Eraldaketa baten aurpegiak

Donostiako Zinemaldiaren 1976tik 1985era arteko 30 argazki jarri dituzte Tabakaleran, 'Zinemaldia trantsizioan' erakusketan. «Esperimentazio, demokratizazio eta politizazio garaiak» islatzen dituzte

Francoren diktadura garaian erbesteratuak edo zentsuratuak izan ziren zinemagileen argazkiak jarri dituzte erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Lehen argazkia: bandera frankistak Viktoria Eugenia antzokiaren barnealdean. Bigarren argazkia: protesta jendetsuak Viktoria Eugeniaren kanpoaldean, Guardia Zibilak Josu Zabala hil izana salatzeko. Francisco Franco diktadorea hil ondoko garai «sutsu eta aztoragarri» horiek Donostiako Zinemaldian zer-nolako isla izan zuten erakusten du Zinemaldia trantsizioan: Donostia Zinemaldia aldaketaren urteetan (1976-1985) erakusketak. Kutxa Kultur plazan jarri dute, Tabakaleran, Donostiako Zinemaldiak, Kutxa fundazioak eta Elias Kerejeta zine eskolak antolatuta.

Pablo la Parra eta Irati Crespo dira komisarioak, Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa proiektuaren barruan. 30 argazkik osatzen dute erakusketa, eta ikusteko moduan egongo dira 2022ko otsailaren 20ra arte.

Iraganarekiko haustura irudikatzen duten argazkiak aukeratu dituzte, La Parrak azaldu duenez. Izan ere, Franco hil ondorengo garaietako gorabeherek eragin handia izan zuten jaialdian: «Esperimentazio, demokratizazio eta politizazio garaiak izan ziren». Baita ezegonkortasun handikoak ere, Donostiako Zinemaldiak A kategoria galdu baitzuen 1980. urtean, bost urterako. «Hor jarri ohi da arreta, tarteko garai bat balitz bezala. Irudi hauek, berriz, erakusten dute orduan ezarri zirela egun jaialdiaren ezaugarriak diren elementu batzuk».

«1953an sortu zenetik, zinemaldia, beste gauza askoren artean, tresna oso erabilgarria izan zen diktadura frankistaren diplomazia kulturalarentzat». Horren ondorengo aroa irudikatzeko aukeratu dute Zabalaren hilketa: «Mobilizazio handiak izan ziren, eta jaialdiari eragin egin zion, film batzuk kendu baitzituzten lehiatik eta Espainiako hedabide batzuek ez baitzuten jaialdiaren berri eman, jarrera publiko bat har zedila eskatzeko. Ez zen halakorik gertatu».

Zinemaldia barrutik aldatu zen. Urteetan «egitura zaharkitu bat» eduki eta gero, jaialdia Donostiako hiriaren esku geratu zen 1977an, eta gobernu organoak berritu zituzten: artista antifrankistak sartu ziren, baita auzo elkarteetako eta zineklubetako ordezkariak ere, eta zinemaldia eraldatzearen alde buru-belarri aritu ziren pertsona batzuk ere bai, hala nola Luis Gasca eta Jose Angel Herrero-Velarde.

Diktaduran erbesteratuak edo zentsuratuak izan ziren zinemagileei leku bat eskaini diete erakusketan; besteak beste, Luis Buñuel eta Antton Ezeiza ageri dira hor. Kaleko mobilizazioek pantailaren bi aldeetan zer eragin izan zuten ere erakutsi dute: elkarren ondoan ageri dira Latinoamerikako diktaduren kontrako protestak eta El proceso de Burgos filmaren kartela.

Garai hartan, jaialdiak bestelako forma eta estetika batzuk txertatu zituen programan. Komisarioek bi figura «paradigmatikorengan» jarri dute arreta: Pedro Almodovar eta Ivan Zulueta. «Urte haietako zinemarik erradikalenaren geroaren aurkia eta ifrentzua», La Parrarentzat.

Herriak eta feminismoa

Komisarioak bereziki nabarmendu du ikusleen demokratizazioa: nola Auzoak eta Herriak programak, 1977 eta 1985 artean, emanaldiak eta hitzaldiak antolatu zituen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herritan, programazio ofizialaren barruan. «Herritar guztientzat, prezio apalean, eta asanblean erabakitako egitarauekin: mundu osoko zinemaldietan izan den esperientzia sozial eta politikorik interesgarrienetako bat da».

Hurrengo argazkietan ageri dira Paula Delsol, Rosine Grange, Nelly Kaplan, Marta Meszaros eta Vivian Ostrovsky emakume zinemagileak, besteak beste. Izan ere, Donostiako Emakumeen Asanbladak zinemaldiari eskatu zion emakumeen lanei buruzko sail bat osatzeko, eta hark onartu egin zuen. Artista queer batzuk daude ondoko argazki multzoan, LGTB borroka erakusteko asmoz: «Batzuek beren gorputza jarri zuten aldarrikapen gisa, kolektibo ez-heteronormatiboen borrokaren alde».

Erakusketako azken taulak 1980ko urteetako irekitasuna erakusten du: Alaska y los Pegamoides taldearen kontzertu bat eta Guadalupe Etxebarriak sortutako Bideo jaialdia, «gertakari garrantzitsu bat euskal artearen historian». Azken irudietan, Pepa Flores ageri da; Caso cerrado filmaren aurkezpenean lehenik, eta Pakito Arriaranen aldeko omenaldi batean ondoren, ukabila altxatuta, Arrasaten (Gipuzkoa).

Zinemaldia 70-en hirugarren erakusketa da Zinemaldia trantsizioan. Datorren urtean amaituko da proiektuaren lehen fasea, Donostiako 70. Zinemaldia egingo baitute irailean, baina aurrerantzean ere jaialdiaren historia arakatzen eta hedatzen jarraituko dutela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.