NOBren bi aukerak: Jokoen datei eustea, edo datozen bi urteetan egitea

Lau asteko epea eman dio bere buruari behin betiko erabakia hartzeko. Kirolarien aukerarik gogokoena da datorren urteko uztailean egitea. Bertan behera uztea «ez dago agendan»

Olinpiar Jokoen atzerako kontua adierazten duen erlojua, maskarak dituzten pertsonaz inguratuta. KIMIMASA MAYAMA / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisia dela-eta hainbat herrialdetako olinpiar batzordek Tokioko Olinpiar Jokoak zegokien datetanuztailaren 24tik abuztuaren 9raegitearen aurka azaldu eta gero, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) estreinakoz onartu zuen Jokoak epe horretan ez egiteko aukera dagoela. «Atzeratzeko aukera» jarri zuen mahai gainean, eta berretsi zuen bertan behera uzteko aukera ez dagoela «agendan». «Horrek 11.000 kirolariren ametsa zapuztuko luke, eta ez dugu onartuko», adierazi zuen Thomas Bach presidenteak.

NOBk lau asteko epea eman dio bere buruari erabaki irmo bat hartzeko: «Guk ere dilema bat dugu. Lau asteko epea jarri diogu geure buruari erabakia hartzeko, birusaren garapenaren inguruko xehetasun gehiago izango ditugulako. Gainera, atzeratuz gero, gauza asko birmoldatu beharko lirateke. Egoera konplexua da. Baina lehentasuna osasuna da».

Igandean gero eta gehiago ziren NBOri Jokoak beste data batzuetan egiteko eskatzen ziotenak. Baina erabakigarria izan zen Ameriketako Estatu Batuetako igeriketako eta atletismoko federazioen eskaria, parte hartzaile eta baliabide ekonomikoen aldetik bi indartsuenak baitira. Hala, presazko bilera telematikoa egin zuten, eta horren ostean etorri zen iragarpena. Bertan behera uztea aukeren artean ez dago, baina hiru dira NBOk dituen aukera nagusiak: hasierako datei eustea, datorren urtera atzeratzea, edo bi urte barru egitea.

Jokoak antolatzeaz arduratzen den Tokio 2020 batzordea mintzatu da argien datak ez aldatzearen alde. Yoshiro Mori batzordeko buruak argi esan zuen: «Atzeratzearena aukera bat besterik ez da. Gu Tokio 2020 gara, eta horrekin uste dut dena esan dudala». Morik gogorarazi zuen jada bost milioi sarrera saldu direla Olinpiar Jokoetarako, eta 1,7 milioi Paralinpiar Jokoetarako. Guztira 83 milioi dolar diru sarreretan (77.267.146 euro). Halaber, gaineratu zuen olinpiar hirian eraiki diren etxebizitzak salduak dituztela Jokoen ondorengorako, eta jabeek, berez, urritik aurrera dutela bertan bizitzeko aukera. Babesleekin dituzten kontratuak ere hor daude, eta haien presioei ere aurre egin beharko die NOBk. Kontuan izan behar da Tokioko Olinpiar Jokoen aurrekontuaren %73 babesle eta telebista eskubideetatik lortzen duela antolakuntzak. NBC telebista kateak jartzen du diru gehien. 2014-2020 eperako 4.380 milioi dolar jarri zituen (4.075.000 euro).

Baina zail dirudi Jokoak uztailean izatea. Batetik, ez dago argi zer bilakaera izango duen koronabirusak; bestetik, bi Olinpiar Batzorde garrantzitsuk, Australiakoak eta Kanadakoak, argi adierazi zuten atzo ez dituztela beren kirolariak bidaliko Jokoak uztailean egiten badira. Gainera, kirolarietako asko behar bezala prestatu ezinik daude, herrialde askotan dagoen konfinamenduaren ondorioz. Datozen asteetan jokatzekoak ziren sailkapen torneo eta probak ere bertan behera geratu dira. Horrek ere dena zailduko luke. Egutegian apenas geratzen delako denbora, eta kirolari gehienek ez dute begi onez ikusten gonbidapenen sistema. Oraintxe bertan kirolarien %57 daude sailkatuta, baina beste %43 falta dira. Urtea amaitu baino lehen jokatzearen aukera ere aipatu dute beste batzuek, baina esandako arrazoiengatik zaila dirudi.

Eurokoparekin egin den moduan, beste aukera bat 2021era atzeratzea litzateke. Kirolarien gustukoena da. Izan ere, modu naturalean jarraitu ahalko lukete beren prestakuntza, eta Jokoen ostean erretiroa hartzeko asmoa zuten kirolariek urtebete baino ez lukete luzatu behar beren kirol ibilbidea.

Baina hor traba nagusia egutegia da. Izan ere, nazioarteko hainbat txapelketa garrantzitsu daude aurreikusita datorren udarako, sona handikoak: Munduko Igeriketa Txapelketa Japonian bertan Fukuokan dira egitekoak,eta atletismokoak Eugenen, AEBetan. Olinpiar Jokoak heldu den urtean jokatzeak txapelketa horiek dataz aldatzea ekarriko luke, eta horiek antolatzen dituzten federazioei arazoa eragingo lieke babesleekin, telebistekin eta hiri antolatzaileekin dituzten kontratuekin.

Hirugarren aukera bi urte barru egitea izango zen. Urte bikoitia izanda, kirol egutegia ez litzateke egongo horren betea udan. Gainera, oztopo nagusia futboleko Munduko Kopa izango zen. Baina kasu honetan, estreinakozneguan jokatuko da txapelketa: azarotik abendura, Qatarren.

Baina bi urte asko dira kirolari baten ibilbidean. Gerta liteke egun sailkatuta dauden kirolariak sasoitik at edo erretiroa hartuta egotea, izar berriak agertzea... Litekeena da, halaber, telebistek eta babesleek kalte-ordaina eskatzea. Gainera, urte horretan bertan Neguko Olinpiar Jokoak daude iragarrita Pekinen, eta bi urte faltako lirateke soilik Parisko Olinpiar Jokoetarako.

Futbola eperik gabe

Bestalde, atzo batzartu ziren Espainiako Futbol Federazioa eta Espainiako Futbol Liga profesionala, eta erabaki zuten eperik gabe atzeratzea Espainiako Lehen eta Bigarren Mailako partidak, baita Athletic eta Reala jokatzekoak ziren Espainiako Kopako finala ere. Gutxienez Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak iraun arte hartu zuten erabakia.AFEk kezka azaldu zuen futbolarien lan baldintzetaneragin dezakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.