Sendabiderako marrazkiak

'Emma Kunz unibertsoa' erakusketa zabaldu dute Donostiako Tabakaleran. Ikertzaile, naturopata eta artista suitzarraren irudiak hemezortzi sortzaile garaikideren obrekin «elkarrizketan» jarri dituzte

Miriam Isasiren Viscum album obrak mihura landarearen itxura du; landare hori babes sinbolotzat hartzen da. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Emma Kunzek (Brittnau, Suitza, 1892 - Waldstatt, Suitza, 1963) inoiz ez zuen bere burua artistatzat jo. Ikerlari eta naturopata jardunean, ordea, ehunka marrazki ondu zituen: pazienteen sendabiderako bere metodoaren parte ziren. Bizi izan zen artean, Kunzek ez zituen marrazkiok jendaurrean sekula erakutsi; sendatzeko lan tresnak ziren harentzat, ez artelanak. Iragarpen bat esana utzi zuen, hala ere: «Nire obra bisuala XXI. menderako egina dago». Eta, orain, haren iragarpena betez nolabait, Emma Kunz unibertsoa. Bide-urratzaile bat arte garaikidearekin solasean izeneko erakusketa zabaldu du Donostiako Tabakalerak. Haren 40 lan bildu dituzte, Kunzen obra inspirazio iturri izan duten Euskal Herriko eta nazioarteko hemezortzi artistaren obrekin batera. Ekainaren 19ra arte egongo dira ikusgai, erakusketa areto nagusian.

Suitzako landa eremuan jaio zen Kunz, eta bizi osoa eman zuen sendalari naturopata eta ikerlari lanean. Bere jardun nagusia giza espiritua gidatzen duten arauak ikertzea izan zen, betiere sendabidea helburu, eta oso modu pertsonalean garatu zuen. Hala, geometria zorrotzeko marrazkietan irudikatu zituen bere ikerketen emaitzak. Estetikatik harago, kolore eta forma bakoitzak esanahi jakin bat zuen harentzat, eta irudiok baliagarriak zitzaizkion pazienteengan hautematen zituen energien erritmoak eta pautak aztertzeko.

Eskala handian eta paper milimetratuaren gainean 500 bat marrazki osatu zituen Kunzek, arkatzez eta pastelez. Pendulu bat erabiltzen zuen horretarako, mutur batean zilarrezko bola bat eta bestean jadezko beste bat zituena, zilarrezko kate batez lotuak. Egurrezko listoi bat, iparrorratza eta gidalerroak grabatuta zituen taula txiki bat ere baliatzen zituen. Ez dago datu zehatzik sortzeko erabiltzen zuen prozesuaren inguruan, baina, garai hartako lekukoen arabera, ia beti modu berean egiten zituen marrazkiak: mahai baten aurrean zutik jarrita, ordu askoko saio bakarrean, sakon kontzentratuta.

1973an, Kunz hil eta hamar urtera, erakutsi zituzten lehen aldiz jendaurrean irudi horietako batzuk, Suitzako Aargauer Kunsthaus zentroan —gerora, Kasseleko documentan, Veneziako Bienalean eta Londresko Serpentine Galleryn ere erakutsi izan dira—. Aargauer Kunsthauseko komisario izandako Yasmina Asfchar arte historialariak egin ditu komisario lanak Tabakalerako erakusketan —zentro horrekin elkarlanean antolatu da, besteak beste—. Haren esanetan, interesgarria da ikustea Kunzen obrarekiko harrerak zer bilakaera izan duen urteekin. Izan ere, artistatzat hil ondoren baino hartua izan ez zen hari eta haren obrari miresmenez begiratzen diote artista garaikide ugarik gaur egun, eta, Asfcharren iritzian, horrek erakusten du artearen kontzeptua zabalduz joan dela.

Tabakalerako kultur zuzendari Clara Monteroren hitzetan, «arte garaikidearen inguruko narratibak berriro aztertzeko» gonbidapena egiten du erakusketak, «ertzetan geratutako figurak, sarritan emakumeak, gehituz». Halaber, «artea zer den eta artistatzat nor hartzen den» berriz pentsatzeko aukera ere ematen du bildumak, haren ustez, baita Kunzen lanek proposatzen dituzten ideien garaikidetasuna aztertzeko ere. Horren harira jarri dituzte haren lanak hainbat artista garaikideren obrekin «elkarrizketan».

Horien artean daude hiru euskal sortzailerenak: Nora Aurrekoetxea, Diego Matxinbarrena eta Miriam Isasi. DIVA izeneko eskultura sortu du Aurrekoetxeak, Milena Dieckman ile estilista alemaniarrarekin elkarlanean. Kunzen marrazkietan «ehuntzeko keinu bat» egon daitekeela sumatuta, ile sintetikozko txirikordak osagaitzat hartuta eraiki du bere pieza Aurrekoetxeak; diban itxurako metalezko egitura bat ere baliatu du. Matxinbarrenak, berriz, forma geometrikoak oinarri dituzten bost marrazki eraman ditu erakusketara. Isasiren Viscum album lanean natura da ardatza; urrea, zilarra eta brontzea baliatuta, mihura landarearen itxurako artelana osatu du; babes sinbolotzat hartu ohi da landare hori.

Askotariko geometriak

Aretoko atea gurutzatu eta parez pare, Mai-Thu Perret artista suitzarraren artelana ikusiko du bisitariak. Kunzen marrazki batetik abiatuta, eta neonezko tutuak erabilita, horma irudi handi bat sortu du Perretek. Forma geometrikoak dira nagusi izenbururik gabeko artelanean.

Emma Kunzek ez zien ez izenbururik, ez datarik jarri bere marrazkiei. Horiek aretoaren ezkerreko hegalean jarri dituzte; korridore luze eta zabal baten bi aldeetara topatuko ditu denak bisitariak. Gehienak handiak dira, eta lerro zuzen eta kurbatuz osatutako geometriak agertzen dituzte, kolorez bustiak. Aretoaren erdiko paretaren beste aldean, dokumentazio gune moduko bat atondu dute. Beira-arasa batean, Kunzen pendulu zati bat eta zenbait argazki jarri dituzte ikusgai, eta haren biografiaren hainbat datu irakur daitezke hormetako testuetan. Sendabelarrekin zuen harreman estuaren eta horiekin egin zituen esperimentuen lekuko dira, halaber, hilerri-lilien zuri-beltzeko argazkiak. Aldamenean dago Isasiren lana.

Sarreratik eskuinera joz gero, Aurrekoetxearen eta Matxinbarrenaren lanak ez ezik, beste hamaika sortzailerenak daude ikusgai: besteak beste, Dora Budor, Mathilde Rosier, Goshka Macuga, Lea Porsager eta Agnieszka Brzezanskarenak.

Erakusketaren osagarri, hainbat jarduera paralelo izango dira ekainera bitarte Tabakaleran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.