Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Atea zaintzen

2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Asteartean Marokok Espainiari irabazi zion Qatarko Munduko Kopan. Hiru gol sartu zizkion penaltietan, baina ez da lehen aldia Marokok gol bat sartzen diona Espainiari. Melillako eta Ceutako mugak gatazka gune garrantzitsuak dira bi herrialde horien harremanetarako. Zoritxarrez, ohikoak egin zaizkigu bi herrialdeak banatzen dituen harresia gurutzatzen saiatzen diren pertsonei egiten zaizkien tratu txarrak. Fernando Grande-Marlaskak azkeneko tragediaren ardura saihestu nahi du, baina ekainaren 24an Melillako harresian gertatukoaren aurrekari asko izan dira azken urteetan.

2014. urtean, 500 pertsona harresia gurutzatzen saiatu ziren. Espainiako Guardia Zibilak pertsona horiek zuzenean Marokora itzuli zituen, eta pertsona horiei asiloa eskatzeko eskubidea ukatu zitzaien. Kasu hori Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman zuten abokatuen testigantzak jaso dituzte Gourougou trial dokumentalean. Netflixen ikusgai dagoen dokumental labur horrek prozesu judizialera gerturatzen gaitu. Melillako harresian egon ziren bi pertsonak beraien eskubideak erreklamatzeko prozesua oso luzea izan zen, eta bost urte pasatu ziren auzitegiaren azken erabakia jakiteko. Auzitegiak Espainiako Gobernuaren aldeko epaia eman zuen.

Prozesu judizialean egon zen Hanaa Hakiki abokatuak honako hau esan zuen epaia ezagutzerakoan: «Epaiak Europako mugen egoera okertuko du». Zoritxarrez, arrazoi zuen: egoerak okerrera egin du Europatik at datozen pertsonentzat. Europako Batasunak Turkiari eta Marokori ordaintzen die mugatik at polizia lanak egiteko. Mugara iritsi baino lehenago, Turkiako eta Marokoko poliziek muga zeharkatu nahi duten pertsonak jazarri egiten dituzte beraien helburua lor ez dezaten. Horrez gain, Melillako harresiaren altuera handitu egin dute. Horrek migrazio bideak aldatzea eragin du, eta Europara iritsi nahi dutenek bide arriskutsuagoak hartzen dituzte.

Espainiako selekzioko atezainak atea ez zuen ondo zaindu Qatarren, eta baloiak hirutan harresia zeharkatu zuen. Kasu honetan, Espainiako selekzioa bere etxera erbesteratu dute. Marokon, aldiz, jendea kalera irten da garaipena ospatzera. Bitartean, Gurugu mendian zain daude Europara iritsi nahi duten pertsonak, futbolaren gazi-gozoak partekatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.