Azoka itxura berreskuratuta

Landako guneak 219 erakusmahai izango ditu abenduaren 4tik 8ra, eta Durangoko Azoka osatzen duten gune guztiak martxan izango dira berriz. Astelehenean irekiko dute txandak eskatzeko aukera

Gerediaga elkarteko eta Durangoko Azoka osatzen duten guneetako ordezkariak, atzo, Durangon, programazioa aurkezten. JON URBE / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
«Betiko itxura hartuko du Durangoko Azokak». Indarrean diren osasun murrizketa guztiekin ere, Plateruenako kontzertuetarako eta Landako gunerako sarbidea mugatuta egongo dela iragarrita ere, azoka bisitatzeko txandak antolatuta ere, baieztapen hori egin du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak. «Agian ez da izango gurako genukeen modukoa, baina bada». Iazko etenaren ostean, itzuli egingo dira erakusmahaiak, eta berriz aktibatuko dira azokaren parte diren gune guztiak ere, bakoitza bere programazioarekin. Guztira, 219 mahai izango dira Landakon, eta 990 nobedade izango dira salgai bertan. Pandemia aurreko azken azoketan 240 mahai izaten zirela kontuan izanik, aurten lortutako kopuruarekin «oso pozik» azaldu dira antolatzaileak, eragileek eskainitako babesagatik. Abenduaren 3tik 7ra egongo da martxan denda digitala, eta abenduaren 4tik 8ra egingo dute aurrez aurreko azoka.

Koronabirusak erabat baldintzatuta egongo da dena, edonola ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, azoka segurua izatea izango da aurten Gerediagaren helburu nagusia. Pilaketak eragotzi nahi dituzte horretarako. Horregatik ezarri dute txanda sistema bat Landako gunea bisitatu ahal izateko. Duela egun batzuk jakinarazi zuten neurria, eta berretsi egin dute orain. Egunean bost txanda antolatuko dituzte: bakoitza, gehienez ere, 1.200 pertsonakoa eta ordu eta erdiko iraupenekoa. Txanda bakoitzeko lau txartel hartu ahalko ditu bisitari bakoitzak, eta nahi beste txandatan eman ahalko du izena, baina izena emanez gero hitza betetzeko eskatu du Gaztelurrutiak, edo, huts egingo dutela jakinez gero, antolatzaileak abisatzeko, txanda hori beste inork hartu ahal izan dezan. Aurrez izena emanda bakarrik sartu ahalko da, beraz, salmahai artera, eta aurrez izena emanda bakarrik ikusi ahalko dira Ahotsenea guneak Plateruenan antolatutako kontzertuak ere.

Astelehenean irekiko dute izena emateko epea, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Bestalde, maskara jantzita eduki beharko da beti barrualdeetan, eta baita kanpoan ere, segurtasun distantziak bete ezin direnean. Eta, azokako bisita bukatu ostean herrira joanez gero, orduan ere arduratsu jokatzeko deia egin dute antolatzaileek.

Landako gunerako eta Plateruenarako bakarrik eskatuko zaie bisitariei txanda hartuta agertzea, gainerako guneetan librea izango baita sarbidea. Librea, baina mugatua, ohi baino eserleku kopuru txikiagoa izango baitute guztiek. Areto Nagusian 70 pertsonakoa izango da muga. Szenatokian, 304 ikuslekoa. Saguganbaran eta Bartolome Ertzilla musika eskolan, 100 pertsonakoa; Irudieneko areto txikian, 120koa, eta proiekzioa areto handian denetan, doblea.

Kontzertuak eta hitzaldiak

Ahotsenea guneak izandako eskari kopuru handia ere nabarmendu dute antolatzaileek. Landako guneko erakustazokarekin batera, hori izaten da jende gehien bildu ohi duen gunea. Zehaztu dutenez, guztira 50 kontzertu antolatuko dituzte bertan. Guztiak Plateruena gunean izango dira, eta, hasiberri diren hainbat talderekin batera, besteak beste Anarik, Bixente Martinezek eta Skakeitan taldeak ere emanaldi bana eskainiko dutela zehaztu dute. Aurten argitaratutako 70 literatur lanen aurkezpenak ere antolatuko dituzte: Landakon egingo dituzte haietako batzuk, eta Bartolome Ertzilla musika eskolan besteak.

Guztira, 35 film proiektatuko ditu Irudieneak. Emanaldi bana antolatuko du Szenatokia guneak San Agustin kulturgunean 4tik 8ra bitarte. Haur eta gazte literaturari eskainitako programa propioa izango du Saguganbarak. Mundu digitalari eskainitako aurkezpenak, mahai inguruak eta tailerrak eskainiko ditu Kabi@ guneak.

Areto Nagusiari izena aldatu diotela ere jakinarazi du Gerediaga elkarteak. Talaia deituko da aurrerantzean. Orain arte bezala, literatur lanez aparteko argitalpenak aurkeztuko dituzte bertan, eta mahai inguruak eta solasaldiak ere egingo dituzte.

Programaren zati bat online ere emango du Azoka telebistak, eta, horrez gainera, azokak egunez egun eman duenari buruzko magazin bat emango du iluntzero.

Presentzialtasunari eustea

Salbuespen bilakatu nahi izan dute iazko azoka antolatzaileek. Osasun larrialdiaren eraginez, aurrez aurreko azoka eten eta haren ordez online denda bat antolatu zuen Gerediaga elkarteak iazko egunetarako. Jasotako erantzuna ona izan zela esan dute, baina aurten aurrez aurrekora itzultzeko erabakia hartu zuten duela hilabete batzuk, eta erabaki hori unean uneko egoerara moldatu behar izan dute geroztik. «Kultura ez da azokan egiten», azaldu du Gaztelurrutiak, «kultura urte osoan egiten da, baina hori guztia ikusgarri, erakusgarri eta ukigarri topaketa honetan gertatzen da, eta euskal kultura bizirik dagoen froga argia da hori». Eta, haren hitzetan, horregatik eutsi diote azoka presentzialari, murrizketak murrizketa.

Historikoki, Ikasle Goiza egin izan dute urtero Durangoko Azokako lehen egunean, Euskal Herri osoko hamaika ikastetxetako ikasleekin. Aurten ez dute halakorik antolatu, ordea, eta «pena» azaldu du horregatik Gerediaga elkarteko koordinatzaileak. Gaztelurrutia: «Ez dugu antolatu uste genuelako testuinguruak ez zigula horretarako aukerarik ematen, eta gure konpromisoa da hurrengo urtean, ahal den neurrian, berriz ere martxan jartzea».

Aurtengo egitaraua ere ez da erabat ziurra, halere. Osasun egoeraren menpe egongo da guztia azken ordura arte, Gaztelurrutiak aitortu duenez. «Neurriak aldatuko balira, jakina, horietara egokituko ginateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.