Albistea entzun

Museoek alda dezakete mundua

Bilboko Guggenheim museoaren 25. urteurrena ospatzeko emanaldi bat egingo dute museoan, bihar, Kirmen Uribek, Bilboko Koral Elkarteak eta Euskadi Brass orkestrak
Kirmen Uribek biharko saiorako propio sortutako poemak irakurriko ditu.
Kirmen Uribek biharko saiorako propio sortutako poemak irakurriko ditu. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko maiatzak 11

«Mundua museo bat da./ Eta museo batek alda dezake mundua./ Ez da soilik argazkiak ateratzeko,/ bisitatzeko, esateko bertan egon garela». Mende laurden beteko du aurten Bilboko Guggenheim museoak, eta, urteurren horren harira, museoari zein haren historia eta testuinguruari eskainitako hainbat poema idatzi ditu Kirmen Uribe idazle eta BERRIAko podcast egileak. Museoko atrioan bertan irakurriko ditu bihar testuak jendaurrean, Bilboko Koral Elkartearekin eta Euskadi Brass metal orkestrarekin batera eskainiko duen emanaldi musikal eta poetikoan. Mundua museo bat da deitu dute saioa, eta 20:00etan hasiko da.

Uribek dioenez, artelan bat egitea izan da asmoa: «Artelan bat ahotsezkoa eta musikazkoa». «Hitz gutxi, poemak, eta, hor, norbera sar dadila musikaren, kantuaren eta poesiaren mundu, giro eta atmosfera horretan. Ebokazioak sortu nahi ditugu, pixka bat koadro bat begiratzean bezala. Ze koadro bat begiratzean, ez dago azalpen handirik, norberak irakurri behar du koadroa bera, imajinatu eta zer esaten dion sentitu. Eta guk ere horrelako zerbait egin nahi dugu: artelan bat egin dugu, zuzenekoa, desegin egingo dena momentuan».

Bitartean heldu eskutik poema bilduma izan zuen lehen literatur sorkuntza lana Uribek, 2001ean, eta, beste poema bilduma bat ez ezik, lau eleberri ere eman ditu argitara geroztik. Bilbao-New York-Bilbao izan zen lehena, 2008an, eta Izurdeen aurreko bizitza izan da azkena, iaz argitaratutakoa. Prosa apur batez utzi eta poesiari ekiteko baliatu du orain aukera idazleak, eta, dioenez, «atsegina» egin zaio itzulera.

Zehaztu duenez, Bilboko Guggenheim museoaren historia jasoko dute emanaldirako idatzi dituen poemetako batzuek, eta baita beste gai hauek ere, besteak beste: Bilbo, abangoardiak eta XX. mendearen hasiera. Bilboko Guggenheim museoaren bildumaren parte diren hainbat artista ere aipatuko dira testuetan, Jorge Oteiza, Ansel Kieffer, Yoko Ono eta Sonia Delaunay, kasurako. «Gero, hortik gaur egunera ere egingo dugu jauzi, eta ikusiko dugu zer den Euskal Herrian sortzea, euskaraz sortzea, munduari begira, eta nola, baita ere, museoek egin egiten gaituzten, eta ez diren, besterik gabe, hor dauden eraikin batzuk, pasiboak. Egin egiten dute pertsona, eta egin egiten dute herria. Pisu handia daukate imajinarioa sortzen eta imajinario hori sendotzen».

Ez da Uribek Bilboko museo batekin egiten duen lehen lankidetza. Aurrez, 2018an, Bilboko Arte Ederren Museoak eskatuta, erakundearen bildumaren parte ziren artelanak erakusteko narratiba berri bat sortu zuen Uribek. Funtsak alderik alde aztertu, obra guztiak ikusi, eta alfabeto modura muntatu zuen ibilbidea idazleak kasu hartan, eta iazko azarora arte iraun du zabalik, hain justu handitze lanak hasi diren arte. «Oso museozalea naiz», aitortu du, «eta asko gustatzen zait artea».

Biharko errezitalekoa lan «libreagoa» izango dela dio idazleak. «Poesia asko hurreratzen da arte figuratiboetara. Lotura handia dute. Kolore bakarrarekin gauza asko esaten ditu, adibidez, [Mark] Rothkok, eta esaldi batekin asko esan dezakete poetek».

Puntu abangoardista bat

Maitea nun zira herrikoia eta Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren konposizioak ez ezik, Jim Parker, Raymond Premru, Joseph Haydn eta John Rutter konpositoreen lanak ere eskainiko dituzte Bilboko Korala Elkarteak eta Euskadi Brass orkestrak emanaldian. Eta pozik azaldu da Uribe errepertorioarekin. Izango ditu pasarte klasikoak eta bertakoak, eta baita «puntu abangoardista» bat ere, nagusiki Euskadi Brassekoen eskutik.

Enrique Azurzak zuzenduko ditu koruko kideak, eta Alberto Urretxok orkestrako kideak. Horrez gainera, Alberto Saez Puente ere arituko da, organoan.

Emanaldirako beren-beregi sortutako poemez gainera, aurrez argitaratutako zenbait testu ere irakurriko ditu Uribek. Eta, dioenez, eszenaratze soila izango du saioak. Proiekziorik eta bestelako artelanen presentziarik gabe. «Saioa atrioan izango denez, Frank Gehryren eraikina bera da artelana. Barruan zaude. Jendeak entzutea nahi genuen, kasik begiak itxita; dena entzutekoa izatea nahi genuen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Musika estilo askotara zabaldu da trikitia azken urteotan. Irudian, Neomak taldearen kontzertu bat, Durangon (Bizkaia). ©RAUL BOGAJO / FOKU

INFERNURAINOKO SUSTRAIAK DITU

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturan errotuta dauden musika tresnetako bat da trikitia. Euskal Herriko plazetan zein musika eskoletan bizi-bizirik dago oraindik ere, eta, tradizioa alde batera utzi gabe, musika estilo gehienetara ere zabaldu da azken hamarkadetan. Transmisioan dago gaur egun kezkarik handiena.
 ©IRATXE ETXEANDIA

«Trikitiaren errealitatea ez dator bat gizarteak irudikatzen duenarekin»

Olatz Enzunza Mallona

Trikitiaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ari da ikertzen Gontzal Carrasco bere doktoretza tesian. Tradizioaz gainera, instrumentuaren «beste errealitate batzuk» erakusteko beharra dagoela nabaritu du.

 ©ANE GARCIA
Duvravka Ugresic, Bartzelonan, 2011n. ©ORIOL CLAVERA

Bueltarik gabeko erbestearen letrak

Andoni Imaz

Historiaren eta politikaren koordenatuetatik irakurri ohi da Dubravka Ugresic hil berriaren lana; izan ere, gai horiek erabat blaitzen dituzte Jugoslavia ohia desegin ondoren handik ihes egin zuen idazle kroaziarraren nobelak eta saiakerak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.