Naturaren aldeko artea

Olaffur Eliassonek 'Bizitza errealean' erakusketa zabaldu du Guggenheimen. Publikoaren esku hartzea beharrezkoa da artelanak osatzeko. Ekainaren 21era arte egongo da ikusgai

Gizon bat Edertasuna artelanaren parean. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
Bilbo
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Naturari buruzko kezka, geometriaren gaineko ikerketa eta mundua hautemateko modua bildu dituOlaffur Eliasson artista daniarrak (Kopenhage, 1967) Bilboko Guggenheim museoan jarri duen Bizitza errelean erakusketan.Gaur zabalduko dute, eta ekainaren 21era arte egongo da zabalik.

Bederatzi aretotan banatuta, tamaina, kolore eta material askotako 31 obrak osatzen dute erakusketa, aArgazkilaritza, pintura, eskultura eta egitura handiak erabiltzen baititu artelanak sortzeko. «Oso pozik gaude museo honetan artelanek hartu duten itxurarekin. Frank Gehryren lagun handia naiz, eta ohorea da hemengo erakusketa honetan egindako selfie bat bidaltzea», adierazi zuen Eliassonek atzo emandako prentsaurrekoan.

Azken hogei urteetan egindako lana ikus daiteke museoan. Glaziarren urtzearen seriea-n, 1999ko eta 2019ko glaziarren argazkiak parez pare jarri ditu artistak. «Lan hau esanguratsua da niretzat; izan ere, erakusketan dauden beste artelan guztiak lehenengo argazkiaren eta azkenaren arteko denbora tarte berean egin ditut». Eliassonek bizitzaren esparru askotan eragin nahi du artearekin; horregatik, artelanak egiteaz gain, Little Sun enpresa soziala ere sortu du,Senegaleko argiak proiektuarekin eguzki lanpara eta kargagailuak eramaten dituena argindarrik gabeko herrietara.

Zentzumenak ere landu ditu erakusketan. Esaterako, ikusleak lainoz beteriko gela batean sartuedo ispiluz inguratutako hobi batean ibil daitezke. «Museoan ikusten dugun errealitatea handiagoa da; ez gara museoetara joaten errealitatea saihesteko», azaldu zuen artistak. Ikusleak subjektu aktibo bihurtu nahi ditu, munduan eragiteko duten gaitasunaz jabetzeko. Horri lotuta, Eliassonek sortutako piezek publikoaren elkarreragina behar dute arte bihurtzeko. Hain zuzen ere, ikusleen arreta pizten eta haien interakzioa eragiten du Zure zalantzazko itzala artelanak. Gelara sartzerakoan, kolore urdin, berde eta gorriko hiru itzal ageri dira horma zuri batean. «Azkenean onartu dut jendea obra honekin txorakeriak egiten hastea. Antzerki puntu bat ere hartzen diot». Hainbat argi proiektorerekin sortzen du efektua, beste hainbat artelanetan bezala.

Atzo egindako bisita gidatuan, Eliassonek berak eman zituen hainbat azalpen. Bere ibilbide artistikoan egindako lehenengo obrak ere badaude museoan, eta maitasun handiz hitz egin zuen haiei buruz. Hain zuzen, bere aurreneko obra bati erreferentzia eginez,foku baten azpian kokatu, eta «probatu dezakezue, doan da», esan zien bisitariei.

Gertakari naturalak ere museo barruan sartu ditu Eliassonek: ekaitza, lainoa eta euria, besteak beste. Urak eta argiak sortutako efektu optikoaren bidez, ortzadarra sortu du Edertasuna lanean. Era berean, museoaren kanpoaldean 11 metroko ur jauzi bat irudikatu du, aldamioen bitartez. «Iraganeko objektuak modu garaikide batean aurkeztea ahalbidetu dit obra honek. Etorkizunera begiratzeko aukera bat dela uste dut». Artearen eta naturaren arteko harremana definitzen saiatu dela adierazi zuen artistak, «gizateriak egin beharrekoa egiteko itxaropenez».

Berlingo estudioan sortzen ditu bere obrak, eta garrantzi handia ematen die geometriari eta arkitekturari. «Nik ez daukat arkitekto batek dauzkan gaitasunak. Halere, pozik nago soilik artista bat izanda». Artearekin ikertzea eta esperimentatzea du gustuko, eta beste hainbat esparrutako profesionalek askotan lagundu dute proiektu berritzaileak aurrera eramaten.Studio Olafur Eliasson: The Kitchen liburua horren adibide da;gastronomia eta artea uztartu zituen bertan. «Sukaldaritzaren bidez mundu osora ailegatu naiteke, eta, aldi berean, dena dago sukaldaritzarekin harremanetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.