Xeherezaderen ariketari tiraka

Joxemari Iturraldek 'Jamaikako neska' eleberria plazaratu du. Protagonistak bere bizitzaren inguruan kontatzen dituen istorioak bata besteari josiz osatu du liburu «poliedrikoa»

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ezaguna da Xeherezaderen istorioa, Mila gau eta bat gehiago liburuan kontatzen dena. Emakume gazteak, bere bizitza salbatzeko, sultanari istorio bat kontatzen zion gauero, amaitu gabea, jakin-minak jota hurrengo egunera arte itxaron eta hil ez zezan. Kontakizun hori oso gogoan izan du Joxemari Iturraldek Jamaikako neska idazten eman dituen hiru urteotan. Horixe bera egiten baitu nobelako protagonistak: istorioak kateatuz bere bizitza kontatu. Eta horixe egin baitu idazleak ere: protagonistaren istorioak elkarri josiz eleberria osatu. «Liburu honetan, Dafne protagonistak —gaur egungo Xeherezade moduko bat, esango genuke— istorioak kontatzen ditu. Bere bizitza salbatzeko modu bat da, ez gainetik errege bat daukalako bizitza kenduko diona, baizik eta bere bizitzeko modua delako». Pamiela argitaletxearekin plazaratu berri du nobela, eta atzo aurkeztu zuen, Donostian, Harkaitz Cano idazle eta laguna aldamenean zuela.

«Idazleok istorioak kontatzen ditugu, eta liburu hau omenaldi bat izan da, istorioak kontatzearen aldeko erreibindikazio bat», azaldu zuen Iturraldek. Eta Xeherezadek zein Dafne protagonistak bezala, gehitu zuen bere asmoa ere «istorio mordo batekin irakurlea engantxatzea» izan dela. «Nire zigorra izango da irakurleak jarriko didana; istorio batetik bestera pasatuko naiz, eta halako batean ez bazaio gehiago gustatzen, liburua bertan behera utziko du, eta hori izango da, sortzaile bezala, nire hiltzeko modua».

Nobelan Dafne Zorregieta Rondaall izeneko emakumeak kontatzen ditu istorio horiek. «Liburua autobiografia bat izan liteke, Dafnek bere bizitza kontatzen baitu kanpotik ikusita, biografia bat izango litzateke, Dafnerena, berak kontatua, istorio askorekin».Askotarikoak dira istorio horiek: aspaldi gertatuak, gaur egun gertatzen direnak, benetan gertatuak, idazleak asmatuak, entzundakoak, Euskal Herrian gertatuak, atzerrian gertatuak... Eta generoen nahasketa bat baliatu du denak josteko. «Pixka bat denetarik dago, poliedrikoa da».

Jamaikan jaioa da protagonista, eta euskalduna jatorriz. Munduan barrena bizi ostean, Euskal Herrira itzuliko da kontakizunak aurrera egin ahala. «Hau da gure patua; zulo beltz batean bizi gara, eta, nahi eta nahi ez, beti bukatzen dugu gure liburu guztietan Euskal Herriari buruz hitz egiten». Patu bera du protagonistak, eta «arrazoi bategatik edo besteagatik», Euskal Herrira itzuliko da. Idazleak zehaztu zuen eleberria «ETAk hiltzeari utziko ziola abisatzen duen garai horretan» bukatzen dela, eta baduela nolabaiteko lotura bere aurreko hainbat lanekin: Izua hemen nobelan (1989, Erein), 1936ko gerra eta frankismoa ageri ziren, eta Kilkirra eta Roulottea-n (1997, Erein), Franco hil osteko urteak. «Nahiz eta nobela ezberdinak izan, protagonista eta pertsonaia diferenteak izan, lotura bat dago. Baina nobela hau ez da historikoa, ez filosofikoa, ez soziologikoa; nik nahi dut literatura bezala ikustea, ipuin mordo bat bata bestearen atzetik kontatuta, gaur egungo Xeherezade batek kontatuko lukeen bezala».

Genero «mutazio» ausarta

«Ertz asko» dituen eleberri horren bere intepretazioa egin zuen Canok. Haren hitzetan, nobelak protagonista bizi izan den lekuak zeharkatzen ditu, presarik gabe, «hiri bakoitzean, auzo zehatzetan egonaldi luzeak eginez». Eta geografikoki liburu «aberatsa eta poliedrikoa» den moduan, halakoa da protagonista ere. «Abaraska itxurako nobela da, erle-gelatxoz osatua, eta halakoxea da, antzemanezina eta konplexua, Dafneren buruko mekanismoa ere». The Beatlesen Eleanor Rigby kantuak, «munduko bakartiei egindako ereserkiak» definitzen du ongien, Canoren ustez. «Dafneren argi-itzalei ohore egiten die kantu horrek; letra ilun samarra, baina melodia alai batekin emana». Iturraldek pertsonaia «karismatikoa, nortasun handikoa» eraiki du, haren ustez, eta indartsuak dira bigarren mailako pertsonaiak ere, kanpoan urteak eman dituztenak eta Euskal Herriarekin «halako arroztasun sentimendu bat» dutenak.

Halaber, narrazioak duen «generoen mutazioa» oso berezia iruditu zaio Canori. «Bihurgunez betetako nobela bat da. Irakurlea zain dago hurrengo bira bortitz hori noiz gertatuko den. Alde horretatik, oso egitura ausarta eta arrisku handikoa iruditu zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.