Albistea entzun

«Erreferente absolutua»

Eusko Ikaskuntzak Xabier Amurizari eman dio Manuel Lekuona saria. Bertsolaritzan eragindako «iraultza» nabarmendu dute, baina literaturan eta euskaran egindako lana ere hartu dute kontuan
Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria Xabier Amuriza bertsolari eta aurtengo Manuel Lekuona sarituarekin batera, atzo, Bilbon.
Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria Xabier Amuriza bertsolari eta aurtengo Manuel Lekuona sarituarekin batera, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2019ko urriak 18

«Garai aldaketa bat markatu du». Laburrean, horregatik eman dio Eusko Ikaskuntzak aurtengo Manuel Lekuona saria Xabier Amurizari. Bertsolaritzari egindako ekarpenagatik saritu dute nagusiki, baina literaturan, itzulpengintzan, ikerketan eta euskararen zabalpenean egindako lana ere izan dute gogoan. «Euskal komunitate globalarentzat» ekarpen garrantzitsua egin duen jendearen lana aitortzeko sortu zuten saria, 1983an, eta, besteak beste, Jorge Oteiza, Joan Mari Torrealdai, Mentxu Gal, Piarres Xarriton eta Fermin Leizaola saritu dituzte. Amuriza izango da zerrendako lehen bertsolaria. «Erreferente absolutua da», laburbildu du Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak. Oraindik ez dute lekua zehaztu, baina, aurreratu dutenez, udaberrian egin nahi dute saria emateko ekitaldi ofiziala, eta Remigio Mendiburu eskultorearen brontzezko pieza bat jasoko du Amurizak.

Bertso eskolak sortzeko eginiko lana aipatu dute Amurizaren lorpenen artean, eta baita bertsolaritza irakasteko sortutako metodoa ere, baina bere sorkuntza ere laudatu du epaimahaiak. 1980an irabazitako Bertsolarien Nazio Lehiaketako txapela aipatu dute horren adibide. «Edukian eta formetan aldaketa baten hasiera eta abiapuntua ezarri zituen». Euskara batuan abesten zuen, eta ordura arte gehiegi erabiltzen ez ziren neurriak eta irudiak zerabiltzan. «Iraultza» izan zen hori, Eusko Ikaskuntzako ordezkarien esanetan. 1982an irabazi zuen bigarren txapela nagusia.

Espetxean, teorizatzen

2016an utzi zuen plazako bertsolaritza, baina idazten jarraitzen du, eta Neska bat leku inposiblean nobela da argitaratu duen azken lana. Abade zela Zamorako espetxean (Espainia) bizitakoak ditu oinarri eleberriak. Josu Naberan, Julen Kaltzada, Alberto Gabikagogeaskoa eta beste hainbatekin egon zen kartzelan, eta han zeudela egindako ihesaldi saiakera bat da literatura bilakatu duena. Funtsezkoa da sasoi hori Amurizaren ibilbidean ere.

1965ean, abade ordenatu zen, eta Frankismoaren errepresioa salatu eta euskal kulturaren berpizkundea bultzatzeko Gogor izeneko abadeen mugimenduko parte izan zen. Derion egin zuten protesta itxialdiaren ondorioz, Zamorako abadeen espetxera eraman zuten, eta 1968tik 1975era luzatu zitzaion espetxealdia. Ordukoak dira haren lan teoriko nagusiak ere: Hiztegi errimatua eta Hitzaren kirol nazionala.

Abade izateari utzi ostean ere herriz herri aritu zen material horrekin bertso eskolak abiatzen, eta garai hori mugarria da bertsolaritza modernoaren sorrerarako.

Eusko Ikaskuntzak ematen du Manuel Lekuona saria, baina Internet bidez izendatzen dira hautagaiak, eta hainbat erakundek hartzen dute parte gero azken hautaketa prozesuan. Aurten, honakoak izan dira epaimahaian, Eusko Ikaskuntzaz gain: Aranzadi zientzia elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Jose Miguel Barandiaran fundazioa, Vianako Printzea erakundea, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Unesco Etxea eta Etxepare institutua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Garesko aurrekanporaketa saioko une bat. ©Nafarroako Bertsozale Elkartea

Hamahiru bertsolari sailkatu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketarako aurrekanporaketan

Ane Eslava

Urrian abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Asteburuan jokatu diren aurrekanporaketa saioetan sailkatutako hamahiru bertsolariek parte hartuko dute, 2019ko txapelketan parte hartu izanagatik sailkatuak zeuden beste 11 bertsolarirekin batera.

 ©Bizkaiko Hitza

Hedatzeko bigarren saioa

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Bilboko Guggenheim museoak Busturialdera hedatzeko proiektuaren berri eman du: bi egoitza izango lituzke: Gernika-Lumon bata eta Muruetan bestea, bide berde batek lotuta. Eragile batzuek aukera moduan ikusi duten arren, beste batzuek ez dute uste eskualdeak proiektu hori behar duenik.

Jean Rhys (Roseau, Dominika, 1890-Exeter, Ingalaterra, 1979). ©BERRIA

Klasikoen haize berria

Joannes Jauregi

55 urte bete ditu Jean Rhysen 'Sargazo itsaso zabala' nobelak. Idazle ezezagun samarra zen ordu arte, eta liburuak arrakasta itzela ekarri zion, 76 urte zituela; «berandu», idazlearen esanetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna