Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Harro

2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Zerekin harrotzen garen, horra hor nor garen argitzeko balizko irizpide bat. Edo hobe esanda, norekin. Badira futbol talde kuttunaren garaipenek puzten dituztenak, lagunaren pozak baino grina handiagoz ospatzen dituztenak golak, errekorrak edo saskiratzeak. Badira euren enpresaren osasun ekonomiko onak harrotzen dituenak, eta baita belaunaldikide baten lorpenak propioak balira bezainbeste gozatzen dituztenak ere. Euskarak irabazten duen zentimetro oro ospatzeko modukotzat dutenak badira, eta kontrara, ez dutenak ezer harrotzekotzat jotzen, bidean euskarak behar besteko tokirik ez badu.

Neuk ere ez dakit oso ongi nor naizen, baina badakit harrotasun moduko bat sentitu dudala Intimidad telesaila ikusi dudanean. Baita nazioartean harrera beroa izan duela konprobatzean ere. Ez da, ordea, kanpoan jasotako errekonozimendua ni poztu nauena. Txikitik hasita eta mimo handiz egin du bidea Txintxua Filmsek, eta Netflixerako telesaila ekoitzi duenean ere, nabarmena da beren lan gehienetan antzematen den sentiberatasuna. Bideo sexual pribatuen balizko zabalkundea aitzakia hartuta, gure gizarteak emakumeak epaitu, zigortu eta kontrolatzeko dituen mekanismo ugariak arakatzen ditu telesailak. Gai ezin aktualagoa dena EAJko Bilboko hautagai baten azalean garatu dute. Bizkaiko hiriburuan kokatua dago mundu osoan kontzientziak zirikatuko dituen istorioa. Ondo dago harilkatuta, pertsonaien multzoak gaiari merezi duen poliedrikotasuna ematen dio; eta, irudiei dagokienez, gogoan iltzatzen diren dozena bat plano utzi dizkigu.

Telesaila ez da (nagusiki) euskaraz. Hori aukera galdutzat jotzea analisi traketsa iruditzen zait, ordea: euskarazko dialogoak ez dira gutxi, eta azpidatzita ikus daitezke beste hizkuntzetan, baita bikoiztuta ematen direnetan ere. Baina are pozgarriagoa dena: telesaila lan fina egin duten euskal aktorez josia dago. Horien artean ez dira gutxi urteotan fikzioa egiteko aukera urriak izan dituztenak. Intimidad-ek, ongi bidean, euren gaitasuna aldarrikatzeko eta ate berri batzuk zabaltzeko aukera emango die. Ez dut lagun minik lantaldean, ez dira senitartekoak edo adinkideak, baina harro nago. Harro gure ekosistema bertsuan dabiltzan profesional asko eta askok zeinen lan fina egin dezaken erakutsi dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.