Joxe Azurmendiri buruzko kongresua

Zonbiak, abertzaleak, jakobinoak

Eduardo Apodaka, Egoitz Urrutikoetxea eta Xabier Barandiaran 'Kultura, Nazioa, Estatua' ardatzen inguruan aritu dira, bakoitza ertz batetik, Joxe Azurmendiren pentsamenduari eskainitako kongresuan

Ezker-eskuin, Eduardo Apodaka, Egoitz Urrutikoetxea eta Xabier Barandiaran, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA/ FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Kultura, nazioa, estatua. Joxe Azurmendiren pentsamenduan zutabe sendoak hirurak. Bi saiotan heldu zieten horiei Azurmendiren gaineko kongresuaren bigarren egunean, atzo, eta hiru hizlari batu ziren lehen saioan: Eduardo Apodaka, Xabier Barandiaran eta Egoitz Urrutikoetxea. Jule Goikoetxea ere parte hartzekoa zen, baina, gaixorik zela eta, ez zuen azaltzerik izan azkenean.

Apodaka hasi zen, amua botaz izenburuarekin: Mamu, momia eta zonbiak. Bizi osteko biziak. Azurmendiren Volksgeist. Herri gogoa (2007) liburua hartu zuen abiapuntutzat, eta Euskal Herria, «euskal zera», irudikatzeko erabili diren figurazio batzuk aztertu zituen. Lau, zehazki: agonia, mamua, momia eta zonbia. Lehena Azurmendiren hitzetan topatu zuen: «Guk euskal kulturaren agoniaren sentimendua genuen». Apodakaren arabera, Euskal Herriaz kontu emateko metafora handia izan da luzez agoniarena. Gogora ekarri zuen, ordea, agoniahitzaren erroak gordetzen duen borrokaren zentzua: «Agonia bizirauteko borroka da». Irudi aldaketa 1960ko urteetan etorri zen, existentzialismoarekin. «Herri etnikoari herri politikoak eman behar zion biziraupena». Bestela esanda: «Biziraupena estatuaren inguruan ardaztu zen».

Eta galdera Apodakak: «Estatu proiektuak bukatu al zuen herri etnikoaren agonia?». Postmodernismoa heldu zen, eta, harekin, jarreretan eta figurazioetan aldaketa berri bat: mamua agertu zen. Autore askok baliatu zuten terminoa, tartean Mitxelko Urangak, Espektroak (2012) liburuan. «Nolabait herri etnikoaren heriotzaz ari dira. Herri euskaldunaz. Galdu da, eta geratu gara mamuarekin. Mamua beti da izaki erdi bizia erdi hila. Memoriaren babesleku bat, izandakoaren irudi bat».

Eta, biraketarekin, galdera berriak Apodakak: «Herri euskaldunaren heriotza gertatu egin zen, ala besterik gabe erresistentziatik onarpenera pasatu zen? Modernitateko agoniatik pasatu ginen ironia postmodernora? Edo XX. mendeko immaterialtasuna izan zen?».

Mamuaren figura Marxekin ere lotu zuen Apodakak. Marxek esan zuen kapitalismoarekin dena merkantzia izango zela, bizitzaren balioa desagertu arte. «Bizitzaren balioaren momifikazioa» deitu zion Apodakak, eta hor aurkeztu zuen hurrengo figura: momia. «Gure bizi arruntean daude. Hilda dagoen gorpu bat da; bizi balioaren izozte batekin identifika dezakegu. Momifikaturik dauzkagu bizi balioak, momifikaturik herri izpirituak». Eta, aro berrian, galdera berriak: «Nolakoak dira euskal momiak, eta zer balio dute metafora moduan oasi autonomiko neoliberal honetan? Zer da, azken finean, ikuskizun huts bihurtu zaigun euskal kultura?».

XX. mendearen bukaera astindu zuen paradigma aldaketa bat ere nabarmendu zuen: «Masak izan dira XX. mendearen motorra, politikaren muina. Masa horietatik alderdi eta abangoardiek estatu berriak sortu zituzten. Baina masa horiek desegin ziren. Masen disoluzioari buruz hitz egiten hasi zen». Eta halakoak ei dira gaurko masak ere Apodakarentzat; «gaseosoak», antolatzeko ez gaiak. Irudi batera eramanda: zonbiak. «Masa horiek mehatxutzat hartzen dira; irrazionalak dira. Migrazioarekin lotzen dira. Guk noraezarekin lotu ahal ditugu, herria sortzeko ditugun arazoekin».

Beste agonia bat ageri da hor ikerlariarentzat: iraganeko masa «solidoekiko» nostalgia. «Eta ezin bada? Nola sortu herri bat?». Bada, ixteko, galdera gehiago Apodakak: «Nola artikulatu eta komunikatu masa? Nola kon-figuratu Euskal Herria? Nola sortu etnikotasun eta abertzaletasun berria?». Irudikatze lanetan «etnikotasun berri baten» erronkari heldu behar zaiola uste du berak. «Jatorri berri bat non Euskal Herriko biztanle guztiok etorri berri izango garen. Hori da azken figurazioa: etorkinaren figurazioa».

Nazio eta estatuen artean

Egungo politikagintzari eta herrigintzari buruzko bere irakurketa egin zuen Xabier Barandiaran Deustuko irakasleak. Nazio politikoaren kontzeptuan interesatuta, Azurmendik hartaz egindako bi ideia ekarri zituen gogora: kontzientzia hartzea eta egitura politikoak bereganatzea. «Hor Euskal Herriak porrot egin du XX. mendean», esan zuen, irmo. Nazio komunitateari erantzuteko, abertzaletasunaren barruan, trantsizio politikoan bi bide marraztu zirela azaldu zuen, eta biek eman dutela emateko zutena: «Abertzaletasun historikoaren eta ezker abertzalearen estrategiak, 40 urte geroago, agortu egin dira». Demokrazia liberalaren krisiak eta globalizazioak eragina izan dute horretan Barandiaranentzat. «Desaktibatu egin du bi horiek legitimatzen zituen oinarri sozialak».

Argi esan zuen Euskal Herriak «nazio identitatearen krisia» bizi duela, eta bere ustez «herri paradigma konpartitu bat» behar dela orain. Batik bat, tesi bat defendatu zuen:«Orain ez dugu indarrik egitura politikorik sortzeko. Herri batek bere iraupena ziurtatuko badu, botere maila bat beharrezko da, baina botere hori ez da bakarrik sortzen egitura politikotik; herriak berak bere prozesu propioak sortu behar ditu».

Urrutikoetxeak hartu zuen ondotik hitza. Iraganaz mintzatu zen, oraina argitzen laguntzen duelakoan. Zehatzago, Frantziako Iraultzaz eta orduan finkatutako eskemen itzal luzeaz. «Estatu-nazioen neurrira egin den joko-zelai dialektikoan, estaturik gabeko nazioei balio kulturala onetsi zaigu, baina balio politikoa erabat ukatu». Perry Anderson ekarriz, esan zuen nazioa ez dela soilik iragan komun batean oinarritzen; baita elkarrekin bizitzea erabaki dutenek irudikatutakoan ere.

Urrutikoetxea Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean ari da ikertzen, ondorengo galderaren inguruan: «Nola eraiki den estatuaren eta nazioaren arteko lotura bereizezintzat dugun hori». Frantziako Iraultzara jo du horretarako, iturburura. «Frantziako estatu-nazioaren mitoaren genesiak argira ekartzen dizkigu egungo errealitatearen justifikazioak», adierazi zuen. Iraultza hura hizkuntza batasunarekin lotzen bada ere, «jakobinismo linguistikoarekin», garai batean iraultzaren proiektua eta hizkuntza aniztasuna bateragarriak izan zirela azaldu zuen. «Historia ofizialak esku zarta batez ezabatu du hori».

Horregatik, Urrutikoetxeari iruditzen zaio iraultzaren «laborategiak giltzak» dituela gaurko eztabaidagaiei erantzuteko. «Ipar Euskal Herrian aldiro azaltzen den erreferentzia da, baina bilakaera oztopatzeko. Horregatik da garrantzitsua garai hartara gerturatzea». Baina berrirakurriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.