Etenik gabe plaza hartzea

Gaur hasiko da Literaturia, euskarazko literaturari bakarrik eskainitako jaialdia, Zarautzen. 'Eten' hitza hartu dute aurten gaitzat. Liburu azokaz gain, aurkezpenak, ikuskizunak eta solasaldiak izango dira

Urtero bezala, liburu azoka izango da Lege Zaharren plazan, bihar eta etzi, eta bertan egingo dituzte liburu aurkezpenak ere. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Leku mudatzeak, data aldaketak eta askotariko formatu zein egitarauak bizi izan ditu urteotan, baita pandemia bat ere tartean, baina Literaturiak ez du ibilbidea eten. Udaberriarekin iritsi da, beste behin ere, euskarazko literaturari huts-hutsean eskainitako jaialdia; iaz, maiatzaren bukaeran izan zen, eta hilaren lehen asteburua hartuko du aurten, gaur bertan hasita. Ohi bezala, Zarautz (Gipuzkoa) «euskal letren plaza» bihurtzeko egitarau zabala prestatu dute. Literaturak hartuko du plaza berriro ere. Eta bere ibilbidea definitzeko balioko ez lukeen kontzeptu bat hautatu dute aurtengo gaitzat, hain zuzen ere, iradokitzailea delakoan: eten.

Asteburuko egitarauaren atariko gisa, gaur iluntzeko ekitaldiarekin inauguratuko dute jaialdia, 20:00etan, Modelo aretoan. Jon Benito idazleak Literaturiarako prestatu duen manifestua irakurriko du, eta, ondotik, Azken oturuntza ikuskizuna aurkeztuko dute Aner Euzkitze, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Aranak; jaialdirako espresuki prestatu du laukoteak lan hori. Zortzi euroan izango dira sarrerak salgai; liburuak erosteko hiru euroko bonua jasoko du sarreraren erosleak.

Bihar, berriz, eguerdian hasiko da programazioa, Lege Zaharren plazan. Bertan, 11:30ean irekiko dute liburu azoka, eta, 12:00etan, inaugurazio ekitaldia egingo dute leku berean. Iruñeko Karrikiri elkarteari aitortza egingo dio jaialdiak aurten, eta Manu Urbieta artista zarauztarrak sortutako oroigarria emango dio, «oro har euskal literaturaren eta euskal kulturaren alde egin duen eta egiten duen lan guztiagatik». Liburu azoka 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Halaber, goizean zein arratsaldean, Ahotsenea sortzaileen gunean askotariko aurkezpenak egingo dituzte. Plazako karpan izango dira guztiak: goizekoak, azoka zabalik den ordutegi berean; eta arratsaldekoak, berriz, 18:00etatik 20:00etara.

Modelo aretoan ere aurrera jarraituko du egitarauak, etenik gabe. Hala, 12:30ean, Erreteneko kronikak saioa hartuko du aretoak, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko kideen eskutik. Loreak belaunetan dokumentala erakutsiko dute lehenik, eta, ondoren, mahai ingurua egingo dute Amagoia Gurrutxaga kazetari eta Lanarteako koordinatzaileak, Koldo Izagirre idazleak, Eneritz Artetxe antzezleak eta Ainara Azpiazu Axpi irudigileak.

Arratsean, berriz, Hitz esana performance poetikoa eskainiko dute Mejillon Tigre bikotea osatzen duten Ane Garciak eta Eider Perezek. Doan izango dira bi ekitaldi horiek. Ondotik, eta eguneko egitaraua ixteko, Kalakan musika taldeko Jamixel Bereau, Pierre Sangla eta Xan Errotabehere igoko dira Modeloko oholtza gainera. Sarrera zortzi euroan erosi ahalko da, eta liburuetarako hiru euroko bonua izango du erosleak.

Literattipia ere, martxan

Etzirako, beste bi ekitaldi prestatu dituzte, Modelo aretoan biak ere. Mare errezital musikatua izango da lehenik, izen bereko liburua oinarri duena: Jon Martinek gidatuko du saioa; Iñigo Martinezek, Ana Galarragak eta Udane Juaristik parte hartuko dute, eta hainbat idazlek eta udalerriko sei ikaslek beren poemak irakurriko dituzte, Idoia Asurmendiren musikaren laguntzaz. Ondotik iritsiko da Literaturia itxiko duen saioa: Itziar Ugarte, Uxue Apaolaza eta Ines Osinaga elkartuko dira oholtzan, Bihurguneak eta bideak elkarrizketan izenburupean.

Bestalde, eta ohi bezala, haurrentzako jarduerarik ere izango da Literattipia atalaren barruan. Bihar, Basoko sekretuak ipuin kontaketa musikatua egingo dute Amaia Elizagoienek eta Irati Celestinok, Etxezabala aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.