Albistea entzun

Zaldi urdina, ez hain heroikoa

Urriaren 11n estreinatuko dute 'Zaldi urdina' antzerkia, Luhusoko Harri Xuri gelan. Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek elkarrekin sortu duten laugarren obra da

Zazpi aktore ariko dira taula gainean <em>Zaldi urdina</em> antzezlanaren emanaldietan. Irudian, entsegatzen.
Zazpi aktore ariko dira taula gainean Zaldi urdina antzezlanaren emanaldietan. Irudian, entsegatzen. AINHOA RESANO Tamaina handiagoan ikusi

Joana Ibargarai -

2019ko urriak 4 - Luhuso

1980ko hamarkadan «zaldi zuria», eta orain, berriz, «zaldi urdina». Izena aldatu diote, beti hor izan den seinale. Heroina. Tabu baten hausteko eta isilpean den gai baten taularatzeko sortu dute Zaldi urdina antzerkia Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek. Laugarren aldia dute horrelako elkarlana eramaten dutela antzerki baten sortzeko —Errautsak, Hamlet eta Francoren bilobari gutuna egin dituzte orain arte, obra bat hiru urtero— eta, aldi honetan, drogaren gaiaren inguruan eraiki dute trama. Unai Iturriagarekin eta Igor Elortzarekin idatzirik, Ximun Fuchs da taula zuzendari, Ainara Gurrutxaga zuzendari laguntzaile, eta honako zazpi aktore hauek ariko dira taula gainean: Ander Lipus, Olatz Beobide, Manex Fuchs, Edurne Azkarate, Urko Redondo, Miren Alkala eta Oier Zuñiga. Hiru konpainietako zazpi aktore, beraz, eta, orotara, 21 pertsona dabiltza horren inguruan lanean.

Atzo goizean aurkeztu zuten antzerkia, Luhusoko Harri Xuri gelan (Lapurdi) eta leku horretan berean egingo dute lehen emanaldia, bihar zortzi, hilaren 11n. Harat hurbildu dira inguruko kolegioetako 140 ikasle, eta antzerkiaren zati bat ikusi ahal izan dute. Hain zuzen ere, antzezlana muntatzen izan diren azken bi urte hauetan, antzezleek hainbat egonaldi egin dituzte, eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan (Lapurdi) egon dira, ikasleak gaiari buruz sentsibilizatzeko eta horren inguruko lan baten eramateko. Egileek azaldu dutenez, ikuskizun horren helburuetariko bat gazteria «hunkitzea» da, eta hurbileko gazteetatik haste, ikastetxeekin harremanak eginez, hezkuntza artistikoaz eta kulturalaz arduratu da Arantxa Hirigoien.

Isilpetik taula gainera

Antzerki horren muntatzeko xedea Justo Arriolak idatziriko A los pies del caballo liburuaren irakurketatik abiatu da, Euskal Herrian drogaren eta zuzenkiago heroinaren inguruko ikerketa bat burutu baitu idazleak. Euskal Herriko historia markatu du zaldi zuriak, eta 1980ko hamarkadari lotzen bazaio ere, gaur egungo egoerari buruz gogoetarazi nahi dute antzezleek. Antzezlanaren aurkezpenean azaldu dutenez, «ikerketa askok [heroina] trafikoaren iturria Guardia Zibilaren kuarteletara eramaten dute».

Hortaz, kontu hori jorratu, eta artearen bidez taularatu dute gaia, hainbat galdera plazaratuz: «Zer eragin ukan du familietan, lagunartean eta bikote harremanetan? Zer eragin du gazteriaren ametsetan? Zertarako isildu da gertakaria? Zertarako betidanik sentitu da drogaren behar ezinbesteko hau? Miseriatik ihes egiteko? Patua bestelakatzeko? Izarrekin besarkatzeko?». Oroitarazi dute antzezlana fikzio bat dela, errealitate jakin batetik abiatzen dena, eta hainbat galdera ezarri nahi dituela mahai gainean.

«Droga, berez, batzuetan ematen du hitz egin ezin daitekeen gai bat dela, eta gure herrian, drogaren ondorioz, drogaren eraginez, esan daiteke belaunaldi bat ere ia desagertu zela. Orduan, galderak planteatzen ditugu», azaldu du Lipusek. Azkaratek, berriz, bere belaunaldia «drogen aurkako kanpainako produktu bat bezala» ikusten du —1993an sortua da—, eta azaldu du «beldur asko» bizitu izan dutela «justu 80ko hamarkadan gertatu izan zenaren ondorioz». Gai minbera errotik hartu, eta naturaltasunez aipatu dute. «Uste dut oso inportantea dela horretaz hitz egitea eta informatua egotea, eta gero bakoitzak hartu behar dio neurria», gaineratu du Lipusek.

Ihesaldia eta bilaketa

Aingeru 17 urteko mutil gazteari gertatutakoaren inguruan pasatzen da istorioa. Techno jaialdi batean, aitzinetik ebatsi duen zaldi urdina saltzen dio beste mutiko bati, baina azken hori gaizki sentituko da, eta koman sartuko da berehala. Aingeruk ihes egiten du, eta nehork ez du haren berririk. Polizia laster hasten da Aingeruren bila, baina horren gibelean mundu ilun bat dela ulerturik, Aingeruren familiakoak bere bila hasten zaizkio, poliziek ez dezaten berek baino lehen atzeman. «Obra guztian zehar pertsonaia pila bat agertzen dia, eta beraien istorioak elkarren artean gurutzatzen dira, guztiak ari direlako Aingeruren bila: bai familia, bai poliziak, bai lagunak... Azkenean, herri bat sartzen da bilaketa horretan», azaldu du Azkaratek.

Oholtza betea da, nahasia. Argiek eta musikak giroa markatzen dute, eta antzezleen koroek jokoa indartzen. Tentsioa heltzen da publikora, bakoitzaren barne borrokak —baita herri batenak ere— erakusten dituztelako pertsonaiek. Familia harremanak, beldurrak eta kezkak, minak, galtzeak. Beste eskala batean, Guardia Zibilaren rola, harreman gordeak, interes ekonomiko eta politikoak... jorratzen ditu antzerkiak.

Road movie euskaldun bat dela diote, espazioan mugitzen baita eta bakoitzaren barne galderak eta barneko mamuak agertzen baitira. Hortaz, pertsonaiak beraiek eta publikoa ispilu baten aitzinean jarriak dira, gorde nahi direnak argitan ezartzera beharturik, eta isildutakoak oihukatzera beharturik. Aingeruren desagertzeak eta haren erruz —noren erruz?— koman sartutako mutikoaren gaiak bazterrak inarrosten ditu. Kate bukaezin bat, zeinetan edozein herritarrek bere burua ezagut dezakeen, denak izan daitezkeelako drogaren alde ilunean aingeru.

«Espero dugu urriaren 11rako publikoari gure ideietan, gure burmuinetan, gure emozioetan, gure bihotzean, gure ariman eduki dugun Zaldi urdina eskaintzea, eta publikoa ateratzea euskarazko antzezlan batetik oso betea eta oso hustua aldi berean», erran du Lipusek. «Azkenean, antzerkia horretarako egiten dugu, herrian eta publikoan eragiteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Eguzki Art Zinema

'Ombuaren itzala' filmerako castinga egingo dute apirilaren 1ean

Julen Otaegi Leonet

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza kontatuko du Patxi Bisquerten Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak. Zizurkilen egingo dute aktoreen hautaproba. Maiatzean ekingo diote grabazioari; Euskal Herrian eta Argentinan grabatuko dute.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Inoiz ez dut amildegian jauzi egiteko gogorik izan»

Itziar Ugarte Irizar

Urte luzez eta egunero-egunero, estudioari emana aritu da Herrero. Eskultura, grabatua eta pintura landu ditu, eta paper gainean margotutako zenbait lanekin osatu du Donostiako Artekon ireki duen erakusketa.
Bere nobelak Irlandako landa eremuan girotu izan ditu, sarritan, Donal Ryan idazleak. ©ANTHONY WOODS

Sekretuak eta gezurrak

Mikel Lizarralde

Herri txiki batean dago girotua, 1970eko hamarkadan, 'Strange Flowers', Donal Ryanen bosgarren nobela. 2020ko eleberri onenaren saria jaso zuen Irlandan.

Rio de Janeiron jaio zen Arthur Verocai musikari, konpositore eta ekoizlea, 1946an. ©BERRIA

Verocai, bossaren eta soularen gailurra

Julen Azpitarte

Duela 50 urte kaleratu zuen Arthur Verocai brasildarrak izen bereko diskoa. Haren herrialdean porrota izan zena kultuzko lantzat hartu zuten gero kanpoan. Musikatik urrundu ostean, lehen lerroan dabil berriz egilea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.