Belaunaldi baten lekukotza

Juan Carlos Etxegoien 'Xamar'-ek 'Etxera bidean' bere azkeneko liburuan bildu du Aezkoan euskara eta historia berreskuratzeko egin zuten prozesuaren testigantza. Lan autobiografikoa da

Juan Carlos Etxegoien Xamar-ek Etxera bidean liburua aurkeztu zuen, atzo, Iruñeko Karrikiri elkartean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bizipen pertsonaletatik abiatuta, belaunaldi oso batek bizitako prozesu baten testigantza bildu du Juan Carlos Etxegoien Xamar-ek bere lan berrian. Etxera bidean liburua berreskuratze baten lekukotza da: 1970eko hamarkadatik aurrera, Garraldako eta Aezkoa ibar osoko (Nafarroa) gazteek ekin zioten urteetan zokoratuta eta isilduta izan zen euskara berreskuratzeari. Prozesu garrantzitsua izan zen, eta Xamarrek lehenengo pertsonan bizi izan zuen. Oraingoan, bizitakoaren berri eman nahi izan du, Pamiela etxearekin argitaratu duen lan autobiografikoaren bitartez.

«Xamarrek eredugarria den gertaera hori modu eder eta xarmagarrian kontatu du liburuan», adierazi du Pamielako Jose Angel Irigaraik liburu aurkezpenean. Xamarrek bizipen pertsonaletatik kontatu badu ere, prozesu hori Pirinioetako hainbat herritan gertatu zela ziurtatu du Irigaraik, eta nabarmendu du Xamarrek izan duen trebezia gertakari horiek fikziozkoak balira bezala idazteko: «Lana gehiago hurbiltzen da literaturara, saiakerara baino». Liburuan agertzen diren gertakari guztiak egiazkoak dira, ordea. Irigaraik altxortzat jo du lana: «Bere buruari eta bere belaunaldiari zor zion hori kontatzea, baita gu guztioi ere. Orain, guk berari zor diogu eskerrak ematea».

«Ideia aspaldikoa zen: Aezkoa kontatzeko nahia nuen», adierazi du Xamarrek. Haren hitzetan, Aezkoa da Nafarroako ekialdean euskara hobekien gorde duen ibarra; eta, horrez gainera, topikoak hausten dituen ibar batda: landa eremukoa izanda ere, liberala eta antiklerikala izan da beti. «Baina ez da agertzen gure letretan, salbu olerkari batzuetan».

Horrek kezka handia eragiten zion idazleari, eta ibarraren historia azaltzeko eta zabaltzeko beharra sentitzen zuen. Orduan, galdera bat egin zion bere buruari: «Nola konta dezaket hori guztia?». Konturatu zen haiek zirela, hain zuzen, kontakizuna lotzeko haririk egokiena: bere belaunaldia.

Xamar eta bere belaunaldikoak frankismo garaian jaio ziren. Euskararen jazarpena zela eta, Aezkoa ibarrean euskara zekitenek ezkutuan gordetzen zuten; ez zuten hitz egiten. Ondorioz, haiek 1970eko hamarkadara arte ez zuten jakin beren aitona-amonak euskaldunak zirela. Frankismoa amaitu zenean, bat-batean, hasi ziren ikusten herrietako nagusi guztiek euskaraz hitz egiten zutela. Xamarrek berak kalean jakin zuen bere amona euskalduna zela, eta «shock» gisa bizi izan zuen hori. Liburuaren hasieran jaso du hori jakin ostean gertatu zitzaiona: biloba eta amona paseatzen ari zirela, ordura arte erdalduna izandako biloba amonari euskaraz hitz egiten hasi zitzaion. Hark, harrituta, esan zion: «Por qué hablas así, mi chico?»; eta euskaraz zekiela ukatu zion.

Transmisio naturalaren soka erabat apurturik zegoela ikusita, egoerari buelta ematea erabaki zuten Xamarrek eta gainontzeko gazteek: ukatu egin zitzaien hizkuntza eta kultura berreskuratzen hasi ziren. «Loraldi bat izan zen. Bat-batean azaleratu egin zen ordura arte ezkutuan egondako mundu hori: euskalduntasuna», adierazi du idazleak. Loraldi horrek, ordea, alde gogor bat ere izan zuen haientzat, errudun sentitzen baitziren. «Nola ez ginen lehenago konturatu horretaz? Traumatikoa izan zen». Familia batzuetan tentsioak ere sortu ziren, gazteek beren aitona-amonei leporatzen baitzieten euskara eta kultura ez helarazi izana.

Memoria historikoa

Prozesu horrek memoria historikotik ere izan zuen, Xamarren irudiko. «Ikusi genuen gu ere, gure gurasoak eta aitatxi-amatxiak bezala, gerraren ondorioen biktima ginela, ez zigutelako euskara transmititu». Bestalde, ikuspuntu soziolinguistikotik fenomeno interesgarria dela esan du: «Gure aitatxi-amatxien belaunaldia euskalduna zen, gure gurasoenean hutsunea egon zen, eta gure artean berreskuratzeko gogoa piztu zen. Horren ondorioz, ondorengo belaunaldiak euskaldunak dira: D eredukoak».

Hori dela eta, Etxera bidean lanak kontatzen duen istorioa, galera baten kontakizuna baino gehiago, «berreskuratze batena» da, haren ustez. Honela laburtzen du liburuaren kontrazalak: «Galdutakoaren bila aetz gazte bat abiatu zeneko sentimenduak nahas-mahas ageri dira narrazioan: ez izatearen minetik aurkikuntzaren bokaziora, ezjakintasunaren ahalketik errudunen kontrako suminera, behartutako etena gauzatu zuen belaunaldiarekiko haserretik, haren aldeko miresmen mingotsera».

Xamarrek desagertzear dagoen aezkerako hiztegi txiki bat ere osatu du liburuaren amaieran. Era berean, Zaraitzu eta Erronkari ibarretan galdutako kultura ere erakutsi nahi izan du lanean. «Funtsean, bortuetako Euskal Herria ezezagun horretan barna bidaia argigarri bat egiteko gonbidapena da», adierazi du. Hasten den modu berean amaitzen da liburua: idazleak amonarekin izandako elkarrizketarekin. Azkenean, amonak euskaraz erantzun zion bilobari; euskalduna zela onartu zion.

Etxera bidean lanaz gain, Xamarrek Pirinioetako ibarren eta euskararen inguruko beste hainbat lan ondu ditu. Aipagarrienen artean daude, besteak beste, Orhipean: gure herria ezagutzen (Pamiela, 1992-2005), Euskara Jendea: Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza (Pamiela, 2006) eta Etxea. Ondarea, Historia, Mintzoa (Pamiela-Erroa, 2016). Jose Angel Irigaraik «erreferentetzat» hartu du idazleak euskararen inguruan egin dituen lanak. «Oihartzun sozial izugarria izan dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.