Azaro amaiera arteko greba

Baikoko hamabost pilotariek aho batez erabaki dute lanuztea hogei egunez luzatzea, «fede oneko negoziazio baten zain». Ez dute bat egingo sortu berri den Pilotarien Elkartearekin

Baikoko pilotari grebalarien ordezkariak, ELAren egoitzan, lanuztera deitu zuten egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Baikoko hamabost pilotari grebalarien ordezkariek esana zuten: hasieran, hiru asteko lanuztera deitu zutela, baina enpresarekin duten lan gatazka konpondu ezean, greba luzatzeko prest zeudela. Esan eta egin: beste hogei egunez luzatu dute, azaroaren amaiera arte, hain zuzen. Atzo erabaki zuten pilotariek, aho batez, «fede oneko negoziazio baten zain». Bihartik astelehenera deituta zeuden lau greba egunei hogei gehituko zaizkie: urriaren 30a eta 31, eta azaroaren 1a, 2a, 6a, 7a, 8a, 9a, 13a, 14a, 15a, 16a, 20a, 21a, 22a, 23a, 27a, 28a, 29a eta 30a. Azaroko asteburu guztiak dira.

Pilotariek ELAk igorritako oharrean diote «espero eta nahi» dutela gatazka «datozen egunetan» konpontzea, eta enpresak «benetako edukiak dituen negoziazio bat hastea». «Atzoko [herenegun] negoziazio bileran zenbait punturi buruz sakon eztabaidatu ahal izan genuen, eta kolektiboak irmoki uste du hurbilketa bat posible dela. Halere, enpresak oraindik ez dio inolako eskaintzarik egin greba batzordeari, eta, hala, ez dago greba bertan behera uzteko arrazoi nahikorik». Bileraren ostean Baikok esandakoari erantzunez, gogorarazi dute euren aldarrikapen asko ez direla ekonomikoak, eta enpresak ez duela puntu horietarako ere eskaintzarik egin. «Argi dago arazoa ez dela ekonomikoa, borondate arazoa baizik».

Berriro azpimarratu dute «negoziatzeko prest» daudela, eta badakitela negoziazio batean bi aldeek zerbaiti uko egin beharko diotela. «Baina akordioak lortzeko, beharrezkoa da negoziazio mahaian lasaitasunez eseri eta fede onez negoziatzea, harrotasuna alde batera uztea eta greba eskubideari zor zaion errespetua erakustea». Haien arabera, azken asteetan Baikoren aldetik ikusi dituzten praktikak ez doaz bide horretatik. «Aurretik ere esan dugu; ez dugu negoziazio hau legezko gudu bat bilakatzerik nahi, baina greba eskubidearen aurkako urraketak pilatzen ari dira».

Halaber, jakinarazi dute «48 orduko epeari itxaron beharrik gabe» ez dutela bat egingo Joseba Ezkurdiak, Jokin Altunak, Mikel Urrutikoetxeak eta Aimar Olaizolak bultzatutako «elkartearekin». «Hasiera-hasieratik defendatu dugu elkarte parte hartzaile baten beharra, sektoreko pilotari guztiei lekua egingo diena, elkartean sartzeko eperik jarriko ez diena, eta zuzendaritza karguak inposaketa bidez erabakiko ez dituena. Horregatik, beti izango gaituzte bidelagun, halako elkarte bat sortzeko eta kolektibo gisa ditugun eskubideak eta beharrak defendatzeko. Jakina, guk defendatuko dugun elkarte horrek parte hartze demokratikoa izan behar du, estatutuak kolektibo osoaren artean adostu beharko dira, lortu nahi diren helburuak guztion artean finkatu, eta bozketa bidez aukeratu elkartearen zuzendaritza, osaera, osaketa, funtzionatzeko moduak eta erabakiak hartzeko prozedurak».

Azkenik, diote «albiste ona» dela Baikok eta EPEL Eskuz Pilotako Enpresen Ligak «hausnarketa bat» egin izana, eta talde gisa egiten ari diren «aldarrikapenen zilegitasuna» onartu izana, eta espero dutela jarrera hori greba batzordearekin datozen egunetan egingo diren bileretan «islatzea», greba bertan behera utzi ahal izateko eta «asteburu honetan bertan» berriro lan egiteko aukera izan dezaten.

Baikok ohar batekin erantzun zuen. Haren arabera, bi aldeak «oso urrun» daude akordio batetik, eta pausoak emateko prest azaldu da, «betiere egungo krisi ekonomikoa kontuan hartuta». Dioenez, beste aldeak «hasierako planteamenduei» eusten die. «Ezinbestekotzat» jo du greba bertan behera uztea, eta azpimarratu du ezin dituela «osasun eta ekonomia krisi honetan» greba batzordeak egindako eskaerak onartu. Gastuak %22,5 handituko liratekeela dio.

Hiru jaialdi asteburuan

Bitartean, lehiak ez du etenik, eta asteburu honetan hiru jaialdi jokatuko dira: Baikok bihar eta etzi antolatu ditu, Asteasun (Gipuzkoa) eta Amurrion (Araba), hurrenez hurren. Aurrenekorako, zortzi pilotari aukeratu ditu: Iraitz Zubizarreta, Iker Larrazabal, Olaizola II.a, Iker Elizegi —debuta egingo du; hilabete eskasean debuta egin duen laugarrena da—Urrutikoetxea, Endika Uriondo, Oinatz Bengoetxea eta Joanes Bakaikoa. Azken biak grebalariak dira. Gauza bera gertatuko da Amurrion. Bi pilotari grebalari daude deituta: Ruben Salaverri eta Jon Erasun. Beste sei pilotariak, berriz, bezperako ia berberak dira: Ander Imaz ariko da Elizegiren ordez. Aspek, berriz, igandean antolatu du jaialdia, Tolosan (Gipuzkoa).

Jaialdiak ez, baina Baikoko pilotarien lan gatazkak erabat etenda du jardun nagusia. Batetik, ez da binakakoaren finala jokatuko EAEko Auzitegi Nagusiak ELAk EPELeko epaileak hartutako erabakiaren aurka jarritako salaketaren inguruan epaia eman arte: greba egiteagatik, epaileak 22-0 galdutzat eman zien Asier Agirreri eta Jon Ander Albisuri Joseba Ezkurdiaren eta Iñigo Bikuñaren aurkako finalerdietako ligaxkako partida, baina sindikatuaren arabera, erabaki horrek greba eskubidea «urratu» zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak salaketa horren inguruan epaia eman arte asteak igaro zitezkeenez, kautela neurriak hartzeko eskatu zuen sindikatuak, epaia iritsi artean finala ez zedin jokatu, eta kalteak ez zitezen handiagoak izan. EAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin zuen eskaera, eta bertan behera utzi zuen binakakoaren finala.

Bestetik, auzitegi horrek hartutako erabakia balazta izan da asteburu honetan Banakako Txapelketa has dadin. Izan ere, Baikoko zenbait pilotari grebalari parte hartzekoak ziren: Bengoetxea VI.a, Iñaki Artola, Bakaikoa, Jon Ander Peña eta Aitor Aranguren edo Agirre. Horiek lanuzteari eutsi eta jokatzeari uko eginez gero, EPELeko epaileak aurrekoan hartutako erabaki bera har zezakeen: 22-0 galdutzat ematea neurketa. Baina orduan, ELAk berriro izango luke aukera salaketa jartzeko eta kautela neurriak eskatzeko, banakakoa ere bertan behera gera zedin. Eta auzitegiak hartu berri duen erabakia kontuan hartuta, oso litekeena litzateke banakakoa ere etenda geratzea.

Ezkurdiak, Altuna III.ak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak osatutako Pilotarien Elkarteak EPELi eskatu eta hark onartuta, astebete geroago hastekoa zen banakakoa, datorren astean. Baina ikusteko dago ordurako Baiko eta enpresako pilotari gehienen arteko gatazka konponduta dagoen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.