Ostiralean hasiko da 47. Musikaste, haren sortzaile Ansorenari eskainita

Maiatzaren 17tik 25era, hamar emanaldi eskainiko ditu Errenteriako musika jaialdiak. Klasikoak berreskuratu eta konpositore garaikideak bultzatuko dituen programa prestatu du Eresbilek

Instituzio politikoetako eta Eresbileko ordezkariak, atzo, 47. Musikasteren aurkezpenean, Jose Luis Ansorenaren oroigarria aurrean dutela. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Errenteria
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
1973. urtean egin zen aurrenekoz Musikaste jaialdia, Errenterian (Gipuzkoa), eta urte bat geroago sortu zen Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboa. Biak ala biak euskal musikaren eremuan erreferente bihurtu dira, eta lehena bigarrenaren «erakusleiho handientzat» har daiteke egun, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren arabera. Irudi hori baliatu zuen, atzo, jaialdiaren 47. edizioa aurkeztean. Harekin izan ziren Julen Mendoza Errenteriako alkatea, Mikel Diez Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendaria, Jon Bagues Eresbileko zuzendaria eta Andoni Sierra Andre Mari abesbatzako zuzendaria. Eta haien artean, beste izen bat ere izan zen presente agerraldian: Jose Luis Ansorenarena. Musikasteren zein Eresbilen sortzailea, hilabete ere ez da zendu zela, eta hari eskaini nahi izan diote aurtengo jaialdia.

Ansorenari «ikasitako» irizpideekin prestatu dute, hain zuzen, jaialdiaren edizio berriaren programa. Konpositore garaikideen lana bultzatzea izan da irizpide horietan lehena, Baguesek nabarmendu duenez: «Musikaste euskal konpositoreak babesteko sortu zen; bereziki, bizirik diren konpositoreak, eta, horien artean, batik bat, aukera gutxien dituztenak». Denera, hamar emanaldi izango dira aurten, eta horietatik sei izango dira egun lanean ari diren musikagileenak. Horrekin batera, ordea, klasikoen berreskurapenak ere ezaugarritzen du jaialdia. Eta zeregin horretan, asmo zehatzago bati ere heldu dio Eresbilek iaztik: emakume konpositoreen lanak ezagutarazteari. Hartara, aurten ere, andrazkoek idatzitako obra bat emango da, gutxienez, kontzertu ia guztietan. Ignacia Olaizolaren kasuari jarri dio azpimarra Baguesek; duela gutxi zendu da konpositorea, eta haren obraren zati bat interpretatuko du Andre Mari abesbatzak, larunbat arratsaldeko mezan, Jose Luis Etxetxipia organistarekin batera.

Iraganaren eta orainaren arteko zubi horretan, bost estreinaldi izango dira, emanaldien erdiak. Eta, oro har, Euskal Herri osoko musikariak bilduko badira ere, jaialdiak «bizkaitar kolorea» hartuko duela aipatu du Baguesek, bi arrazoi tarteko: Joaquin Ojinaga bilbotarra ekarriko dutelako gogora, haren jaiotzarenhirugarren mendeurrenean—maiatzaren 19an, antzinako musika interpretatzen duen Khantoria taldearen eskutik—; eta BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duelako amaierako kontzertua. Egile bizkaitarren obrekin osatu dute programa: Rodrigo A. de Santiago eta Gotzon Aulestiaren zenbait pieza berreskuratu —Eresbilen dago bien obra guztia—, eta Fernando Velazquez eta Isabel Urrutia garaikideen lanak joko dituzte. Andra Mari abesbatza ere haiekin ariko da.

Koruak, azken larunbatean

Musika garaikidearekin abiatuko da jaialdia ostiralean, Ensemble Kuraia taldearekin. Eta asteburuko hitzorduen ondoren, kontzertu didaktikoak izango dira hiru egunez, maiatzaren 20tik 22ra. Baguesen hitzetan, egitarauko «saiorik atseginenetako bat» izango da hurrengo egunean; Garikoitz Mendizabal txistulariak, Elene Arandia kantariak eta German Ormazabal pianistak herri kantuak —Lertxundi, Lete,Perez—, garaikideak — Hakim, Ansorena— eta klasikoak —Garbizu, Gorosarri— uztartuko dituzte.

Koruen eguna izango da biharamunean, eta «fusio musika» eskainiko duten lau abesbatzek hartuko dute parte; haiekin ariko da Kalakan taldea ere. BOSek itxiko du jaialdia, hilaren 25ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.