Literaturaren maskara jarrita

Seigarrenez hartuko du Zarautzek Literaturia jaialdia, maiatzaren 10etik 12ra bitarte. Liburu azoka, liburu aurkezpenak eta askotariko emanaldiak antolatu dituzte herriko zenbait gunetan, auzolanean

Literaturiako antolatzaileak eta Anjel Lertxundi eta Uxue Alberdi idazleak (erdian), atzo, Donostiako Tobacco Days liburu dendan. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Literatur jaialdi bat ezin da «paraxutean bota», besterik gabe gizartean askatu, «landu» egin behar da. Bide horretan, «sarea zabaltzen» ari da Literaturia jaialdia, Yoseba Peña antolakuntzako kidearen hitzetan. Seigarrenez egingo dute Zarautzen (Gipuzkoa), eta 11.a izango da aurtengoa —aurretik, bost egin zituzten Larrabetzun (Bizkaia)—. Maiatzaren 10ean abiatuko da «euskal letren plaza», eta, Zu naiz, ni zara leloa hartuta, maskara gaiak lotuko du asteburuko egitaraua.

Hiru egunez, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarauzko zenbait gunetan, literaturaren bueltan. Ekintza guztien artean, liburu azokari eman nahi dioten «zentraltasuna» aipatu zuen Peñak atzo, jaialdiaren aurkezpenean: larunbatean eta igandean egingo dute, Musika plazan. Hori indartzeko, bonuak banatuko dituzte sarrera duten ekitaldietan, eta deskontu bonuak ere jarriko dituzte salgai, jendea ekitaldietatik azokara bideratzeko asmoz.

Jaialdiaren sarea zabaltzeko bidean, «auzolana» nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Eskolekin egindako lankidetzari esker, Zarauzko haurrak jaialdiaren parte izango dira, «etorkizuneko irakurleak formatzea eta euskarara erakartzea» helburu dutela. Salbatore Mitxelenaren poemak errezitatuko dituzte jaialdian herriko gazteek, beste zenbait ekintzaren artean.

Maskara izango da aurtengo gaia: «Idazleak josten du maskara, eta irakurleak jantzi». Literaturaz aritzeko metafora egokia iruditzen zaio Peñari. Uxue Alberdi idazlearentzat, «liburua bera bihurtzen da idazlearen maskara». Berak idatzitako Jenisjoplin (Susa, 2017) azken nobelaren maskara «kentzen» ari den honetan, liburuaren jendaurreko irakurraldia egingo du ostiralean, jaialdia abiatzeko.

Ostiralean, irakurraldiaren ondorengo bertso-maskaradan, agertokian egongo da berriro Alberdi. Andoni Egaña ari da emanaldia «kozinatzen», eta literatura, bertsoa, musika eta marrazkia nahastuko dituzte. XabierLizasok joko du pianoa, Unai Gaztelumendik egingo ditu marrazkiak, eta Alberdi bera eta Maialen Lujanbio ariko dira bertsotan, «Egañaren testu literarioen pentzura».

Liburu azokaren «irekiera formala» larunbat eguerdian egingo dute, Musika plazan. Anjel Lertxundiren Otto Pette (Alberdania, 1994) nobelaren 25. urteurrena ospatzeko, brindisa egingo dute. «Irakurleak egiten du posible liburu batek irautea», eskertu zuen Lertxundik. Dena den, igandean beste urteurren baten karietara arituko da Lertxundi: Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrena, hain zuzen. Mahai ingurua antolatu dute igande eguerdirako: Lertxundik hitz egingo du alde literarioaz, eta Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi EHUko irakasleek emango dute Mitxelenaren lanari buruzko ikuspegi akademikoa.

«Euskal Herrian oro har baztertua izan da Mitxelena», haren ustean: «Ulertzen dut, gai erlijiosoak duen pisuagatik, baina hori oso lotuta dago Euskal Herriaren egoerarekin». Idazleak «itxaropena» sumatzen du Mitxelenaren lanean: «Aliatuek frankismoarekin noiz moztuko, Gernikako egia noiz jakingo. Haren lanean kontsiderazio kulturala dago Euskal Herriaren egoerarekin». Gainera, ikuspegi literariotik, gerraosteko idazlerik «gihartsuena» iruditzen zaio Mitxelena Lertxundiri, estilistikoki «inor indiferente uzten ez duena».

Lertxundiri bakarrik ez, Yolanda Arrieta idazleari ere egingo diote omenaldia aurtengo Literaturian, igandean. Ipuin kontaketa saioa egingo du aurrena, eta ondoren, Literattipia umeentzako literatura festan, aitorpena egingo diote «haur eta gazte literaturan egindako lan itzelagatik». Gainera, herriko lau ikastetxetako haurrek hartuko dute parte igandeko Literattipian.

Literaturia herrian zein eskualdean «kontsolidatuta» ikusten du Peña antolatzaileak, eta horren erakusgarri iruditzen zaio gero eta liburu gehiago argitaratzen direla garai honetan: «Gure lekua topatzen ari gara argitaletxeen programazioan».

Garoa liburu dendan, liburu aurkezpenak egingo dituzte asteburuan. Han izango dira larunbatean Patxi Zubizarreta, Ione Gorostarzu, Aintzane Usandizaga, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Iñigo Astiz, Juan Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Ainara Maia eta Miel Anjel Elustondo. Igandean, berriz, Garazi Arrula, Jon Olano Carlos, Amaia Uria, Tupust kolektiboa eta Edu Zelaieta ariko dira haien lanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.