Albistea entzun

Brouarden kontsultan

Harkaitz Cano idazleak eta Adur Larrea marrazkilariak Santi Brouard mediku eta politikariaren bizitza ardatz duen komiki bat kaleratu dute: 'Antzara eguna'
Harkaitz Cano idazlea eta Adur Larrea marrazkigilea, Bilbon, Santi Brouard mediku eta politikariari eskainitako komikia aurkezten.
Harkaitz Cano idazlea eta Adur Larrea marrazkigilea, Bilbon, Santi Brouard mediku eta politikariari eskainitako komikia aurkezten. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2019ko azaroak 20

Tabako keak erabat lainotutako gela batean, gradualki afaloste bilakatu arte joan da luzatzen lau lagunen bilkura: Maurice Ravel zuberotarraren boleroa proposatu du batek etortzekoa den euskal estatuaren ereserkitzat, Ruben Blades abeslariaren Noe izeneko abesti kitsch-a proposatu du beste batek bromati, eta asanbleak erabakiko duela adostu dute, Europako Batasunak kezkatzen ditu, artearen egitekoaz mintzo da beste bat, Ronald Reagan eta Margaret Thatcher kontserbadoreen goraldia darabilte, ardura azaldu du haietako batek Komando Autonomoek Enrique Casas senataria hiltzeak izango dituen ondorioei buruz, Svetlana Savitskaja kosmonautaren espazioko paseoak liluratzen ditu... Oraindik pintatzeko dirudi munduak haien ahotan. Santi Brouard da lau lagun horietako bat: pediatra, HASI alderdiko lehendakari, HBko mahai nazionaleko kide, Bilboko alkateorde eta parlamentaria. Egun batzuk baino ez zaizkio gelditzen bizirik, harik eta, 1984ko azaroaren 20an, Luis Morcillo eta Rafael Sanchez Ocaña sikarioek bere kontsultan tiroz hilko duten arte, Espainiako Gobernuak jarritako diruarekin. Ezaguna da kasua, baina, hilketaren nondik norakoez harago, Brouarden alderik intimo eta pertsonalena ere erakutsi nahi izan dute Harkaitz Cano idazleak eta Adur Larrea marrazkigileak Antzara eguna komikian (Txalaparta). Eta horregatik, adibidez, bilkura kaotiko horren erretratua.

«Ez nuen nahi thriller hutsa izan zedin», onartu du Canok. Berez, telebistarako film bat egitea zen hasierako asmoa. Horretarako enkargua egin zion ekoizle batek, eta martxan jarri zen idazlea: elkarrizketatu zituen mediku eta politikariaren gertukoak, arakatu zituen garai hartako egunkarien hemerotekak, ikusi zituen dokumentalak, eta, gidoia prest zeukala, atzera bota zuten. «Hemen ez dago pelikularik». Egindako lana komiki bilakatu zezakeen galdetu zion orduan Canok, eta hala heldu zen Adur Larrea proiektura.

Elkarrekin egin dute telebistatik papererako moldaketa lana. «Komikietarako, asko sintetizatu behar da istorioa», azaldu du marrazkilariak, «eta hori izan da lan gehien eman diguna».

Hiltzaileak Brouardi jarraitzen hasten diren unetik hiltzen duten egunera artekoak kontatzen ditu komikiaren istorio nagusiak, baina politikariaren nortasunaren eta egunerokoaren berri ematen duten bestelako kontakizunak ere txertatu dituzte Canok eta Adurrek komikian. Ematen dute haren jarduera politikoaren berri, azaltzen dute haren pediatra lana, badago haren familia giroaren erretratu bat, eta Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroken lekukotza ere bai. Horiek, besteak beste.

Benetako gertakariak daude kontatzen duten guztiaren oinarrian, baina fikzio bidez lotu dituzte hariak gero.

Brouardek erabili ohi zuen agenda baliatu du Canok idazketa prozesuan mundu batetik bestera jauzika ibili ahal izateko talisman modura. «Haren lagun batek utzi zidan larruzko tapa duen agenda hori, eta alboan izan nuen gidoia idazten nuen bitartean». Telefono zenbakiez gainera, enkargu txikiei buruzko oharrak ere bazeuden, eta, tartean, baita politikariak makinara pasatutako poemak eta aforismoak ere. «Fetitxe hori eduki nuen, eta komikian agertzen den fikzioa fetitxe horretan oinarrituta dago». Agendan Maurice Ravelen aipu bat agertzen zen, adibidez, eta horri tiraka sortu zuen Canok euskal estatuaren ereserkiari buruzko fikziozko solasaldia. Eta, agendan Eva Forest idazlearen telefonoa agertzen zenez, komikian Brouard eta haren arteko solasaldi bat sortzeko baliatu du detaile hori idazleak.

Garaiaren zama

Karikaturatik urrun dabiltza hiltzaileak ere. Txarrantxan harrapatuta gelditu den txakur bat erreskatatzeko lanak hartzen ditu sikarioetako batek, esaterako, eta beste bat maldizioka hasten da maletan gordeta daramatzan alkandora, pistola eta bestelakoen artean orrazia topatzen ez duenean. «Inoiz ez dakizu nolakoak diren, baina instrumentalizazio kriminal hutsetik haraindi doan pertsonaia mota bat nahi nuen», azaldu du Canok.

Garbia da Adurren marrazkera, eta, nagusi den zuri-beltzaz gainera, Brouard bizi zen garaiko komikietan erabili ohi zen trama puntudun bat ere baliatu du marrazkilariak ñabardurak eta itzalak irudikatzeko. Izan ere, garaiak zama du komikian. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako elementuak ikertu ditu Adurrek, esaterako, eta, garai hartako eraikinak eta autoak irudikatzeaz gain, orduko pintadak ere berreskuratu ditu horretarako. «Joera dut horrelako lanetan arkeologia lan pixka bat egiteko eta garaian garaiko iruditeria erabiltzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ikusten?

Ikusten?

Arantxa Iturbe

Alegian (Gipuzkoa) jaio zen, 1964an, eta ibilbide luzea du kazetaritzan zein literaturan. Batik bat, narrazioa jorratu du: Ezer baino lehen (Elkar, 1992) izan zuen lehen ipuin liburua, eta Lehenago zen berandu (Alberdania, 1995), Bakarrizketan (Alberdania, 2001), Kontu-jaten (Alberdania, 2006) eta Honetara ezkero (Susa, 2017) plazaratu ditu gero. Koadernoa zuri (Elkar) eleberria argitaratu zuen 2017an, eta antzerkia da egilearen hurbileko beste alorra.

Ikusten?
Bisitari bat Donostiako Ekain galerian, Amable Ariasen zenbait lanekin irekitako erakusketan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Nekez zeharkatzen diren ateak

Itziar Ugarte Irizar

Ahotik ahora dabil esaldia galeristen artean: «Garai zailak dira». Ez da berria sektorearen apaltzea, arte salmentaren urritzea, baina azken bi urteetako giro nahasiak eta arteak gizartean izan duen lekualdatzeak formula berriak lantzera behartu ditu sektoreko askotariko profesionalak.
James Hetfield abeslaria eta Kirk Hammett gitarrista, ekainaren 16an, Danimarkan. ©TORBEN CHRISTENSEN / EFE

Zalantza egunen ondotik, San Mamesen izango da gaur Metallica

Itziar Ugarte Irizar

Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, The Hellacopters eta Weezer ere ariko dira. 45.000 zalerentzako tokia dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...