Gerrarentzako giza bazka

Bertolt Brecht antzerkigilearen 'Ama kuraia' euskaraz estreinatuko du Bilboko Arriaga antzokiak martxoaren 25ean. Maria Goirizelaiak zuzenduko du lana, eta gazteleraz ere emango dute aurrez

Bilboko Arriaga antzokiak estreinatuko duen Bertolt Brecht antzerkigilearen Ama kuraia antzezlanean parte hartuko duen lantaldea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Gure garai teatraleko gerraren aurkako obra nagusia da Ama kuraia». Bertolt Brecht antzerkigilearen obrarik ezagunenetako bat eszenaratzeko lanetan dabil Maria Goirizelaia zuzendaria egunotan, Bilboko Arriaga antzokian, eta esku artean darabilen erronkaren neurriaren jakitun eman ditu azalpenak aurkezpen prentsaurrekoan. Antzokiaren denboraldiko ekoizpen propio nagusia da pieza, eta, horregatik, hamahiru aktoreko lantaldea du bere esanetara zuzendariak. Gazteleraz estreinatuko dute lehenik, martxoaren 18tik 22ra, eta euskaraz gero, 25etik 28ra. Emango duen antzezlanaren bertsioa «idorra» dela esan du Goirizelaiak, eta sentsazio fisiko batekin azaldu du zergatia. «Hainbat eszenatan, ahoan faltan sentitzen den uraren sentsazio hori helarazi nahi dugu, amak miseriarantz egiten duen bide horrek horretara garamatzalako».

Ione Irazabal aktoreak jokatuko du pertsonaia nagusia euskarazko bertsioan, Itziar Lazkanok gaztelerazkoan, eta 11 aktore izango ditu ondoan haietako bakoitzak: Ane Pikaza, Eneko Sagardoi, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Diez, Idoia Merodio, Aitor Borobia, Adrian Garcia de los Ojos eta Mikel Martinez.

Brechtek Alemania nazitik ihesi joan ostean idatzi zuen obra, 1939an, Suediako Lindingo irlan, eta 1941ean estreinatu zuten, Zurichen. Haren lanik esanguratsuenen artean aipatzen dute adituek, eta haren teatroa ulertzeko moduaren adierazle nagusitzat jotzen dute. Ordura arte indarrean zen identifikazio bidezko antzerkiarekin hautsi, eta ikuslea ikusten ari zenari buruz gogoeta egitera bultzatzea zen autorearen asmoa. Hamaika hizkuntzatara moldatu dute geroztik obra, eta ehunka egokitzapen egin dizkiote. Orain arte sekula ez zuten euskaraz antzeztu, ordea. Kepa Errastik egokitu du testua, eta zuzendari laguntzaile ere izan da.

«Bere seme-alabekin batera oinez doan ama baten istorioa kontatzen du», laburbildu du Goirizelaiak antzezlana. Gerra betean negozioa egitea da ama horren asmoa, eta gerrari segika joango da horretarako, bateko zein besteko bandoekin salerosketan, harik eta, azkenean, hiru seme-alabak gerran galdu ostean, bakarrik geratuko den arte. Dena galduta.

Euskara sendotzea

Brechten lana nabarmendu du Irazabalek. «Testua oso handia da; nik katedrala esaten diot». Haren hitzetan, amak «azkar-azkar» hartu behar ditu erabakiak antzezlanean, eta momentu bakar batean hartutako erabaki horien gatibu bilakatuko da gerora. Humanismo eta egoismo nahaski moduko bat da amaren pertsonaia, berriz, Lazkanoren hitzetan. «Sarraskijale bat da ama, eta, agian, latza dirudi ama bati buruz hori esateak, baina bizirik ateratzea besterik ez du buruan berak, eta ez du inolako erreparorik, adibidez, soldadu bati prakak kendu eta saltzeko».

«Ezinbesteko obra bat da hau teatro publiko batentzat». Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendariaren ustez, Ama kuraia-ren pareko ekoizpenak egitea da antzokiaren betebeharretako bat, eta baita halakoak euskaraz ematea ere. «Euskarara itzulitako lanen kopurua ere sendotzea da asmoa, eta oso garrantzitsua da bultzada hori ematea, Ama kuraia-ren euskarazko itzulpen bat ere egon dadin».

Hainbat moldaketa egin ditu Goirizelaiak Bilbon taularatuko duten bertsioa sortzeko. Kendu egin ditu, adibidez, jatorrizko bertsioan protestante eta katolikoen arteko gerrari buruz datozen erreferentziak, eta «denboraz kanpoko» gune bat sortzea erabaki du. Gainera, Euskal Herriari buruzko erreferentziak ere txertatu dizkio. «Ez zuen zentzurik Ama kuraia bat egin eta gure markarik ez eramateak».

Horrez gainera, Goirizelaiak gerraren bilakaera historikoa ere kontuan hartu nahi izan du eszenaratzean, eta horregatik atera du pieza guda zelaien lokatzetik. «I. Mundu Gerran, militarrak izan ziren hildako gehienak;II. Mundu Gerran, parekatu egin ziren hildako militarren eta zibilen kopuruak, eta gaur egungo gerrak zehatz-argiak dira, zibilak baitira haietan hiltzen diren gehienak. Eta hori ere kontatu nahi du gure lanak».

'Brechtarren' aurka

Zuzendariak gogoan hartu nahi izan ditu gerra-arma gisa erabiltzen diren emakumeen bortxaketak ere, eta Brechten testuan gertakari horiek salatzen dituzten aipamenak ere berreskuratu ditu horretarako.

Jatorrizko lanaren musika ere egokitu dute. We Are Standard taldeko Jon Agirrezabalak egin ditu egokitzapen lanak alor horretan, eta Paul Dessau konpositoreak idatzitako liburuxka izan du abiapuntu. Elektronikara eraman du oinarri hori, ordea, eta euskal musikagintzari keinu egiten dioten pieza berri batzuk ere sortu ditu. Eta ez da gisa horretako keinu bakarra: Jose Luis Raymond eszenografia egileak ere Euskal Eskultura Berria izan du buruan antzezlanarentzako eszenak osatzeko. Bilboko Koral Elkarteko Euskeria koruko 25 abeslarik lagunduko dituzte oholtzan eszena musikalak, eta Carlos Imazek egin ditu ahots moldaketak horretarako. Eva Guerrerok sortu ditu piezako mugimendu eszenikoak, eta Betitxe Saituak sortu ditu jantziak.

Bieitok lantaldearen kalitatea nabarmendu du, batetik, eta, bestetik, Brechten antzezlana ere aldarrikatu nahi izan du, hari buruz egin diren interpretazioen gainetik. «Brechtarrak dira Brechti gertatu zaion okerrena», esan du. «Funtsean, antzezlan bikain bat da Ama kuraia, Shakespeareren lanak bezala, poesiaz, bortizkeriaz eta amorruz beteta dagoen eta gizateriari ekarpen bat egiten dion antzezlan bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.