Mika baten 40 urteko hegaldia

Azken nobela eman du argitara Bernardo Atxagak: 'Etxeak eta hilobiak'. 1972tik gaurdainoko tartean jarri ditu pertsonaiak, sei ataletan zatikatuta. «Bazterragoko» lanekin segitzeko desioa agertu du

Bernardo Atxaga idazlea, atzo, Etxeak eta hilobiak nobelaren aurkezpenean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bernardo Atxagaren (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) nobela berria, eta azkena. Koldo Mitxelena kulturuneko aretoa goraino, Pello Eltzaburu Pamielako editorea eta Frantxis Lopez-Landatxe Koldo Mitxelenako zuzendari ohia ondoan zituela aurkeztu zuen idazleak, atzo, Etxeak eta hilobiak, Donostian. Beste nobela bat ekarriz heldu zion bereari: Leon Tolstoiren Hadji Murat. Tolstoik kardulatz zapaldu bat lurrean ikusi, eta irudi horretatik atera zuelako nobela osatzeko behar zuen guztia. Marcel Proustek magdalena bat usaintzea aski izan zuen bezala «memorian prezipitazio bat eragin», eta zazpi liburu idazteko. Irudi bat delako maiz liburu baten genesia, eta hala gertatu zaiolako bere lan berriarekin.

Txori bat izan da bere kardulatza, bere magdalena. Mika bat, zehazki. Kontatu duenez, Madrilgo El Pardo kuartelean ezagutu zuen mika hori, soldadutzan zela, eta, ordutik, 40 urtetik gora egin ditu hegaztiak bere memorian. «Sumatzen nuen mika hau ez zela nolanahikoa, bere inguruan gauza asko jasotzen zituela. Batez ere, kuartel batean gertatzen zelako. Zerbait kuartel batean gertatzeak esan nahi du jende oso arruntaren artean gertatzen dela. Ez gaude Tolstoiren dantzaldi aristokratikoetan, ez gaude Prousten giro burgesetan. Gu gaude nekazari, kamarero, taxista, aktore eta horrelako jende baten artean». Eta jende hori interesatzen zaio Atxagari, hor sentitzen da tarteko. «Kuartela, azkenean, kartzela bat da, eta bertan dagoen jendea harrapatuta dago; horregatik, esaterako, adiskidetasuna murruz barrura ez da askatasuna murruz kanpora, beste zerbait da».

Mikaren irudia izan arren, narrazioa behin baino birritan abaildu zitzaion idazleari. Paueko kolegioan emaniko uda bat gogora etorri, eta lehen pertsonaia ikusi zuen arte: Frantziara frantsesa ikastera joan eta mutu itzuli zen mutikoa. Elias. Haren istorioa idatzi ahala, inguruko pertsonaiak eraiki «beharrak» eman zion segida kontakizunari. «Poema bat egiteko ez da pertsonaiarik behar, nahikoa da autorearekin. Ipuin bat egiteko ere, ez da askorik behar. Baina 400 orrialdeko nobela bat egiten duzu pertsonaien bidez, edo ezin da, horiek dira zutabeak». Eliasekin batera ageri dira nobelan bi anaia biki, Baionara psikiatra batengana doan ingeniaria, ospitalean dagoen neskatoa, sindikatu bateko aldizkarian dabilen gaztea... Bada, atal batean bigarren lerroko pertsonaia dena, zentral bihurtuko da hurrengoan; batean haur dena, helduaroan azalduko da ondorenean.

Mugimendua hitzez jasotzea

«Ibai bakarrera jotzen duten errekak» dira eleberriko piezak, liburuaren kontrazalean irakur daitekeenez. Sei atal dira denera, eta guztietan zehazten da urtea, batean izan ezik: lehen atala 1972. urtean kokatzen da; bigarrena 1970ean; hirugarrena 1985-1986an; laugarrena 2012an; bosgarrenak ez du datarik, telebista barruan gertatzen delako; eta seigarrena 2017an. «Idazleak hori egiterakoan baieztapen bat egiten du, eta da: 'Nik gogoan hartuko dut historia'. Obabakoak-en ez dago inolako datarik, egunkaririk, historiarik. Hemen, berriz, urteak markatuta, derrigorrez dago historia. Garaiak kutsatu egiten du atal bakoitza; ez da bakarrik objektuak aldatzen direla, aldatzen da gizartea, hitz egiteko era, dena».

Prosaren gardentasuna defendatu zuen Atxagak. «Autoaren aurreko kristaletik atzean dauden paisaiako elementuak ikusi behar dira». Alor horretan, Asun Garikanorekin egindako edizio lana nabarmendu zuen. «Ia zilegi litzateke esatea gure prosa dela. Azken lau hilabeteetan egunero-egunero jardun dugu elkarrekin testua prestatzen». Auzia zera da, ordea, idazlearentzat: prosa ezin dela inoiz erabat gardena izan. «Ez da posible». Hizkuntza bera nobeletan «gaia» bihurtzen dela uste du, eta «irisazio batzuk» markatu dizkiola, hala, hizkuntza gardenari. «Laugarren atalean, testuak hartzen du Agatha Christieren irisazioa; esaterako».

Idazterakoan, aldez aurretik duen helburu nagusietako bat «mugimenduarekin mugimendua egitea» dela ere erantsi zuen idazleak. «Garai batean esaten zen izarrak ez zirela aldatzen, finko zeudela zeruan, itsatsita bezala. Egun bistakoa da mugimendua leku guztietan dagoela, ez dagoela leku etereorik, eta baldin badago leku bat batere etereoa ez dena, hori gure burua dela». Hori biltzea da idazlearen erronka handi eta interesgarriena harentzat: «Errealitatearen mugimendu ahalik eta gehien jasotzea, ahalik eta zuzenen; noski, mugimendua duen testu batekin».

Baina jaso ezin daitekeen mugimendu bat ere badago. Atxagak «alde poetikoa» deitzen duena; poesiak baino atera ezin dezakeen errealitatearen alderdi bat. «Horretaz konturatzen gara, adibidez, musika entzutean: hor azaltzen den paisaia eta errealitatea ez da pentsamenduarena, beste zerbait da». Liburuak badu atzetik ideia poetiko bat, idazleak Atahualpa Yupanquiren kanta batetik atera zuena: «'Ur hariak harri artean'. Bizitza aurrera doa, baina zailtasunez beteta dago; baina badoa».

Lana aurkezterako, iragarria zuen Atxagak hau izango dela bere azken nobela. Berretsi egin zuen atzo asmoa: «Lan itzela da. Nobela batean denak batasun bat izan behar du, eta horrek hil ala biziko arauak dauzka. Euskaraz idazteak balio politikoa du, baina hemen artista autonomoa izatea... hori ere kartzela bat da. Beraz, esaten duzu: 'Hau egingo dut, eta kito'». Batetik, hori. Eta, bestetik, literaturaren ingurumarietan asko ikusi eta pasatu dituela ere aipatu zuen, eta baduela horren inguruan idatzitakoei heltzeko gogoa ere. «Pentsatzen dut beste lan asko ere egiten ditudala, askoz ere bazterragokoak. Marx anaien gidoigileak esaten zuen: 'Miniatura batek mural batek baino balio handiagoa eduki lezake, poetikoa zein literarioa'. Sistemak ez dizu hori onartzen. Ba, nik, pixka bat desio hori daukat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.