Egile eskubideak indartzearen aldekoak garaile atera dira Europan

Uztailean atzera bota bazuten ere, atzo egile eskubideen lege proposamenaren alde bozkatu zuen Europako Parlamentuaren gehiengoak. 2019ko urtarrilean egingo dute behin betiko bozketa

Axel Voss eurodiputatu alemaniarrak berak aurkeztutako lege proposamena parlamentuak babestu duela ospatu du. PATRICK SEEGER / EFE.
Andoni Imaz.
2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Ez aurrera ez atzera egon da egile eskubideen afera Europan, baina amaitzen ari da legealdia, eta gaurtik aurrera pausoa azkartuko dute legea gaurkotzearen aldekoek. Uztailean, Axel Voss eurodiputatu alemaniarrak aurkeztu zuen lege proposamenaren aurka bozkatu zuen parlamentarien gehiengoak, baina oso bestelakoa izan zen atzoko bozketaren emaitza: 438 boto alde, 226 kontra eta 39 abstentzio. Vossek eta haren kideek garaipena ospatu bazuten ere, prozesua luzea da oraindik.

2001eko legea dago indarrean gaur egun. Ordutik, aldaketa nabarmena eragin du Internetek informazioaren eta edukien kontsumoan. Sareak jasandako astindu hori jasotzea eta legea egungo errealitatera egokitzea da proposamenaren bultzatzaileen asmoa. Aurkakoentzat, ordea, Interneten amaieraren hasiera izan zen atzoko bozketa. Azken finean, ados daude gehienak: egileek ordainsari bidezkoago bat merezi dute sarean beren lana era masiboan erabiltzeagatik. Metodoetan, ordea, badago aldea. Oposizioaren ustez, Europako Parlamentuak onartutako legeak Interneteko askatasunaren aurka egingo du.

Bi frontetan banatu da egile eskubideen inguruko eztabaida: batzuek diote egileen defendatzaileak direla; besteek, Internet askearenak. Alemaniako Batasun Kristau-Demokrata alderdiko Axel Voss parlamentaria —Alderdi Popularrekoa, Europan— da lehenengoen ordezkari nagusia, eta Alemaniako Alderdi Piratako Julia Reda —Berdeetakoa, Europan— bigarrenena. Halere, bidelagun bitxiak sortu dira azken hilabeteetako eztabaiden bueltan. Alde berean daude, adibidez, Berdeak/Europako Alianza Librea taldea, Poloniako ultrakontserbadoreak eta Google gisako korporazio handiak. Frantziako sozialistak Alemaniako popularrekin batera ari dira. Sozialdemokraten botoa erabat erdibituta dago.

Vossek aspaldi salatu zuen teknologiaren erraldoien lobby-ak kanpaina bat jarria duela martxan haren proposamenaren aurka egiteko, eta pozik agertu da, horien gainetik «ordainsari justuak» babestu dituztelako.

Hasieratik, lege proposameneko bi artikuluren inguruan sortu zen zalaparta guztia: 11. eta 13. artikuluen inguruan, hain zuzen. 11.ari link tax (estekaren zerga) izena eman zioten legearen aurkakoek, eta 13.ari, berriz, upload filter (igotzeko iragazkia). Aurrenekoak sareko informazioa partekatzea arautzea du asmo. Editoreek «bidezko ordainsaria» jaso dezaten, hedabideen edukiak partekatzeko ordaintzea babesten du hala, eta haien baimenik gabe ezer zabaltzea galarazi. Edukiak partekatzeko plataformak eta Google Newsen moduko albiste batzaileak ditu jomugan. Espainiako eta Alemaniako gobernuak hasiak ziren horrelako plataformen aurkako neurriak hartzen, baina Googlek ez zuen informazioa partekatzeagatik ordaintzeko inolako asmorik adierazi. Espainian, erantzuna Google News ixtea izan zen, besterik gabe.

Halere, 13. artikuluak sortu du polemika gehien: sareko erabiltzaileek jarritako edukia mugatzea du helburu. Erabiltzaileen edukiak gordetzen eta zabaltzen dituzten atariak eduki horien erantzule egiten ditu. Youtube da adibiderik argiena: jendeak jarritako edukiak zabaltzen ditu interes komertzialekin. Gaur egun, badago jarritako eduki horien gaineko kontrola, baina a posteriori: bertako bideo batek egile eskubideak urratzen dituela salatzen badute, neurriak hartzen dituzte. Hori bera aldatzea eta iragazkiak a priori jartzea da asmoa, jarritako material guztia aztertu eta algoritmo baten esku uztea zer jar daitekeen eta zer ez.

Atzoko bozketarako, ordea, aldaketa txiki batzuk egin zituzten artikuluan; «blokeo automatikoa saihestu» behar dela esan zuten, oposizioak sistema horrek eragin dezakeen «zentsura bidegabea» salatu ostean.

Orain, trialogo-aren garaia da: Europako Parlamentuak, Batzordeak eta Kontseiluak erreformaren behin betiko bertsioa landu beharko dute erlojuaren kontra, urte hasieran berriro bozkatu dezaten. Presa handia dute udaberriko hauteskundeen aurretik amaitzeko, baina, orduan onartuta ere, luze joko du egile eskubideen eztabaidak.

Kezka sarean

Atzoko bozketak izan duen emaitzarekin kezkatuta agertu dira hainbat eragile. OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak, adibidez, adierazi du gaurkoa «albiste txarra» dela kontsumitzaileentzat. Haien ustez, lege proposamenak «ezin burutuzko neurriak» ditu, eta «gehiegi arautu eta zaindu» nahi ditu erabiltzailek jarritako edukiak. Wikipedia Entziklopedia Askea ere ez dago pozik parlamentuak hartutako erabakiarekin. Haien ustean, Internet bera «arriskupean» egongo da iragarritako neurriak gauzatzen badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.