Noiz sortua: 2019-05-16 00:30:00

Herria agertoki denean

Umore Azokak 46 kale-arte talderen lanak erakutsiko ditu gaurtik igandera bitarte, Leioan. 120 emanaldi eta hemeretzi erabateko estreinaldi izango dira
Kaleko arte sorkuntzara bideratutako jaialdirik handiena da Leioako Umore Azoka. Gaur hasiko da.
Kaleko arte sorkuntzara bideratutako jaialdirik handiena da Leioako Umore Azoka. Gaur hasiko da. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko maiatzak 16

Kale kantoian, plazan edo espaloi ertzean dagoen jarlekua: kale artistak gai dira hiriko edozein txoko agertoki bihurtzeko, eta Leioako (Bizkaia) Umore Azoka da horren erakusle. Euskal Herrian kaleko arte sorkuntzara bideratutako topaketarik handienetako bat da Leioakoa, eta hogeigarren aldia du aurten. Gaur hasiko da, eta igandera bitarte askotariko ikuskizunak bildu dituzte, Alberto Garcia Umore Azokako zuzendariak azaldu duenez. «Hogeigarren urteurrena dugu, eta programazioan kaleko artearen adierazpiderik ahalik eta zabalena biltzeko saiakera egin dugu». 46 konpainia izango dira orotara, eta hemeretzi erabateko estreinaldi ikusi ahal izango dira. «Inoiz izan dugun estreinaldi kopururik handiena da». Programan 120 ekitaldi baino gehiago bildu dituzte, baina, Diezek argi dioenez, Leioakoa azoka da, jaialdiaz harago. «Umore Azoka merkatu bat da: lau egunean ahalik eta estreinaldi gehien pilatzen saiatzen gara, Euskal Herriko eta nazioarteko programatzaileak eta konpainiak harremanetan jartzeko».

Diezek Euskal Herriko kale-arte konpainietan jarri du fokua. «Nazioarteko programatzaileekin harremanetan jartzeko sortu zen Umore Azoka, duela hogei urte. Euskal kale artearen erakusleiho izateko bokazioa zuen hasieran, eta helburu bera dauka oraindik». Euskal Herriko hogei konpainiak parte hartuko dute aurtengoan.

Bultzada Euskal Herrikoei

Antolatzaileen esanetan, kaleko artean dabiltzan euskal konpainientzat «erreferentziazko» jaialdia da Leioakoa, eta aurtengoan bilduko duen estreinaldi kopurua jarri du zuzendariak adibide gisa. «Parte hartuko duten hogei euskal konpainietatik hamabostek orain arte ikusi gabeko ikuskizun bat erakutsiko dute. Ezbairik gabe, ekitaldi batean biltzen den estreinaldi kopururik handiena da, baita euskal konpainia kontzentrazio handiena duena ere». Besteak beste, jaialdian izango dira, adibidez, Akelar, Intujai, La Glo Zirko Dantza, Teatro Organik, Trakamatraka, Trapu Zaharra eta Circo Dabitxi. Beren lanik berrienak erakutsiko dituzte talde gehienek.

Euskal Herriko konpainiez gain, nazioarteko hainbat izango dira Umore Azokan. Herrialde Katalanetatik zortzi konpainia izango dira, eta Belgika, Alemania, Italia eta Frantziako lanak ere ikusi ahalko dira. Leioako taldeen lanak ere erakutsiko dira jaialdian, Tokiko Eszena atalean. «Duela lau urte abiatu genuen, herriko taldeek hala eskatuta». Leioako Musika Bandak A Day at the Circus kontzertua eskainiko du; Fidias fundazioak The Last Wimba-Dinkas ikuskizuna, eta Zirkun Zirko Eskolak Zirkun txiki ikuskizuna.

Antolatzaileek 620 proposamen artistiko baino gehiago jaso zituzten guztira, eta horien guztien artean egin dute 49 konpainien hautaketa. Kalitatea, pluraltasuna eta originaltasuna dira, antolatzaileen hitzetan, aintzat hartutako irizpide nagusiak. «Antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango ditugu ardatz, baina komediarako, musikarako, magiarako, dantza bertikaletarako eta orekarientzako lekua ere egongo da». Herriko 30 espaziotik gora erabiliko dituzte horretarako.

Azoka den jaialdia

Ikuskizunez gain, konpainiaren eta programatzaileen arteko hartu-emanak sustatzeko, gogoetarako gune bat egokituko dute. Zehaztu dutenez, mundu osoko berrehun profesional baino gehiago izango dira azokan. Hiru nabarmendu dituzte: Sarearev-Antzokien Euskal Sarearen Batzar Nagusia; euskal konpainien proiektu artistikoen berri emango duen IV. Artekale-Sarea topaketa, eta arte eszenikoen merkatuaren etorkizunaz gogoetatzeko topaketa. Negozio bilera azkarrak ere egingo dituztela azaldu du jaialdiaren zuzendariak. Konpainientzat eta programatzaileentzat ez eze, herritarrentzat ere ezinbesteko ekitaldia da Leioakoa, eta iazko datuak jarri ditu horren erakusle: 37.000 lagun elkartu ziren.

Leioako Udala da egitasmoaren antolatzailea, baina Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere laguntzen dute jaialdia. Zuzendariak aitortu du aurtengoan iaz baino laguntza handiagoa izan dutela, eta, zehaztu duenez, 300.000 euro inguruko aurrekontuarekin antolatu dute azoka.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.umoreazoka.org

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Hauteskunde Batzordeak bihar aztertuko du Ordiziako egoera

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatu egingo dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek «positibo ahula» eman duela eta.

PCR probak egiten, aste honetan, Ordizian. ©JON URBE / FOKU

Maiatzaren 20tik ez zen hain datu txarrik positibo berrietan

Mikel P. Ansa

Hego Euskal Herrian azkeneko 24 orduetan 35 kasu positibo berri agertu dira PCR probak eginda. Maiatzaren 20an 31 kasu izan ziren, eta hilabete eta erdian ez da hain emaitza txarrik izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna