Mugarri den konpositorea

Jose Maria Usandizaga musikariaren 'Mendi-Mendiyan' euskarazko opera oholtzaratuko dute Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koralak. Hilaren 20an estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian

Mendi Mendiyan operaren aurkezpena egin zuten, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
«Perfektua». Hitz bakarra erabili du Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoak Mendi-Mendiyan opera deskribatzeko. «Ez du ezer sobera eta ez du falta ezer. Testuak eta musikak bete-betean egiten dute bat». Jose Maria Usandizaga (Donostia, 1887-1915) musikari eta konpositoreak sortu zuen obra, 1909. urtean, eta dagokion mailan jarri beharraz aritu da Bieito. «Europako lirika interpretatzen den tenplu rikhandienen errepertorioan egon beharko luke obrak». Euskal operaren aitzindaritzat hartzen da Usandizaga, haren obrek izan zuten arrakasta eta kalitateagatik. Gazte zela zendu zen, baina: 28 urterekin. Bost urte lehenago sortu zuen Mendi-Mendiyan, haren lanik arrakastatsuena. «Lanak duen mamia izugarria da. 23 urteko gazte batek halako inteligentzia emozionala izatea ez da ohikoa». Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koralak taularatuko dute opera, Bilboko Arriaga antzokiak eskatuta. Bi emanaldi egingo dituzte Arriaga antzokian bertan: hilaren 20an eta 22an. Donostiako Kursaalean erakutsiko dute gero, hilaren 29an. Atzo egin zuten aurkezpena.

Adituen esanetan, «euskal opera lirikoaren» sorrera ekarri zuen Mendi-Mendiyan lanak.Bilboko Koralaren enkargu baten ondoren ondu zuen obra Usandizagak, eta Bilboko Campos antzokian oso txalotua izan zen, 1910eko maiatzaren 11n. Konpositorea bera aritu zen zuzeneko emanaldietan zuzendari. Obrak duen balioa edukita, gutxitan taularatu dutela azaldu du Arriagako arduradunak. Izan ere, 1910eko lehen emanaldiaz gain, beste hirutan interpretatu dute: 1987an Donostian egin zuten emanaldia, 2001ean Bilbon, eta 2015ean oholtzaratu zuten azken aldiz, Donostian.

Lehen emanalditik 109 urte igaro diren honetan egingo dute laugarren jauzia. «Obligazioa ere bazen lan hau taulara eramatea, ez soilik euskaraz idatzita dagoelako, baita XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Europako musika tradizio onenaren parekoa delako ere». Bilbokoak dira operan parte hartuko duten abeslari gehienak, eta, Bieitoren esanetan, ikuskizunari balio erantsia ematen dio horrek. Mikeldi Atxalandabaso, Olatz Saitua, Jose Manuel Diaz eta Gexan Etxabe jardungo dira lan horretan. Austrine Stundyte Lituaniako soprano entzutetsua eta Christopher Robertson baritono estatubatuarra ere izango dira bilbotarrekin. «Aitortuko dizuet: asko sufritu dut euskarazko testuarekin», azaldu du Stundytek irriz. «Niretzat oso interesgarria izan da Euskal Herriko historia eta kultura ezagutu izana. Errespetuz diot gainera, uste baitut aztarna berdinak partekatzen ditugula hemen eta Lituanian, naturarekiko eta esentziarekiko lotura handia dugulako bi herrialdeetan».

Usandizagaren partitura «zoragarria» dela azpimarratu du Erik Nielsen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendariak. Ez da agerraldian bertan egon, baina aurrez grabatutako bideo batean utzi ditu azalpenak. «Musikalki,aurkikuntza izan da Usandizagaren obra: alemaniarra, frantsesa, italiarra, eta, nola ez, euskalduna ere bada hark sortutako opera». Zergatiak aletu ditu, segidan. «Wagnerren estilo alemaniarra jarraitzen du. Pertsonaia bakoitzari ezaugarri zehatzak ematen dizkio Uzandizagak, eta azaldu nahi duen sentimenduaren arabera eraldatzen ditu ezaugarri horiek». Frantziako autoreen eraginera jo du segidan. «Xumeagoa bada ere, Debussy konpositorearen kutsua nabari zaio». Italiako verismotik gertu ere badago Mendi-Mendiyan, Nielsenen ustez. «Jende errealaz ari da etengabe, eta ez jainkoez: bizitza erreala lantzen da eta baita heriotza ere». Geldialdia egin du. «Eta noski, euskalduna ere bada».

Operaren hizkuntzan eta doinuetan egin du geldialdia. «Zortziko bat ere sartua zuela badakigu, baina opera laburtu zuen azken unean, eta hura ezabatu zuen. Europako doinu lirikoen eragina nabarmena bada ere, erraz antzematen dira euskal musikaren melodiak». Aurkikuntza bat izan da Nielsenentzat Usandizagaren talentua. «Tragedia bat da horren gazte hil izana; batek daki, gerora, zer egingo zukeen». Bat etorri da Bieito ere. «Operan azaltzen den tragedia bera baino handiagoa da konpositorea 28 urterekin hil izana». Gazte zendu arren, ehun lanetik gora sortu zituen konpositore donostiarrak.

Operaren doinuak

Bilboko Koraleko kideentzat «berezia» da Mendi-Mendiyan operan parte hartzea. Hala azaldu du Iñigo Alberdi elkarteko zuzendariak. «110 urte ditu partiturak. 110 urte igaro dira Bilboko Koru Elkarteak Usandizagari obra egin zezala eskatu zionetik. Partitura aspaldikoa da, baina duen kalitateagatik gaurkotasun handia du. Uste dut oso aukera ona dela Usandizagaren musika nazioartera zabaltzeko, benetan merezi duelako».

Kultur ekitaldia ahalik eta toki gehienetara hedatu nahi dute eta, azaldu dutenez, emanaldia zuzenean jarraitzeko pantailak jarriko dituzte Bizkaiko hiriburuko bost auzotan: Ibarrekolanda plazan, Errekaldeko plazan, Otxarkoagoako Angela Arregi plazan, Zorrotzako pilotalekuan eta Azkuna zentroan. Horrez gain, emanaldien aurretik, Usandizagari buruzko solasaldia ere egingo du Xabier Monasterio Zenbat Gara elkarteko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.