Albistea entzun

Mokoka amaitu dute bidea

Iñigo Martinezek Athletic uztea erabaki du. Klubak dio jokalariak uko egin diola kontratua luzatzeko eskaintzari, baina haren komunikazio agentziak ukatu egin du eskaintza
Iñigo Martinez Athleticeko jokalaria.
Iñigo Martinez Athleticeko jokalaria. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria - Ainara Arratibel Gascon -

2023ko ekainak 7

Zurrumurruak baieztatu dira. Iñigo Martinezek Athletic uztea erabaki du. Ondarroako atzelariari hil honen amaieran amaituko zitzaion kontratua zuri-gorriekin, eta ez du berritu. Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez eman zuen atzo bere erabakiaren berri, eta hasieran amaiera polit bat zirudiena ilundu egin zen orduak aurrera joan ahala. Izan ere, haren komunikazio agentziak zabaldutako mezu batean, ukatu egin zuen Ondarroako atzelariak Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak eskaintzarik egin diola kontratua berritzeko. Uriartek ostiralean egingo du agerraldia, Mikel Gonzalez kirol zuzendariarekin eta Jon Berasategi zuzendari nagusiarekin batera, denboraldiaren balantzea egiteko. Ikusi beharko da hor nolako erantzuna ematen duen.

Iñigo Martinez 2018ko urtarrilean iritsi zen Athleticera, Realetik, neguko merkatuko azken-aurreko egunean, Aymeric Laportek utzitako lekua betetzeko. Izan ere, Laporte Manchester Cityra joan zen. Bizkaitarrek 32 milioi euroko etete klausula ordaindu zuten, eta klubaren historiako fitxaketarik garestiena da. Sei denboraldi hauetan, Espainiako Superkopa bat irabazi du zuri-gorriekin. Guztira 177 neurketa jokatu ditu, eta sei gol sartu. Iaztik Bartzelonarekin lotu dute askok, baina oraingoz ez du argitu non jokatuko duen datorren sasoian.

Bideoan azaldu zuen zergatik utziko duen Athletic: «Hau izan da nire azken denboraldia Athleticen. Uste dut beste kirol erronka bati aurre egiteko garaia dela; hala sentitzen dut». Taldekideak, klubeko langileak, eta zaleak izan ditu gogoan agur mezuan: «Iritsi nintzenetik, etxean bezala sentiarazi nauzue, zuetako bat bezala. Plazer handia izan da armarri hau defendatzea; dena eman dut zelaian horrengatik». Horrekin batera nabarmendu zuen ez dela erraza izan «bere eta bere familiaren sustraiak» uztea.

Athleticek handik minutu gutxira atera zuen oharra. Bertan zioen kontratua berritzeko saiakerak egin dituztela, baina Martinezek berak erabaki duela kluba uztea: «Azken bi denboraldietan hainbat negoziazio saiakera egin ondoren, Iñigo Martinezek klubaren eskaintzari uko egin dio kontratua luzatzeko».

Horrekin batera, Athleticek eskerrak eman zizkion Ondarroako atzelariari, eta zortea ere opa bere etorkizuneko ibilbide profesionalean. «Biziki eskertzen dugu urte hauetan guztietan erakundearen interesen alde egindako ekarpena eta erakutsitako dedikazioa», adierazi zuen klubak adierazpen ofizialean.

Ohikoa den bezala, Athleticek txio baten bidez zabaldu zuen adierazpen ofiziala klubaren Twitterreko kontuetan. Gaztelerazko kontuan zabaldutako txio horretan Martinezen aurkako irainekin erantzun zuten zale batzuek, eta klubak berehala salatu behar izan zituen jarrera horiek gazteleraz idatzitako beste txio batekin: «Mesedez, errespetu faltek eta irainek ez dute lekurik Athleticen. Eskerrak eman nahi dizkiogu Iñigo Martinezi gure armarria defendatzeagatik».

Hiru ordu geroago etorri zen Iñigo Martinezen erantzuna klubaren lehen oharrari. Atzelariaren komunikazio agentziak zabaldutako ohar baten bidez izan zen. «Harriduraz hartu dugu klubaren oharra. Ukatu egin nahi dugu zuzendaritza honek eskaintzarik egin diola jokalariari. Ezta negoziazioa aurreko zuzendaritzarekin geratu zen puntutik abiatuta ere». Hala, argi dio: «Jokalariak ez dio inoiz klubaren eskaintza bati uko egin, ez delako eskaintzarik egon... Gure ustez, hau erantzukizuna bere gain ez hartzeko ekintza zantar bat da. Iñigok sekula ez dio kalterik egin nahi izan klubari».

Zarraga, Capa eta Iru ere ez

Horrez gain, Athleticek ere atzo jakinarazi zuen Ander Capak, Oier Zarragak eta Ander Iruk ere ez dutela taldean jarraituko. Zarragaren kasuan, klubaren oharrak dio ez direla ados jarri kontratua berritzeko orduan. Capari dagokionez, klubak aukera zuen iaz berritutako kontratua sasoi batean uzteko, eta hala egin du. Iru hirugarren atezaina izan da.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Osasunako jokalariak Budimirren gola ospatzen, gaur, Gasteizen. ©Endika Portillo / Foku

Osasunak Mendizorrotzan aldatu du joera

Paulo Ostolaza

Arnaiz eta Budimir izan dira golegileak. Blancok bigarren zatiaren hasieran ikusitako txartel gorriak baldintzatu du neurketa.

Ezkurdia eta Mariezkurrena II.a txapela jantzita, gaur, Nafarroa Arenan. ©Gorka Rubio / Foku

Ezkurdia eta Mariezkurrena, Caixabank Masterseko txapeldunak

Berria

Aise gailendu dira Altuna-Imazen aurka. Iazko garaipena errepikatu dute.

Gebara, baloia babesten, Cadizeko San Emeterioren aurrean. ©ROMAN RIOS / EFE

Aldaketei neurria hartzen

Eñaut Agirrebengoa

Alaves eta Osasuna zutabe berriak finkatu eta jokoa findu nahian dabiltza. Gabeziak sumatu zaizkie, baina kimu berdeak ere agertu dira. Gaur derbia daukate, Gasteizen (16:15, Dazn).

Ordiziako jokalariak ostegunean egindako entrenamenduan. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Festa biribildu nahi dute

Iñaki Berastegi

Ordiziak gaur abiatuko du denboraldia, Pasek Belenosen aurka, Altamiran (12:00). Ligako kanporaketak jokatzea da taldearen helburu nagusia, klubaren 50. urteurrenean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.