera, bere burua ezagutzeaz gain, bestearen larruan jartzen ere lagundu dio lanak: «Enpatia lantzen duzu, harekin kafe bat ere hartuko ez zenukeen pertsona bat benetan ulertzeraino».

Inoiz Donostia saria jaso duen aktore gazteenetako bat da Cruz, eta, aitortza hori egiteko nahia adierazi ziotenean, horretarako goizegi ote zen pentsatu zuen. Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak deitu zion berria emateko: «Galdetu nion ea ziur zegoen, ea ez zuen pixka bat atzeratu nahi. Konturatu nintzen [Pedro] Almodovarren pertsonaia bat bezalakoa naizela, berehala pentsatu bainuen: 'Ez ote zait ezer txarrik pasatuko!'».

Almodovar zinemagile berezia izan da Cruzen ibilbidean. Iaz, Dolor y gloria filma egin zuten elkarrekin, baina askotan egin izan du lan harekin. «Pedrorekin lotura berezia dut ezagutu nuen egunetik; gero eta bereziagoa, gainera. Gogoa irakurtzen diogu elkarri, ezin dugu elkar engainatu, eta filmaketetan onura asko ditu horrek».

Oscarretatik nazioartera

1990eko hamarkadan hasi zuen Cruzek aktore ibilbidea, eta Espainiako hainbat ekoizpenetan egin zuen lan hamarkada horretan, Fernando Colomo (Alegre ma non troppo, 1994; El efecto mariposa, 1995) eta Alvaro Fernandez Armero (Todo es mentira, 1994; Brujas, 1996) zuzendariekin, batez ere.

Almodovarrekin egindako pelikula batekin jauzi nabarmena egin zuen, ordea: 2000. urtean, Todo sobre mi madre pelikulak atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen. Orduan hasi zen aktorea AEBetan lan egiten. Oso denbora gutxian, izar artera heldu zen: ia aldi berean filmatu zituen Matt Damonekin All the Pretty Horses (Billy Bob Thornton), Nicolas Cagerekin Captain Corelli's Mandolin (John Madden), eta Tom Cruiserekin Vanilla Sky (Cameron Crowe). Aktore ibilbidean, gaztelaniaz, ingelesez, italieraz eta frantsesez aritu izan da lanean.

2009. urtean, Oscar saria jaso zuen lehen emakumezko aktore espainiarra izan zen Cruz, Woody Allenen Vicky, Cristina, Barcelona filmarekin. Atzo aipatu zuen zuzendaria izan nahi zuela berak. Aspaldi adierazi zion horretarako asmoa Almodovarri, eta hark lehenbailehen egin zezala eskatu zion. «Azkenean, ez dut astirik izan». Taldean lan egitea gustatzen zaio: «Beldurrak bakartu egiten du aktorea, baina gauza ederra da elkarrekin lan egitea. Horretarako, talde lana zaintzen duen zuzendari bat behar duzu, emozioekin lan egingo duen orkestra zuzendari bat».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jon Insaust, Josemi Beltran eta Patxi Presa, gaur goizean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Ostiralean abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astea

Itziar Ugarte Irizar

Azaroaren 6ra bitarte, 50 proiekzio inguru izango dira: generoko urteko ale nabarmenetako batzuk, klasikoak eta baita beste zenbait jarduera ere. Jaialdiaren egoitza nagusiak Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia izango dira.

Virginia Woolf idazle ingelesa; jardun betean zegoen 1920. urterako, baina bide oparoago baten atarian oraindik. ©BERRIA

«Negu sasoiko lehen eguna»

Joannes Jauregi

Idazle baten egunerokorik ezagun eta oparoenetako bat izango da Virginia Woolfena, ia bizi osoa eman baitzuen osatzen. Gaur duela ehun urte, astelehenarekin, Woolfek 38 urte zituen; idazle argitaratua zen, baina artean onenak eman gabea. Eta sarrera bat egin zuen egunerokoan.

 ©JON URBE / FOKU

«Tentsioa dakarten lanak falta dira»

Itziar Ugarte Irizar

Formatu bikoitzeko lan batekin itzuli da: 'Unisonoa', lerro bateko poesia liburua eta hamabi soinu pieza. Lengoaia behatzeko eta entzuteko denboratzat du idazketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna